DISKOAK
MUGATIK
Mugatik
Oihuka
2.160 pta.Donostiako Intxaurrondoko hirukoteak bertako Gaztetxean eman zituen lehen urratsak duela laupabost urte. Iazkoa urte garrantzitsua izan zen eurentzat, maketak bideak ireki baitzizkien. Aurten Villa de Bilbao lehiaketako bigarren saria jaso dute metal alorrean eta taldearen izen bera daraman lehen disko hau kaleratu dute. Ibon Etxebeste (bateria), Iņigo Lurgain (gitarra eta ahotsa) eta Koldo Soret (ahotsa eta baxua) Hard-corearen inguruan dabiltza, beti ere, estilo horren gogortasuna erritmo lasai eta samurragoekin nahastuz. Kontrastea da nagusi, beraz, Usurbilgo Basakabi estudioan grabaturiko lan honetan
LIBURUAK
GEZURRAK, GEZURRAK, GEZURRAK
Iban Zaldua
Erein
189 orrialde
2.000 pta.Iban Zaldua historialari eta idazle donostiarraren hirugarren ipuin liburua da hau. Aurrekoa, "Ipuin euskaldunak" izenekoa, iaz argitaratu zuen Gerardo Markuletarekin batera. Oraingoan hogeita sei ipuin bildu ditu orotara eta horien arteko lotura bildumaren tituluak berak uzten du agerian: gezurrak. Hogeita sei gezur horiek talde ezberdinetan sailkatu ditu, gainera Zalduak: simulakroak, inbusteriak, asmazioak, iruzurrak, ameskeriak eta esamesak. Eskuz esku ibilitako liburu baten inguruan korapilatzen den ipuin beltzak ematen dio hasiera bildumari. Amaiera, berriz, Zen ikastaro batean dabilen neskaren gorabeherak ematen diote liburuari. Horien tartean dauden istorioetan errealitatea engainuarekin nahastuko da etengabe
ABERTZALEAK ETA EZKERTIARRAK
Julen Zabalo
Elkarlanean
71 235 orrialde
2.450 pta.Azken urteetan bizitako kartzelaldia amaituta Julen Zabalo basauriarrak bere hirugarren liburua plazaratu berri du. Liburu honekin, gainera, Elkarlanean etxeko Eztabaida sailari eman dio hasiera. Abertzaleak aberriaren arazoa argi omen du eta, hala ere, Julen Zabalok galdera ugari botatzen du gaiaren inguruan. Abertzale izatea herria maitatzea al da soilik? Euskal Herri subirano batek ba al du lekurik mundu globalizatu honetan? Abertzaletasun berezia garatzen al du ezker abertzaleak? Zalantza horiek eta gehiago abiapuntu dituela, hainbat gai jorratzen du egileak, galdera horiei erantzunez eta, beraz, bere iritzia emanez batzuetan, zalantza mantenduz besteetan eta irakurlea gogoetara bultzatuz beti
BAT
34. alea
SEI
138 orrialde
4.200 pta. UrtekoSoziolinguistikako zenbaki berriak UEMA du gai nagusi. Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak azken hamarkadan izan duen bilakaera aztertzen da dossier zabal honetan. Mugimendu izatetik mankomunitatea egituratzeko bidea azaltzen da lehenik, Esteban Agirreren eskutik. Zuzenbide kontuak dakartza, ondoren, Iņigo Urrutiak. Imanol Esnaolak UEMAko koordinatzaile Iņaki Arregiri egin dio elkarrizketa. Azkenik, UEMAren etorkizunean alderdi politikoek izan dezaketen eragina aztertu dute EHko Angel Mari Elkanok eta EAko Joserra Lopez-Larrinagak. Dossierraz gain, hizkuntza prozesuen ingeniaritza, Ofercat eta Eskoziako gaeleraren inguruko artikulu bana jasotzen du "Bat" berriak, baita ohiko liburuen eta agendaren atala ere
ROSA LUXEMBURG
Lorea Agirre
ELKARLANEAN
156 orrialde
1.355 pta.Rosa odolzalea" ezizena jaso zuen Rosa Luxemburgek zuen pentsamendu politikoa zela-eta. Errusian gertaturiko iraultza Alemanian errepika zedin nahi zuen berak, langileek boterea eskura zezaten. Luxemburgen teoria politikoa sarri izan da aztertua berak idatzitako liburuetan eta berari buruz besteek eginiko ikerketetan. Oraingoan ordea, Lorea Agirrek bere giza alderdia jorratu du bereziki, horretarako berak idatzitako hainbat gutun baliatuz. Liburuaren lehen atalean Luxemburgen lehen urteak eta bere afizioak eta dohainak jasotzen dira. Bigarrenean berriz, politikaren ikuspegia jorratu du egileak gehienbat. Liburuaren amaieran berriz, Alemaniako Gerra Zibila eta bere atxiloketa eta heriotza jaso ditu biografia osatuz