Alaskako uharteak
Udako oporrak badira ere, eta Euskal Herria epela bidean bada ere, haize hotzari aurre egitekotan gara. Alaskako hegoaldean untziz bidaiatu dugu, lau egunez. Bale, aurora, fiord eta glaziarrez gozatu dugu, baina pena ere ematen du Alaskak, hamaika herri itzaliz baitoaz.
Untziaren popan nago. Ekipajearen gehiena sotoan segurean lagata, beharrezkoena dut soilik: garbiketarakoak, aldatzeko arropak, botika, lo egiteko zakua eta kamera. Ni bezala, berrogeita koska lagun jarleku bila dabiltza. Hamaka bana dugu: tokia atzean irekia den arren, gutxienez estalpean gabiltza. Berogailu mordo bat piztuta daude sabaian, bidaiariok izotz ez gaitezen. Beste zenbait, denak gazteak ez, kanpin dendak altxatzen hasi dira. Ezkerraldean agure bizar-zuri bat eseri da. Abuztu alaskatarraren freskoa hamar metrora egonagatik, maukarik gabeko alkandoratxoa darama, "Daytona" idatzirik duena, eta "jeans" higatuak. Eskuinaldean, neska australiar bat. Lo zurrungan egoten direnetakoak ote? Badaezpada, eta lekua beteegi ez dagoenez, beste txoko batzuei begira jarri naiz. Zorionez, isilak dira, ingurukoen gisan. Ilunabarra ez da barteko ortzian miratutakoa bezalakoa izan, baina murgildu den eguzkiaren agurra izugarri gustatu zait. Bihar berriro.
Lehen gaua
Bigarren eguna
Ohar-taulan dioenez, aretoan Alaskako hainbat kontuz hitzaldiak ematen dituzte egunero. Hoberik ezean, hara jo dut: ingelesa lan nezake, eta aspertzekotan, ihes egin. Hizlaria ranger edo basozaina da, xelebrea baina txoil ona: ezagun da horretan zaildua dela, haren parabolarekin nekatzerik ez baitago. Tele-predikaria dirudi, imintzioengatik, doinuarengatik, umorearengatik (hiru silabako barre merkea sortzen duen estatubatuar haren gisakoa inoiz!). Hiru ordu laurdenez ezpalartez mintzatutakoan, itsas zakurrez eta itsas igarabez gertatu duen "talk-show"era gonbidatu gaitu. Bitartean, balea bat zebilela oihukatu du norbaitek. Ziri-miriaren erdian, uretan desagertzen ari zitzaion bizkarra ikusi diot aurrena, baina minutua joan gabe, oso-osorik, bi hegatsak zabaldurik popatik ehun bat metrora gorputza biratuz jauzi egin baitu, betiko urrundu aurretik. Xibarta gaztea zen. Basozainak aipatu duenez, hain gertu ibilki, estreinakoa da.
Gu ere, kostatik oso hurbil garamatzate: konifera-oihan sarriz estalitako uhartetxoak ezker-eskuin ditugu, batzuk ganduak-edo erdi ezkutaturik (ederra, ziri-miriaren erdiko ostadarra!). Kaioak eta antxetak airean ikusi ditut, eta ur azalean kokatu martinak lanperna-musuak eta pottorroak ere bai. Batek ezpalarta-sarda bat begiztatu duela esan dit. Ez nik, adi-adi ibiliagatik, ez eta bizkar-hegalaren punttarik ere. New Jerseyko agure bat hurreratu zait, eta paisaia seinalatuz, "Amazing, isn't it?" ("Aparta, ezta?") esan. Hagitz polita dela adierazi diot, baina aparta, aparta... Nire jatorriaz galdetu dit segidan, eta arrapostuaren ondorioz, politikara lerratu -ene baimenaz-, independentziaren aldekoa ote naizen galdez. Bere herrian 1776an gertatuari egoki ote zeritzon galdeginez erantzun diot. Haatik, motza izan da jarduna: estatubatuar gehienekin izan ditudan elkarrizketak erraz hasi arren, bost minututik ez dira pasa, sakondu gabe (neu ere, ez naiz Chomsky, baina). Beste europar frankok hauxe nabaritu dute. Albisteak albiste, Euskal Herria anitzez ziurragoa dela ikasirik, joan egin da. Berbaldia ere "amazing" iruditu al zaio?
Arratsaldeko pausaldia Baranof uharteko Sitka hirian izan da. Lehorrera jaitsi naiz, Washingtonen menpe ia 132 urte eraman arren, XIX. mendeko tsarren "Russkaya Amerika"ren ondarea topatzeko itxaropenaz: hiriburua izan zen-eta. Errusiako azken-aurren agintaritzarrak, txetxeniarrak odolez zapaldu dituen Jeltsinek, alegia, Japoniak berreskuratu nahi dituen Kuril-ez zera esan zuen, Alaskaren galeraren hutsa ez dela errepikatuko. Hirirainokoan ez dut errusiar aztarnarik ikusi. Alta, hiri barnean bai. San Mikel katedrala nabariena da: fresko eta ikonoetan saindu ortodoxoak dauzka (batzuek irudiaren gainean metalezko jantziak dituzte), alfabeto zirilikozko izkribuak... Egun U$Arena denez, agian, sarreran saltoki bat dago: Errusiatik ekarri ikonoak, errosarioak eta liburu sakratuak salgai daude, mikro-Lourdes baten iduriko. Errusiar hilerria non zen galdetu dut kanpoan. Badiari begira dagoen kanposantuko hilarrietan errusierazko epitafioak daude; baten azpian, printzesa bat datza.
Lau bat edari-lata jaso ditut, nobleziakoa ez omen den norbaitek utziak. Segidan, opari-denda batean sartu naiz, auskalo, zerbait atzemateko esperantzaz. Hiritar batzuek 1867ko erosketarekin metropolirako bidea hartu zutela jakin dut andre harengandik, baina era berean, beste asko geratu zela. Deigarriena, berriz, hau: orain Errusia irekitzen hasia denez (badakigu nola), hango jatorriko zenbait haraxe joan berri dira, mende bat geroago. Biztanleen artean, badirudi "the Petrofs" (edo horrelako deiturakoak) direla hizkuntza eslaviarrari egun ere atxiki diotenak, bestela ingelesak ia erabat ordezkatu arren. Aldiz, Europako ekialdeko kutsuko dantzak eta festa-jantziak, "Macarena"k eta Elvis-ek ez dituzte ahanzturara eraman; alta, Sitkan gordetako koreografiak ezezagunak zaizkie errusiar bisitari petoei. "Ulu" deritzan inuiten aiztoa, oparigai tipikoa, han ere badaukate.
Eskimalak ez dira bertakoak, baina nori axola zaio? Alaskan nabil, eta jende orok estatu harekin lotzen ditu. Gehienek plastikozko zein zurezko girtainak dituzte, baina batzuk hartz nahiz baleen hezurrez edo mortsaren betortzez eginak dira, eta sinestezina den arren, beste asko 1768an marinel europarrek desagertarazitako Steller itsas behiaren hezurrez. Ordu arte urotan ibili sirenidoa betiko galdu aurretik, inuitek harrapatutako aleen hezurdurak iparralderago lurperatuta daude antza.
Kirol-kaiko belardian, aurreko beste iragan baten aztarnak daude: "totem" luzea, eta behinola natiboek grabatu petroglifoak. Bi nerabe, biak ere amerindiarrak agidanez, amerikar futboleko baloiarekin jostatzen ari ziren aurrean, "jaurtiketa bikainak" (oroitzen?) behin eta berriz egiten, ingelesez, "of course", eta jaka zeharo yankiak arbasoen zurezko lanaren oinetan trakeski botata. Erroia, hartza, eta hainbat izaki bata bestearen gainean dituen arte-lana fotografiatzeko, jantziak mugitzeko baimena eskatu diet. Dena txepeltzen zuten. Urruntzean, Sitkako "tlingit" herriaren kultur etxea atzean aurkitu dut, ustekabean, eta barruan sartu, nola ez. Bilera zuten orduan, eta jendea iristen ari zen artean, batzuekin hizketan hasi naiz. Net pozgarria zait berenak iraun dezan nahi dutela ikustea, baina beranduegiko ahalegina deritzat: inork tlingit hizkuntzaz ote dakien galdetutakoan, hiztun bakarra zegoela beldurrez aditu dut (bildutakoen artean ala herri osoan?), gutxienez, hirurogei bat urteko agurea. Patuak ez dakarkigu hori, ezta?
Apezpikuaren etxea ere kanpotik ikusi dut, eta aspaldiko txalupa natibo koloretsua ere bai, baina ferrira joateko tenorea zenez, Sitkari "do svidañya" esan diot (amerindiarrek ez omen zerabilten halako agurrik, beste pentsamolde batekoak izaki). Ilunabarrean ere, bezperan bezala, gorridura nagusi izan da. Han ere "Arrats gorri, bihar eguraldi" ote?
Bigarren gaua
Hirugarren eguna
Wrangell uhartean 15 minuturako geratu gara. Ziri-mirian lasterka abiatu naiz, kilometrora dagoen hondartzako harkaitzetako petroglifoetara. Kamera ordu onean hartu dut! Euritan ateratzea alukeria da, eta astoa bezala zamaturik ibili naiz, ferria ez galtzeko toki ezezagunean korrika eta muturka. Bertan behera utzi eta gibelatzea pentsatu dut. Xede berera zihoan gazte batek bihotzik ez galtzeko esan dit ingelesez, untzia ordu laurdenean "gutxienez" geratuko dela baieztatuz. Zer arraio! Elkarrekin segitu dugu. Ontariokoa da, eta frantsesez ere badaki, baina Pariseko unibertsitateetan doinu kanadarra joan zaio. Blai eginda, arrokak atzeman ditugu: batean aurpegi bat-edo dago (lanperna-musua ote?), beste batzuetan kiribilak, borobilak, marrak... Axkar ikusi eta antxintxiketan itzuli gara, baina garaiz: ferriak ez digu ihes egin.
Arratsaldean Revillagigedo uharteko Ketchikan-en izan naiz, luzexeago ordea. Totemen parkera joateko taxia hartu nahi izan dut. Alferrik. Beraz, ibili egin naiz. Valdez-ek eta Cordova-k bezala, izen espainola du irlatxoak. Duela bi mende, hegoaldekook gaupasarik gabeko inperioa genuenean, Arteaga, Fidalgo, Martínez, López de Haro, Bodega y Quadra eta Malaspina nabigatzaileak hemen pasatu ziren, baina finkatzeke, gaztelerazko leku-izen batzuk utzirik soilik. Joan den gizaldiaren hasieran ere bisitari izan ziren: San Mikel katedralean irakurri nuenez, natibo gazte bat -ortodoxoen martiri saindua orain- eriak moztuz ankerki torturatu eta odolustuta hil zuten gure herrikideek, bere fedeaz arnegarazi nahian. Orduan ere, tolerantziaren etsenplu genituen asko.
Hirugarren gaua
Azken goiza ez:
![]() |
|
||||
1767 zenbakia. Azkena || Hemeroteka
|
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa