BAHEA
Arantza Urkaregi, Zutikeko kide eta EHko zinegotzia Bilbon: "Nik uste nuen HBko jendea militanteagoa zela, edo beste modu batera esanda, egunerokoan lanean ari zen jende antolatuagoa. Eta uste dut gehiago dela ekitalde handietako jendea -manifestazio nazionalak edo presoen aldeko ekimen zehatzak-. Horregatik, orain, poliki-poliki lan egiten ikasi behar dugu, agian emaitzak epe laburrean ikusiko ez ditugula jakinda. Hor bai, hor ikusten ditut arazoak jendeak era horretako militantzia praktika dezan".
Jose Bono, Gaztela-La Manchako lehendakaria eta PSOEko idazkari nagusigaia: "EAJren defentsa abokatuak izan nahi gabe, Espainiako Gobernuari adierazi nahi diogu ETA gauza bat dela eta EAJ beste bat. EAJ ez erradikalizatzen ahaleginak egiten ari gara".
Pio Cabanillas, Espainiako Gobernuaren bozeramailea: "Gobernuak normalkuntza politikorako tresna baliogarri bakar gisa berresten du Estatutua. Lizarrako akordioak ekarritako kostuak atzera egite argi eta sinesgarria eskatzen die sinatzaileei".
Joseba Egibar: "EAJk ez du inoiz ezabatuko bere sinadura Lizarrako akordiotik".
IZPIAK
Pedro Pegenaute izango da aurrerantzean, Nafarroako gobernuak egin birmoldaketaren ondoren, Nafarroako Hezkuntz Politikako Zuzendari Nagusia. Euskarazko zuzendaritza euskaraz jakin gabe zuzenduko duen lehen pertsona izango da, beraz, Pegenaute. Orain arte Unibertsitate irakaskuntza eta Ikerketa Zerbitzuko zuzendari izan da. Pegenaute UCDn ibili zen bere garaian, Jaime Ignacio del Burgoren aldamenean, eta Nafarroako eskuineko kide ezaguna da, euskararen munduarekin inoiz kontakturik izan ez duena.
Victor Manuel Arbeloa PSNko buruzagi ohia proposatu nahi du herri defendatzaile posturako UPNk. PSNko idazkari nagusi Juan Jose Lizarbek, aldiz, zeregin horretarako desegokitzat jo du Arbeloa. Arbeloak eta PSNko beste batzuek eztabaida gogorrak izan zituzten Lizarberekin hau idazkari nagusia izan aurretik.
Xabier Markiegi aurkeztu dute EAJk, EBk eta UAk Eusko Legebiltzarrak Ararteko lanetarako beste bost urtetarako hauta dezan. PPk eta PSE-EEk, aldiz, Markiegiren izendapenarekin ados daudela adierazi dute baina prozedurarekin ezetz.
LANDAREAK
Jakoba Errekondo
Udaberri bukaerako hezetasuna ondo ustiatu dute zuhaitzek. Sustraiek bildutako hostoen ondorioz, ikusgarria izaten da azalaren emana, platanoarena kasu.
guztia irakurri
OSASUNA
Jabier Agirre
Urtero milioi bat heriotza sortzen duten estafilokoko bakterietatik gehienak antibiotikoekiko erresistenteak dira. Berriki, ordea, erresistentzia eragiten dituzten geneak aurkitu dituzte.
guztia irakurri
TERMOMETROA
LIZARRAREN ONDORENA
LAB-EK Lizarra-Garaziko akordioa biltzea eskatu du, azken asteotan euskal gizartean bizi den egoera politiko korapilotsuaren aurrean jarrerak argitzeko. Lizarra-Garaziko akordioa eta ETAren su-etenak zabaldu zuten aro politiko berriarekiko, LABek jarrera inboluzionista ikusten du EAJn. PSE-EErentzat, Eusko Legebiltzarrak bere ekimena onartzeak Lizarra-Garaziren porrota ekarri du, eta EAJk hau ukatu du, Lizarra inoiz ez duela utziko aipatuz. Baina Lizarra-Garaziko foroa iraganean izan dena ez dela izango nahiko agerikoa da. Udalbiltzari uzten zaion lekua zehaztu beharko da aurrerantzean, halako ekimen garrantzitsua bertan behera uztea edo eremu sinbolikoan uztea akats handia litzateke eta.
ERREPRESIO GORDINA
PRESOEN aldeko edo beste edozelako aldarrikapenaren aldeko martxa baketsu batek Nafarroan bere abioa Goardia Zibilaren kolpe eta mehatxuen artean egin behar izanak, herrialde honetan agintariek askatasun demokratikoez duten ikusmolde berezia adierazten du. Nafarroan, egunerokoak halako ugari ikusteko aukera eskaintzen du, zoritxarrez. Oztopoak gaindituz, Senideek eta AABk antolatutako martxak aurrera egin zuen eta bere ibilbidea jarraitzen du Euskal Herria zeharkatuz.
PRESOEN ALDEKO EKIMENAK
EUSKAL presoen Euskal Herriratzea eskatzeko, ELAko mila ordezkari eta afiliatuk baraualdia egingo dute larunbata eta igandea artean Bilboko Erakustazokan. EAJk, bestalde, Eusko Legebiltzarreko lehendakari Juan Mari Atutxak, presoak Euskal Herriratzeko atxikimendu eskaera gizarteratzeko eskaera egin du Legebiltzarrean. Ez dirudi Batera berraktibatuko denik, baina presoak Euskal Herriratzearen aldarrikapena indartuz bide doa berriz.
'DEMO'EN OIHARTZUNA DEMOKRAZIA
Euskal Herrian taldeak Pauen egindako ekintza bakezale eta entzutetsuak talde honen oihartzuna gehiago zabaldu du. Lapurdiko Biltzarraren 1789ko aktak eraman ondoren, hamabost lagun atxilotu zituen poliziak segituan. Orain lau 'demo'k dokumetuak itzuli ezean zazpi urteko kartzela zigorrari egin beharko diote aurre. Beste hiru 'demo' epaituak izan dira Baionan, hiri honetako espetxe aurrean pintadak burutu izanagatik: Jean-Noel Etxeberri Txetx, Gorka Torre eta Yves Machicottek 10.000 liberako (250.000 pezeta) isun eskaera dute.
NOBLIAREN ESKAERA AB-RI
PATXI Noblia antzinako Enbata mugimenduaren kide izandakoak barne eztabaida bat eskatu dio Abertzaleen Batasunari. ABko militante eta hautagai honek gogoeta-artikulu bat plazaratu du berriki "Enbata" astekarian. Iparraldeko abertzaletasunak bizi duen batasun birtuala gainditzeko aukera argia eta kolektiboa landu behar duela dio Nobliak. Horretarako, biolentziari buruzko eztabaida zabal eta irekia burutzera deitu du AB. Nobliaren ustez, honek EHn ere eztabaida lagunduko luke honek.
ERABAKI AURRERAKOIAK
IZATEZKO bikoteek bikote ezkonduek dituzten eskubide berdinak -adopzioa barne- izan ditzaten onartu du Nafarroako Legebiltzarrak UPNren aurkako botoekin. Bikote homosexualei ere, adopziorako duten eskubide berdina aitortzen zaie. Lege proposamen hau Estatu espainiarrean zein Europan egin diren aurrerakoienetakoa da.