Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-10-07 16:31:31
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2000-07-09 -- 1769.zenb

Arturoren kaiera


EAJ-REN 2000-2004 PLANA

Eusko Alderdi Jeltzalearen zuzendaritzan (EBB) idazkaria den Josune Ariztondok, alderdiak 2000-2004 urteetarako Euskara alorrean duen jarduera plana aurkeztu zuen ekainaren 28an. EAEko instituzioetan EAJk dituen kargudunak izan ziren bertan, eta baita euskalgintza munduko hainbat enpresa eta elkartetako ordezkariak ere, Kontseiluko zuzendaritzakoak barne. "Alderdiak harreman zuzen eta ohikoa behar du izan -hauteskunde kanpainak gaindituko dituena- euskararen gizarte azpiegiturekin", iragarri zuen Ariztondok bileran.


ALDIZKARI BERRIA ARBIZUKO PLAZARA

"Oihan Ederra" aldizkaria argitaratu du Arbizuko Zizkerte kultur taldeak, herrian burutzen diren ekimenen berri emateko asmoz. Herriko iragana eta oraina dituzte hizpide aldizkari kaleratu berrian; alabaina, arbizuarren memoria berreskuratu nahi izan dute. Ez dute diru laguntzarik izan, baina Udalak saltzen ez diren aleen ardura bereganatuko duela adierazi du.


EUSKAL HARREMAN SAREA ELGOIBARREN

Euskarazko harreman sarea ezarri dute Elgoibarren, Gurean Bai hitzarmenaren baitan. Hala, 20 elkartek eta Udaleko 7 departamentuk euren arteko harremanak (ahozkoak eta idatzizkoak) euskaraz izateko konpromisoa hartu dute. Bestalde, Gurean Bai hitzarmena sinatu zuten beste 28 entitateek euskarazko sarean parte hartzeko aukera izango dute.


EUSKALTZAINDIA SAREAN

Euskaltzaindiak web orria jarri du sarean. www.euskaltzaindia.net helbidean erakundearen historia, jarduera eta argitalpenez gainera, Akademiak erabakitako azken hizkuntz arauak eta Hiztegi Batua kontsulta daitezke. Euskaraz ezezik, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez eskaintzen du informazio guztia.

Aurpegia

Iņaki Otxoak "Hiru kortxea" musika saioa egiten du Gasteizko Hala Bedi irratian.
guztia irakurri

Bagak

Mundu zabalean lankidetzan dabiltzan euskal kooperanteei lagundu nahian, Euskadi Gazteko irratsaioak 2.800.000 pezeta (112.000 libera inguru) biltzea lortu du irailetik ekainera bitarte egin dituen zazpi enkante eta salerosketetan. Dani Arizala eta Ainhoa Urkiak entzuleek erakutsi duten portaera eta partehartzea eskertu nahi dute. Lortu diruarekin esaterako, Asier Bengoa kooperanteak josteko makinak erosi eta Bolivian gazteentzako tailer bat antolatu du; eta Amazoniako Piaroko haur-eskolan altzari eta liburuak izango dituzte orain

EZPALAK


ALTZ@NET PROIEKTUA MARTXAN

ALTZAKO Historia Mintegiak Altz@net proiektua aurkeztu zuen ekainaren 30ean. Proiektuaren lehen fasean Altzaren web orri bat jarriko dute Interneten, altzatarren komunikazio gune bihurtuko dena. Proiektuaren xedea altzatarren iragana ezagutarazi, orainari buruz informazioa eskaini eta etorkizuneko komunitatea garatzea da, Donostiaren menpekotasunik gabe.


USTEZKO HISTORIA ALDERDIKOIA

EKAINAREN 28an aurkeztu zuen Espainiako Historiako Errege Akademiak irakaskuntza ertainean irakasten den Historiari buruzko txostena. Hori burutzeko Espainiako Autonomia Erkidegoetako hainbat ikasliburu ikertu dute 300 akademikok. Txostenak Euskal Herriko ikasleei eskaintzen zaizkien edukien artean, bereziki kritikatu zituen ikastoletan ematen diren Historia eskolak. Eta bertan irakasten den Historia alde bakarrekoa eta alderdikoia dela dio. Txostenak Erein argitaletxeak argitaratu duen hainbat eskola liburu aztertu du. Horrez gain Galiziako Galaxia argitaletxearen lanak ere ikertu ditu eta Kataluniako hainbat ikasliburutan aurkitu dituzte desitxuraketak. Hezkuntza Ministerioak Humanitateen erreforma burutzeko baliatuko du txostena.


ONTZI ZAHARREN BERRIKUNTZA

PASAI Donibaneko Ontziola tradizionala ekainaren 26an inauguratu zuten eta 27an ekin zioten XVIII. mendeko ontzia egiteari. Amaitu ondoren, jendeari nabigatzen ikasteko aukera eman nahi zaio eta horrez gain, ontzia portuz portu joango da euskal portuen arteko harremana sustatzeko. Oarsoaldea Garapen Agentziak kultur ondare historikoa babestu eta turismoa erakartzeko bultzatutako Pasaiako Badia aisialdi eta kultur parkearen aurreneko proiektua da Ontziola. Baina parkearen asmo nagusia Ontzi Museoa sortzea da.


PABLO SARASATEREN DISKOA

PABLO Sarasate Orkestrak urrian hasiko duen denboraldi berria prestatu du jada. Zikloko 10 kontzertu eta hainbat emanaldi eskainiko ditu. Abuztuan gainera, Pablo Sarasateren lanen diskoa grabatuko du Naxos disko etxearen eskutik.


AUŅAMENDI OSOA SAREAN

IRAILEAN jarriko da Auņamendi Entziklopedia osoa interneten, ekainean Eusko Ikaskuntzak jakinarazi zuenez. Guztira, dagoeneko 50 ale ditu entziklopediak eta beste bi plazaratzear daude. Sarean jarritakoan, Interneteko entziklopediarik handiena bihurtuko da. 100.000 sarrera eta 50.000 irudi izango ditu, eta guztira, 120 milioi karakterez osatua egongo da.


BUŅUELEN BEGI ZAURITUA IKUSIZ

GASTEIZKO Ikus-Entzunezko XV. Jaialdiak Luis Buņuel zinemagilea izan du aurten hari nagusitzat. Jaialdiaren baitan, Buņuelen lanari buruzko "Buņuel, zauritutako begia" erakusketa izango da ikusgai uztailaren 16ra arte.

HITZ BITAN

Aimar Arrese eta Igor Etxeburuak esana da hau "Euskaldunon Egunkaria"n: " Euskararen normalizazioa ez da ofizialtasunaren ondorio ezinbesteko eta automatikoa, baina Nafarroan, eta Euskal Herrian, euskarak lurralde osorako ofizialtasuna behar du".
Zihara Enbeita honela mintzo zen bertsolaritzari buruz "Gara"n: "Ez dago denontzako tokirik bertso zirkuitu nagusian (...). Baina, leku estua izateaz gain, ez da batere segurua. Egunero erakutsi behar duzu zirkuitu horretan egotea merezi duzula".
Eneritz Epelde eta Kimetz Larraņagaren adierazpenak dira hauek "Euskaldunon Egunkaria"n jasoak: "Dantzarako ez da sekula dirurik egon, eta oraindik ere txapelketak dira dantza soltea ateratzeko modu bakarra. Saioak ez dira nahikoa dantzan aurrera egiteko". ō Imanol Muruak honela zioen Historiako Errege Akademiak argitaratutako txostenaren inguruan egunkari berean: "Akademiaren azterketa gaztelerazko testuetan oinarritu da eta, oinarri horiekin, ikastolei eta Nafarroako D ereduko ikastetxe batzuei zuzentzen dizkiete kritikak. Oinarririk gabeko salaketak, beraz, eta gaizki bideratuak gainera (...)".

Ikatza

Paueko dei auzitegiak erabaki du Postak ez duela euskara "diskriminatzen". Hala, AEK-k euskarazko gutun bakoitzeko 2,18 libera (54 pezeta) ordaintzen jarraitu beharko du, makinek ezin omen dituztelako irakurri. Helbidea frantsesez daramaten kopuru handiko gutunen prezioa, aldiz, 1,87 liberakoa da.

IZENAK

Anuntxi Arana etnologoak mitoei buruzko ikerketa argitaratu berri du Gatuzain argitaletxearen eta Gure Irratiaren eskutik. "Mito hurbilak" izeneko lanean Anuntxi Aranak Gure Irratian urtebetean zehar mitoei buruz eginiko emankizunetako edukia eta mitoei buruz berak eginiko ikerketa zenbait biltzen dira.
Jose Azpiazu gitarra joleari omenaldia egin zion Euskal Herriko Gitarra Elkarteak ekainaren 23an Oņatin. Ekitaldian Azpiazuren biografia eta disko bikoitza aurkeztu ziren. Diskoan gitarrajole oņatiarrak sortutako doinu batzuk eta berak egokitutako beste batzuk bildu dira.
Mariasun Landak idatzitako "Sorgina eta maisua" haur liburua kaleratu berri du Elkarlaneanek Kuku sailean. Liburuko irudiak Jokin Mitxelenak egin ditu.

PRINTZA

Mikel Irizar Goiena Telebistako bateratzaileak honako adierazpenok egin zituen "Gara" egunkarian herri komunikabideen eginkizunari buruz:
"(...) Gure helburua hasieratik, herri komunikabide hauen bitartez, euskararen aldeko apustua egitea izan da. Arestian aipatu dugun komunikazioen mundu zabal horretan gutaz eta gure hizkuntzaz hitz egingo duten mezu gutxi izango direla pentsatzen dugu. Hori dela eta, esparru horretan beste batzuei aurre hartzen badiegu, gutaz eta gure hizkuntzaz hitz egingo duten hedabideak izango dira eta hori hainbat ezaugarri mantentzeko ona da. Azken finean, gure nortasunetik, iraganetik etorkizunera zer eramateko gai garen frogatzean datza gure erronka, horren funtsa, guretzat, hizkuntza delarik. (...) Herri komunikabideek garrantzi izugarria dutela pentsatzen dugu. Mundu zabal, interkomunikatu eta interaktiboa hurbil dugun garai hauetan, nolabaiteko komunitate naturalak sortzea oso garrantzitsua da. Egun, mundu birtual horretan, komunitate birtualak sortzen ari dira eta, hauek txarrak ez badira ere, oreka bat lortzeko, komunitate naturalak, berezkoak eta oinarri soziala izango dutenak beharrezkoak dira. Zentzu horretan, herri komunikabideek eginkizun garrantzitsua betetzen dute, hurbileko komunikazioarekin nortasun kolektiboa gordez eta mantenduz".

Txori Batek Esan Digu


ETB EGOITZA BERRI BATEN BILA

Iurretako instalazioak zaharkituak geratu dira 17 urteren buruan. Digitalizazioari heltzeak toki zabalagoa eskatzen du, kazetariek beren lantokitik berriak idatzi, ahotsa sartu eta irudiak editatu ditzaten. Oso litekeena da erredakzio berria eta albistegietako estudioak bilduko lituzkeen eraikina Bilbon kokatzea


LEO BASSI-REN HORDAGOA

Leo Bassi "bufoi garaikidea"k "Gran hermano"ko etxe aurrefabrikatuaren ondoan dagoen finka alokatu du, bizilagun aspergarria izateko asmoz. Aldamio batera igo, musika klasikoa ipini eta lorategia zelatatuz, George Orwellen "1984" eleberria "Gran hermano"ko lehiakideei irakurriko die, mokordoak jaurtitzeko prest dituela


NAVARROREN ITZULERA UDAZKENEAN

Antena 3tik modu txarrean atera ondoren, berriro itzuliko da Pepe Navarro putre sarraskijalea. Tele 5eko "Cronicas marcianas" saioari pastelaren zati bat kendu diezaion deitu badute ere, Sardari benetako itzalik egin ezean, ostera kenduko dute. Gaizki pentsatzea ez da aski Navarroren saioaren nondik norakoak asmatzeko

Urrea

Kontseiluak eta Euskal Konfederazioak Bai Euskarari Akordioaren Ipar Euskal Herri-ko lehen fasearen emaitzak aurkeztu dituzte. Otsailaren 25etik hona erakunde ugari atxiki zaizkio. Besteak beste, Bayonne diffusion presse, Biarritz Olympique, Oreka elkartea eta Euskal Herriko arte martzialen elkartea.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan