ZUBEROA
Zuberoa, Euskal Herriko lurralde ttipiena, doi-doi iritsia da 2000. urtearen atarira. Mendiko laborantza eta Maule hiriburuko industria izan dira Zuberoako euskarri ekonomiko nagusiak mende honetan. Gaur egun, berriz, Zuberoak iraunen badu, bere ekonomia azkartu beharraz ohartu dira bertako herritarrak. Kari horretara, azken hiru urteotan ekimen berriak sortu izan dituzte zuberotarrek: Herrien Erkidegoa (Communauté de Communes) da eraturiko egitura berria. Antzinako Batzorde Sindikala eta ODACE elkartea dira Zuberoako ekonomiaren beste eragile nagusiak. Zuberoa husten ari da, alta. 13.471 dira biztanleak; azken hamar urteotan 1.000ko bat galdu ondoren. Alabaina, Euskal Herriko beste nehongo eskualdetan bezainbatean, urterik urtera, kultur bizi baten agerle biziak dira zuberotarrak: neguko maskaraden ondotik pastoral berri bat landu digute engoitik zuberotarrek. Zuberoako mugaz landako Eskiulako herritarrek jokatua izanen delarik.
Zuberoak 765 km koadro ditu eta 1990an egin azken errolda fidagarriaren arabera Euskal Herri osoko biztanle-dentsitate (20,53bizt./km2) txikiena du. Aurtengo erroldaren arabera 13.471 dira biztanleak. Hiru kantonamenduetan bananduta dago: Mauleko kantonamenduan 19 herri biltzen dira: Maule-Lextarre (hiriburua), Muskildi, Urdiñarbe, Altzürükü, Idauze-Mendi, Gotañe-Iribarne, Mendikota, Arrokiaga, Barkoxe, Sohüta, Aiñharbe, Bildoz-Onizpe, Berogañe-Lahüntze, Mithikile-Larrori-Mendibile, Ospitale-pia, Ürruxtoi-Larrabile, Ezpezie-Ündüreiñe eta Sarrikota-pia. Atharratzeko Kantonamenduan 16 herri daude: Atharratze-Sorholüze, Altzai-Altzabehiti-Zunharreta, Aloze-Ziboze-Omizegaiña, Gamere-Zihiga, Etxebarre, Hauze, Lakarri-Arhane-Sarrikota-gañia, Liginaga-Astue, Larrañe, Lexantzü-Zünharre, Ligi-Atheri, Muntori, Ozaze-Zühara, Santa-Grazi, Zalgize-Doneztebe eta Iruri. Nafarroa Behereko Donapaleuko kantonamenduari 7 herri zuberotar atxikiak dira: Ozaraine-Eribareita, Lohitzüne-Oihergi, Jeztaze, Etxarri, Domintxaine-Berroeta, Arüe-Ithorrotze-Olhaibi eta Pagola. Orotara 42 herri dira. Biarnoko Olorue kantonamenduan Eskiula dago; zuberotar herria ere bai. Zuberotarrak Basabürütarrak (Zubero Garaia) eta Pettarrak (Zubero Beherea) bezala ezagutzen dira. Erdialdeko Zuberoari "Arbaillak" deitu izan zaio, bestalde.
BIRMOLDAKETA GARAIA.
Altzürükü herriko Battitte Queheille auzapezak eta era berean Herrien Erkidegoko lehendakariak agertu digu egitasmo berria: "Zuberoako bi kantonamenduak elkarrekin aritu izan dira betidanik garapen ekonomiko eta sozialaren alde. Orain sei urte kantonamenduen arteko sindikatua sortu genuen eta orain hiru urte, berriz, Herrien Erkidegoa. Azken sei urte hauetan ekonomia bizi ahal izan dadin lanean aritu gara, baina bitarteko gutxiska ukan dugu sos aldetik". Aitzitik, egitura berriak berezitasun bat dauka. Hots, Frantziako Estatuaren birmoldaketa prozesuari atxikirik, zuberotarrek eraturiko Herrien Erkidego honek zerga biltzeko gaitasuna dauka. Hiritarrek ordaintzen duten laugarren zerga mota da bera: "Herrien Erkidego hau bi milioi libera (50 milioi pezeta) biltzen hasia da urteko eta Estatuak besteak beste emanen digu gure egituraren funtzionamendurako", erran digu Battitte Queheillek. Lau milioi liberako (100 milioi pezeta) aurrekontua erabiltzen hasia da erkidego hau urteko.
10 URTEKO PLANA.
10 URTETAN 600 LANPOSTU.
Jean Jacques Manterola da ODACEko arduradun nagusia. Erakunde honek Herri Erkidegoarekin batera dihardu. Demografiako kalkuluen arabera, 2010. urterako bi mila biztanle gutxiago biziko dira Zuberoan. Hori gerta ez dadin, Middi Pyrénéés Erregioko Ariège Departamenduan (Toulousse) ari den enpresa espezialista batekin dihardu elkarlanean. Zuberoak bizi duen desertifikazio arazo berari ekin diote Ariègen eta hangoak aitzindariak bezala joan dira: "1.200 lanpostu galdu dira azken hamar urteotan eta gutxienez 600 lanpostu sortu nahi ditugu datozen hamar urtetan. Gizonezkoak aiseago plantazen dira lanean emakumezkoak baino. Horregatik, gure mintegietan idazkaritza, grafismoa edota informatika ari gara lantzen. Industriako enpresek kanpoko langile kualifikatuak ekarri ohi dituzte lan hauek egiteko. Hemendik goiti hemen bertan garatu nahi ditugu lanpostu hauek", adierazi digu Jacques Manterolak.
MENDIKO SINDIKATUA.
BASOA, EHIZA ETA TURISMOA.
400 ARTZAIN-ETXOLA.
Michel Castanek honela laburbiltzen digu sindikatu honen betebeharra: "Frantziako Iraultzaren antzinako eskubideak atxikitzen ditugu oraino ere. Irati eta bortua, oro har, funtsezkoak dira zuberotarren bizitzan. Ingurumenaz arduratzen gara, baina artzainen, ehiztarien eta turisten atxikimenduari esker diraute bizirik gure mendiek".
AXURIA KOOPERATIBA.
Mendiko laborantza bezala ezagutua da baserria Zuberoan. Mendiko patarretan eraikitako baserriek ez dituzte lautadetako (Amikuze eskualdeari loturiko laborantza) etxealdeek dituzten lur hektarea zabalak. Zuberoako laborantza gehiena tresneria ttipiez garatu izan da historikoki. Alta, bada, zuberotarrek beren bitarteko propioak eratu dituzte ere bai. Axuria kooperatiba da laborantzaren garapenerako euskarri garrantzitsua. Michel Arhancet kontseilari nagusia da kooperatibako lehendakaria eta Battitte Queheille zuzendaria. 1983. urtean sortu zelarik 30 laborari biltzen ziren kooperatiba honetan. Egun, berriz, Zuberoa osoko 250 laborarik parte hartzen dute berean. Axurien mozkinez bizi dira komunzki kooperatibako baserritarrak, urtean 50.000 axuri merkaturatzen dituztelarik: "Laborari parte batek industrian saltzen dute ardi-esnea, eta gero eta gehiago norberak gasnatzen du esnea. Gure axuriak (arkumeak) Frantzia, Italia, Alemania eta Espainiako merkatuetara joaten dira", argitu digu Queheillek.
Axuria kooperatiba beste kabale edo ganadu klaseentzako, proiektuak aztertzen ari da; behia kasu
![]() |
|
||||
1768 zenbakia. Azkena || Hemeroteka
|
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa