Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-08-12 14:27:06
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2000-07-02 -- 1768.zenb

Arturoren Kaiera


EPAILEEI LAGUNTZARIK EZ

Espainiako Botere Judizialeko Kontseilu Nagusiko (CGPJ) bozeramaile Emilio Olabarriak salatu du Nafarroako Gobernuak epaileak euskalduntzeko laguntzarik ez ematea. Olabarriaren esanetan, duela bi urte laguntzak emateko hitzarmena sinatu zen. Gaur egun euskara ikasten ari diren epaileek beraiek jarri behar dituzte bitartekoak. Hala, Olaberriak Sanzen gobernuak euskaldunekiko duen konpromiso eza jarri du agerian berriz ere.


IKAS-BI-K GELA ELEBIDUNAK ESKATU DITU

Ikas-Bi elkarteko kideek Baionako Akademia Inspekzioa okupatu zuten pasa den asteazkenean, kolegioetan eta lizeoetan ikasketa elebidunak jarrai dezan eskatzeko. Maule, Miarritze, Baiona eta Donibane-Garaziko kolegio eta lizeoetan gela elebidunak irekitzeko zailtasunak salatu zituzten, Germaine Hacala inspektoreari eta Jean Espilondo diputatuari emandako gutunetan. Hacalak eskaera Pauera helaraziko duela adierazi zien.


ELKARRIZKETEI EKIN DIE BERRIZ SEASKA-K

Seaskak Hezkunde Nazionalarekin izandako elkarrizketei berrekitea erabaki du. Hilabetez etenda egon ondoren, Hezkuntza Ministerioak Iparraldeko ikastolen federazioak egindako eskaria onartu du, hots, eskatutako irakasleak kontratatzeko konpromisoa hartu du. Hori dela eta, aurrera egingo dute Iparraldeko ikastolek nolabaiteko publikotasuna erdiesteko negoziazioetan.


LEITZAN ALDIZKARI BERRIA ATERA DA

Iaz Leitzan sortu zen Marmari euskara taldeak izen bereko aldizkari berria plazaratu du. Dagoeneko lehen zenbaki honen 900 ale banatu dira Nafarroako herrian. Marmari taldeak Leitzaldeko Euskara Zerbitzuak eta Nafarroako Hizkuntza Politikarako Zuzendaritzak emandako diru laguntzak izan ditu aldizkaria argitaratzeko.

Aurpegia

Iratxe Fresneda arrigorriagarrak "Boulevard de verano" gidatuko du Radio Euskadin.
guztia irakurri

Bagak

Udaren atarian eta entzuleen sustengua jasotzeko asmoz, etxez etxeko kanpainak eta zenbait kontzertu antolatu dute Xiberoko Botza eta Gure Irratiak. Zuberotarrek gainera, ohiko entzuleen laguntzarekin aski ez eta Hego Euskal Herrira jo dute sosaren biltzeko. Jendeak dirua eman dien arren, ekimen hauek hankamotz ez ote diren geratzen gaude, tamalez, Hegoaldeko entzule gehienek ez baitute irrati hauek entzuteko aukerarik. Arrunt ona litzateke beraz, antenen seinalea indartzea Iparraldeko hiru euskal irratiak Bidasoaldeaz haraindi ozenki entzun daitezen

EZPALAK


ARRASATE PRESSEK 500 ALE

ARRASATE Press herri aldizkariak ekainaren 16an kaleratu zuen bere 500. zenbakia. Horregatik, 68 orrialdeko ale berezia egin du. Bertan, aurreko aleetan argitaratutakoaren bilduma burutu dute. Hiru zatitan banatu dute errepaso hori: batetik, garaian garaiko albiste nagusiak; bestetik, albiste laburrak orrialdeen beheko aldean; eta azkenik, Arrasate Pressek eginiko elkarrizketa garrantzitsuenen aipuak jaso dira. Azkeneko orrian berriz, aldizkarian lan egin duten kazetari eta publizisten argazkiak argitaratu dituzte, euren egungo egoeraren berri emanez.


EUSKAL ZINEMA SARITUA

BI sari jaso ditu Koldo Almandozek zuzendutako "A dar ba kar" laburmetraiak. Batetik, Huescako 28. Nazioarteko Zinemaldiko Jinete Iberico saria. Huescakoa Espainian dagoen zinemaldi garrantzitsuena da film laburrei dagokienez. Sari honi esker "A dar ba kar"ek nazioarteko banaketa eta zabalkundea izango ditu. Bestetik, Balear Uharteetan egin den Mediterranioko Zinema Jaialdiko saria jaso du. Iņaki Elizalde zinemagile nafarrak ere Balearretan burutu den Nazioarteko Zinema eta Dokumentu Jaialdiko sari nagusia eta dokumentu onenarena irabazi du. "Memoriaren ahanztura" film laburragatik izan da saritua. Lana Albania eta Bosniako iheslarientzako eremuetan filmatu zuen iaz Elizaldek.


MUNDIALIZAZIOAZ ZUZENEAN

EKAINAREN 30etik uztailaren 2ra arte burutuko da Arrosan, Nafarroa Beherean, Euskal Herria Zuzenean jaialdia. Hemeretzi musika talde arituko dira guztira hiru egunetan zehar oholtza gainean, mundializazioa lematzat hartuta. Portobello bones, Rageous Gratoons, Todos tus muertos eta Anestesia izango dira bertan, besteak beste. Horrez gain bertsolariak, kale animazioa eta hainbat erakusmahai ere izango da. Egunean gai bat landuko dute Piztu elkarteak eta Irulegi irratiak antolatutako jaialdi honetan: lehenengoan mundializazioa eta ekonomia, bigarrenean mundializazioa eta komunikazioa, eta hirugarrenean mundializazioa eta laborantza.


SGAE KURSAALEN

EKAINAREN 19an inauguratu zuen SGAE Autore eta Argitaratzaileen Elkarte Nagusiak Donostiako egoitza berria Kursaal jauregian. Honekin, Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan finkatu da elkarte hau. Inaugurazioan SGAEko zuzendari Eduardo Bautistak Euskal Herriko kultur ekoizpena bere mugetatik kanpo ezagutarazteko ahaleginetan sakontzeko asmoa azaldu zuen eta Eusko Jaurlaritzarekin hitzarmen gehiago iragarri zituen. SGAEk bi mila bazkide baino gehiago ditu EAEn.

HITZ BITAN

Gaizka Arangurenek esanak dira hauek "Euskaldunon Egunkaria"n: "Pedro Pejenaute izendatu dute Hizkuntza Politikarako Zuzendari. (...) Nafarron hizkuntza ez jakitea ez da problema. Politika genozidaren mesedetan zalantzarik ez izatea da betebehar bakarra".
Patri Urkizu honela mintzo zen egunkari berean euskal irakurleei buruz: "Esango nuke literatura osasuntsua dela sormenaren aldetik. Baina kezkatzen nauena da, hizkuntza ez dagoela behar lukeen lekuan, eta duela hogeita hamar urte belaunaldi berrietan irakurzale asko egongo zirelako itxaropena ez dakit zein neurritan bete den".
Iņaki Arregi honela mintzo zen "Bat Soziolinguistika aldizkaria"n: " (...) Nork esango du udal batek euskaldunei zerbitzua euskaraz ematea erabaki ondoren, ilegala denik? Erasoak izango diren arren gure eskubidea izaten jarraituko du".
Joxe Mari Muxika Topaguneko zuzendariak honakoa zioen "Deia"n: "Musu-truke egiten den lana garrantzitsua da, ezinbestekoa, baina dinamika asko azkartzen du tartean profesional bat izateak. Soldatapeko langileak jarri behar dira (...)".

Ikatza

Nafarroako Gobernuak erdaldun bat izendatu du Hizkuntza Politikarako zuzendari nagusi. Orain arte Unibertsitateko Irakaskuntza eta Ikerketa Zerbitzuko zuzendaria zen Pedro Pegenautek hartuko du Fernando Perez de Viņasprek utzitako lekua. Horrez gain, saila desegituratu eta unibertsitateen ardura gehitu dio.

IZENAK

Xabier Etxaniz Rojok irabazi du Santurtziko Alfabetatze Euskalduntze Koordinakundeak antolatutako I.Amodiozko e-mail lehiaketa. "Xala" ezizenez aurkeztutako lanagatik jaso du saria. Bigarrena Aitor Longas santurtziarrak eta hirugarrena Portugaleteko Garikoitz Zuluetak jaso dituzte.
Moskuko Vesna Haur Abesbatzak irabazi zuen Tolosan ekainaren 19an burutu zen XII. Abesbatzen Europako Grand Prix Lehiaketa. Vesna Tolosako Abesbatza Lehiaketaren ordezkari gisa lehiatu zen.
Anjel Lertxundiren "Goiko Kale" lana berrargitaratu du Alberdania argitaletxeak. Eleberria orain hogeita zazpi urte plazaratu zen lehen aldiz Gero bilduman. Honez gain, Lertxundiren beste hainbat lan berrargitaratzeko asmoa du Alberdaniak.

PRINTZA

Mikel Elorzak honako hausnarketa egin zuen "Euskaldunon Egunkaria"n joan den astean Patri Urkizuk zuzendu eta UNEDek argitaratu zuen "Historia de la Literatura vasca" liburuaren inguruan:
"Marka da euskal literaturaren historia liburu 'osatuena', hala ez baldin balitz ere, kaleratu dutela eta pozteaz batera azpimarratu behar izatea gaztelaniaz idatzia dagoela, ez dagoela halakorik euskaraz. Adbersatiboen 'hooligan'-tzat hartuko gaituzte, beti bainaka gabiltzala. Eta hala da. Hobeto esanda: baina hala da. Gaztelaniazkoa enkargatu dute liburua.
Gure patua hauxe ez ote den pentsa liteke, baina okerra deritzot. Argitaletxe bat ausartuko ote den edo erakunderen batek bere xede sozialak zuritzeko apalak zamatzen dituen liburukotea eginen ote duen zain bagaude patuaz ari gara. Hitz egin dezagun merkatu-legeek eta bi hizkuntza erraldoiek azpiratzen gaituzten egoeran nola eragin, kultura eta euskalgintza-industria, bai industria, sustatzeaz hitz egin dezagun. Edo hobe: ez dezagun hitz egin. Baina egin dezagun".

Txori Batek Esan Digu


"SAUTRELA" SAIOAREN FRESKOTASUNA

Urtetako hutsunea betetzera etorri da literatur saio hau. Lehengo egunean Jon Miranderen "Haur besoetakoa" eleberriari eskainitako hamar minutu luze adituen iritzia bilduz goraipatzekoa zen. Pena da, Iban Zaldua, Gerardo Markuleta eta Juan Luis Zabalak egiten duten liburu baten inguruko solasaldi kritikoak arintasun hori zapuztea


MIKEL LEJARZA FITXATU NAHI DU ANTENA 3K

Telebista munduan dagoen profesionalik laudatuena dugu Tele 5eko zuzendari nagusia. Katera iritsi zenetik audientzia eta irabaziak igo baino ez dira egin-eta. "Gran hermano"ren etorrerak Antena 3ko audientzia gainbeheran jarri duela ikusita, Telefonicako kateak eskaintza mamitsua egin dio bilbotarrari konpetentziara joan dadin


"ZINE KEINUAK" ZERGATIK HAIN BERANDU?

Molde eta eduki aldetik taxuz egina dago Edurne Ormazabalek aurkezten duen saioa, normalean tantaka iristen zaigun zinema independiente eta autore zinemaren berri emanez. Darabilten estetika ondo ezkontzen da eskainitako film zatiekin. Tamalez, ordu txikitan izateak ez dio mesederik egiten oihartzun handiagoa ukan dezan

Urrea

Elorrioko Udal Euskara Kontseiluak "Elorrion euskaraz bizi nahi dugu" plangintza jarri du martxan 2000 urterako. Hartara, ipuin lehiaketak, udako barnetegia eta euskaldun berriak eta zaharrak elkartzeko "Berba-laguna" egitasmoa antolatu ditu. Halaber, herriko ahozko euskararen artxiboa abiatuko du.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan