Astekaria

 Erreportajeak 

ZUBEROA

KULTUR ERAGILEAK KEXU BOTEREAREKIN

Mikel Asurmendi

Mikel Asurmendi


1768. alea
2000-07-02
alde 0    kontra 0

Zuberotarrek berezko jitea dute euskal kulturan. Euskal Herriko bertze nehon baino kultur ekimen gehiago burutzen da biztanleen arabera. Uhaitza, Uztaro eta Sü Azia dira elkarte garrantzitsuenak.

UHAITZA.

Xiberoko Kultur Etxea Mendikotan dago. Herrietako kultur ekimenen zerbitzura dihardu 1978az geroztik. Lau dira langileak, baina ez dute geroa ziurtatua. Maddi Ohienart honela azaldu zaigu: "Orain lanpostu bat kinkan dago. Botere publikoek proiektuen sustengatzeko gure lana beharrezkoa ikusten dute, alta, ez dira ohartzen Uhaitzako langileon beharretaz".

UZTARO.

Arte plastikoaren eremuan dihardute Uztaro taldekoek. Sei lagun ari dira 1989tik. Gonzalo Etxebarria margolariak halaxe erran digu: "Ez dugu laguntzarik ukaiten instituzioetatik. Alta, Zuberoan ekoizten diren ikusgarrietan parte hartzen dugu: dekoratua, bideoa, diapositiba, infografia, serigrafia eta margolaritza lantzen ditugu".

Sü AZIA.

1978an sortu zen. Aro ezberdinak eta tirabiratsuak bizi izan ditu Sü Aziak. Euskarari lehentasuna eman behar ziotenek -Junes Casenave-Harigile lehendakariak eta Allande Sokarros kazetariak- utzi dute elkartea. Battitta Guiressek eta Henri Ilharregi lehendakari berriak hartu dute hauen segida

KULTURAREN EGOERA? ESKIZOFRENIA!

Kontraerran izigarria dugu euskararen eta kulturaren egoeren artean. Batetik, artista mordoa, kreakuntza joria, entzun-ikuskizun ugariak; bestetik, euskararen beherapen azkarra.


Pastorala edo trajedia dugu Zuberoako kulturaren lorea, nehoiz baino gorago dago, bereziki testuen mailaz. Mende laurden batez idazle bakarra izan baitzen Etxahun Iruri; gaur zazpi gara. Lehenago ez bezala, urtero antzerki bat, zenbat urtez biga, beti berriak. Publikoa ere duela hogeita bost urte baino zabalagoa, baina beste lurraldeetako haurridei esker, behera baitoa Zuberoako jendetza.


Trajedian bezala maskaradan, lehia bizia herrien artean: urtero bat, eta zenbat urtez bigar. Baina, jakina, testuen aldetik ez dauka trajeriaren oparotasunik, ez eta mailarik. Antzerki berri kantatu bat sortu da Berzaitzi esker. Iazko "Euskal Spiritu" ikusgarria gogoan. Aurten Bedaxagarren "Ama" ikusi dugu berriki.


Kantuan ere azpimarratzekoa da gure aberastasuna; hor daude izen sonatuak, denontzat ezagunak. Bertsolaritza dugu momentuko lo. Baina, haurren prestatzen ari zaigu Sohütako ikastolan, iragan udazkeneko Etxahun Iruri Sarian ikusi bezala. Bost idazle nagusi badauzka gure lurraldeak, beste seietan halaber oso ezagunak, batuan ere idazten baitute. Azpimarratzekoa Sü Azia eta Uhaitza elkarteen lana, baita Xiberoko Botza irratiarena. Bai, lur emankorra da Zuberoa. Hainbeste dohain, hamabost mila biztanleren artean, harritzeko ere bada!



EUSKARA BURUZ PIKO. Bizkitartean ez gaitu itsutu behar egoera distirant horrek: arrosaz aberats bada, arantzaz askoz ere joriago! Buruz piko behera doa Zuberoan euskara. Hiltzeko arriskuan dago ez badiogu azkar heltzen euskaltzale guziok. Haurrei ez du erakasten guraso askok, dela delibero hotsez dela utzikeriaz. Eta ikasten duten haurrek eskolan sartu baiko galtzen dute. Hilgarria da halaber telebistaren eragina. Azken ondorioetaraino garaitzen ari zaigu frantses ideologia jakobinoa: euskara, hizkuntza pribatua! Beraz ghettoan hetsi gara, eta han hiltzen ari. Non ez garen ateratzen. Hain zuzen ere, aski orduz etorri zen abertzale kontzientzia. Hari esker sortu Mauleko ikastola 1972an, geroztik Basabürükoa. Berantago gela elebidunak eskola publikoan. bitartean AEK-ko Gaü Eskolak. Hauek dira haziak eta kimu berriak.


Maule-Sohütako saltegietan euskaraz entzuten da berriz arruntean: haur batzuk beren amarekin, eta haien etsenpuari esker, gehituak ere ausartzen dira beren artean, ahapetik ari gabe. Baina zerbait egin behar dugu azkar eta finki, lore horiek lur pixka bat eta ur tzorta bat ukan dezaten hazkurri. Euskal eskolak eta irratia eta kultura elkarteak atxiki! Hautetsiak inarrosi podere publikoek bai diruz bai legez laguntzak eman ditzaten!


Horretarako, ghettotik atera behar dugu, beste eskualdeetako euskaldunei eskua luzatu, ez bakarrik diruaren hartzeko pastoraletan bezala, baina haiekin lan egiteko sail guztietan. Gure espiritua dugu lehenik zabaldu behar. Ahomihizkoa ez da segur aski euskararen hazteko: irakurri behar da. Beraz, irekidura, lana, batasuna eta borroka dira gure lau kartak: euskarak irabazi behar badu Zuberoan, azkar eta finki erabili behar ditugu. Hori dugu jokoa, hil ala bizikoa


Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
azala  
azala1767
 
azala1766

1768 zenbakia.
2000ko uztailaren 02a


   

Babeslea

Irizarren webgunera joan
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza