Patxadaz hartuta
Bizkaiko azken bazterretik Lapurdiko muturreraino uhartez uharte bidaia egin berri dugu aurreko artikuluan. Oraingoan, patxadaz hartuta, Euskal Herriko lau "irla" aukeratu ditugu. Komatxo artean diogu, Gaztelugatxera joateko "Txinako harresia" oinez igaro behar baita. Zuhatza berriz, urtegiaren erdian geratutako lur puska da eta Valderejok ez du urik inguruan. Hori bai, hormatzar galantek biltzen dute natur parkea. Santa Klarak uhartea dirudi... baina iraileko marea bizietan, itsasbeheran, prakak jasoz gero, oinez pasatzerik ba ote?
Donostiak jasan dituen aldaketa guztien lekuko izan da irla, gerrateen lekuko ere bai. Militarrek hainbat aldiz beraien esku hartu dute irla eta armaz bete ere bai. Kristo aurreko idazleen arabera, Santa Klara irla bere berdetasunagatik ikusten omen zen itsaso urrunetik. Bertan apaiz pagano batzuk bizi omen ziren eta Saturno gurtzen omen zuten. Hainbat zeremonia ospatzen zen bertan. Milurtekoaren hasieran, berriz, baserritarrek eta nekazariek ganaduari jana emateko erabiltzen zela uste da. 1200. urte inguruan, garai hartako agiri urriek erakusten dutenaren arabera, Asisko San Frantzisko arrantzale herri honetan egon zen Ebanjelioa predikatuz. Afrika aldera joateko itsasontzia bertan hartu behar zuen. Baina pneumonia harrapatu eta bi hilabetez gaixo egon zen. Egonaldia irlan bertan egin zuen. Gerora, beste emakume bat, Santa Clara alegia, heldu zen irlara Asisko San Frantziskoren urratsak jarraitzeko asmoz. Hortik hartu zuen irlak Santa Klara izena.
San Bartolomeko mojek irlara joateko ohitura zuten abuztuaren 12an, Asisko Santa Clararen egunean, alegia. Bertan meza eta ospakizun bereziak egiten zituzten. XV. mendeko udal-agiri batzuen arabera, ermita bat zegoen uhartean; San Bartolome komentuarena zen. XVIII. mendean eskale bat ere bazegoen irlan. Ondasun guztiak kendutako gizon erdaldun bat omen zen eta istorio ugari kontatzen omen zuen. Agiri zaharrek diotenez, herejeak ere irlan lurperatzen zituzten.
Egunpasa egiteko leku zoragarria da Santa Klara. Bertan paisaia eta bista polita izateaz gain, oinarrizko zerbitzuak ere badaude. Bi taberna daude; mahaiak eta zuhaitzak ere bai. Itsasbehera dagoenean hondartza txiki bat sortzen da eta bertan bainua hartzea badago. Dutxak, komunak eta Gurutze Gorriaren eraikin bat ere badago. 1864an estreinatutako itsas-argia dauka.
Bertaratu nahiz gero, ekainaren 1a arte itxaron beharra dago, orduan hasten baita txalupen zerbitzua. Irailaren 30a arte bisitatu daiteke irla, ordutegi honen barruan: 10:00etatik 20:30ak arte. Ordu erdiro irteten dira txalupak irlarantz eta zazpi minutuko iraupena du ibilbideak. Normalean 3 txalupa ibiltzen dira. Txalupa bakoitzean 70 pertsona inguru sartzen da. Interesatuta egonez gero, Donostiako kaira inguratu eta bertan dagoen eraikinean txalupako bidaia ordaindu behar da. Txangoaren joan-etorriak 300 pezeta (12 libera) balio du helduentzat; 8 urte arteko haurrentzat, berriz, 150 pezeta. Hiru pertsona arduratzen dira jendea irlara eramateaz. Aitarengandik jaso dute lanbide hau
Gaztelugatxeko 365 eskailerak
XI. mendearen erdialdeko agirietan agertzen dira lehenengo aldiz irla honen inguruko datuak. Ermita XI. mendean gaztelu funtzioa bete zezan, eraiki zela uste da, data zehatzik ez bada ere. Historian zehar hainbat borrokaren lekuko izan da eta ez dago jatorrizko eraikuntzaren aztarnarik. XVI. mendean konpondu egin zen eta 1885ean berreraiki. 1978an jasandako sutearen ondorioz erabat berritu behar izan zen, baina lehengo itxurari atxikirik.
Bretainiara zihoazten itsasontzi erromatarrentzat erreferentzia-puntua izan zen eta seguru asko normandiar gerrarien "bisita"ri aurre egiteko harresi bat izango zuen.
Erdi Aroaren amaieratik aurrera bertara heltzen ziren erromesentzat aterpetxea izan zen. Bertan bizi zen sakristauak komentua zaindu eta erromesei beharrezko gauzak ematen zizkien.
ARRANTZA ONAREN ESKE
Zuhatza irla
1983an irlan euskarazko udalekuak egiteko lekua eskaini zion Eusko Jaurlaritzak Ikastolen Elkarteari. Geroztik, haur eta gazte asko pasa da bertatik. Gaur egun, Arabako Gazteriaren Foru Erakundeak kudeatzen du uhartea. Irlako zuzendaria, Koldo Gerrikaetxeberria, eta bi langile arduratzen dira urte osoan uhartea zaintzeaz eta garbi mantentzeaz. Uda iristean, langileen kopurua 26ra heltzen da. Maiatzaren 1ean irekitzen da aterpetxea. Bere irekieratik 500 pertsona inguru pasatzen dira irailaren 30ean ixten den arte. Irla gazteentzat bideratuta dagoen neurrian, ez dago guztientzat irekita. Erreserbak aldez aurretik egin behar dira.
Uztailean eta abuztuaren lehenengo hamabostaldian euskarazko udalekuak egiten dira. 14 egun egiten dituzte jarraian eta 14 urtetik beherako haurrak joaten dira, txanda ezberdinetan banatuta noski. Gainontzeko hilabeteetan, astean zehar, eskolarteko neska-mutilak joaten dira. Asteburuetan, berriz, kirol, kultur, aisialdi, guraso eta gazte-taldeetakoak etortzen dira. Taldeek gutxienez hamabikoak izan behar dute eta 18 urtetik gorako pertsona batek arduratu behar du taldeaz. Hiru zati ditu aterpetxeak: logelak, zerbitzu orokorra eta igerilekua. Bertako azpiegitura, gehiena egurrezkoa, honako hauxe da: jantokiak, sukaldea, langileen etxeak eta kanpamenduak.. Bezeroentzako lonazko 10 kanpamendu daude. Kanpamendu bakoitzak 50 lagunentzako literak ditu. Horrez gain, areto bat ere bai. Panelen bidez jasotako eguzki-indarrarekin funtzionatzen dute.
Gaztetxoek naturarekin harreman zuzena izateko leku aproposa da uharte hau. Leku lasaia eta atsegina. Zelaia, zuhaitzak eta berdegunea izateaz gain, 500 metro karratuko frontoi itxia egin berria du irlak. Gainera ekintza ezberdinak antolatzen dituzte gaztetxoentzat. Uretako ekintzei dagokienez, piragua, wind-surfa, arrauna, "optimist"a (belauntzi txikiak) eta pedaloiak dituzte. Noski, urtegiko uretan igeri egin ahal izateko leku itxi bat prestatuta dute, tranpolin eta guzti. Garai batean pottokak ere eduki zituzten. Erreserbak egiteko honako telefono zenbakira deitu behar da: 945-181988. Urtebetera egiten dituzte erreserbak sarritan
Valderejo, Arabako uhartetxoa
Valderejo hirigunetatik urrun dagoenez, mendearen erdialdean biztanle ugarik Gasteiz eta Mirandara alde egin zuen. Natur parke bihurtu zenetik, ordea, horietako batzuk itzuli egin dira eta etxeak konpondu dituzte paraje zoragarri hori ikustera hurbiltzen diren bisitariak hartzeko. Dena den, biztanle gutxi ditu, hogei inguru, eta, oraindik ere, ustiatu gabeko lurrez gozatzeko parada eskaintzen du.
Lau herri daude parkearen barnean, baina horietako bi hutsik daude, emigrazioaren ondorioz. Lalastra eta Lahoz dira populazioa dutenak eta bertako biztanleek nekazaritzatik eta abeltzaintzatik ateratzen dute bizimodua.
Bailara kare-harrizko hormek inguratzen dute, eta bertan pinudi, pagadi, artadi eta ameztiak dira nagusi. 1992an izendatutako natur parkea aberatsa da, halaber, faunan; besteak beste, sai arreak, basurdeak, azeriak eta arrano beltzak ikus daitezke. Dudarik gabe, bisitatzea merezi duen uhartetxoa
![]() |
|
||||
1767 zenbakia. Azkena || Hemeroteka
|
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa