Borneo
Duela bospasei urte bidaia koaderno batean idatziriko hitz zatarrak dira honakoak. Zergatik Borneo? Borneo irla bat delako. Borneo bustitzen duten itsasoetan oraindik piratak existitzen direlako. Oihaneko hezetasunak, moskitoek eta gau hotsek elikadura katearen maila arriskutsu batean jartzen zaituztela susmatzen duzulako. Sute ikaragarriak izaten direlako -erretzeko egurra geratzen delako besterik ez bada-. Bertan iraungitzear dagoen Iban herriaren azken 10.000 seme-alabek euren lurraldeen suntsipenaren aurka kementsuki borrokatzen dutelako. Borneora, aitona eta amonak herentzia aurreratu eta nahi duzun tokira bidaiatzeko txartela erosten dizutelako eta azkenik, borneotarrek, azalean zizelaturik, ipuinak kontatzen dituzten tatuajeak daramatzatelako.
Skrang ibaian gora eramango nauen kanoari itxaroten
Zer ostia egiten dut nik Kutchingo merkatuan?
Ondoan dudan eskale honek, 40 bat urte izango ditu. Zaila da gero asiarren adina asmatzea! Bada, adin horrekin, eta itxura denez hankak jaio zen egunetik falta zaizkionez, lokarriak lotu ez izanagatik bi egun baino gehiago aurreztu ditu honek bere bizitzan. Hala ere nahiko baba itsusiak ditu eskuan. Bere gorputza hara eta hona mugitzen duen karrotxoa bultzatzeagatik ziurrenik. Baina bi aldiz pentsatuz gero, honek guztiak ez du zentzu gehiegirik. Hemen jende guztia hanka hutsik dabil. Motor hotsa. Puf! Eskerrak. Une egokian azaldu da kanoa. Motorea gobernatzen, eguzkitako betaurreko beltzak eta gorputz osoa tatuaturik duen pirata itxurako gizon zahar bat. Koadernoa gordeko dut. Beroak gehiegitxo ez ote nauen putasemetzen pentsatu dut une batez.
Burezurrak habean zintzilik
Aurkikuntza bitxiaz harro, ehiztaria bere herrixkara lasterka itzuli zen, gertatutakoa kontatzeko irrikitan.
"Hitz egiten duen burezur bat aurkitu dut oihanean!".
Herriko buruzagiak ez zuen kontakizuna sinestu eta oihanean barneratu zen ehiztariarekin. Burezurra zegoen tokira iritsi zirenean, ehiztariak, makurtu eta berriro egin zion galdera. "Zu zergatik zaude hemen?" Baina burezurrak ez zion erantzun. Buruzagiak, haserreturik, labana hartu eta burua moztu zion ehiztariari. Buruzagia aldendu zenean, burezurrak galdera bat egin zion ehiztariaren buruari: "Zu zergatik zaude hemen?". Eta ehiztariaren buruak zera erantzun zion: "Hitz egiteagatik nago hemen".
(Iban gerlariek etsai bat akatzen dutenean, haren burua moztu eta oihanean uzten dute pizti eta zomorroek garbi dezaten. Kaskezurra besterik geratzen ez denean huntzez eginiko saskitxo batean sartu eta etxeko habean zintzilikatzen dute. Iban herriaren sinesmenean, hildakoen arima burezurrean ezkutatzen da. Mende hasieran, misiolari kristauek ohitura hau debekatu bazuten ere, Bigarren Mundu Gerran bertara hurbildu zen japoniar askok preso du arima oraindik huntzez eginiko saskitxo baten barruan).
Argia tatuaturik daramaten gerrariak
Baina tatuajea ez da ipuinen mapa soila. Iban gerrariak hiltzen direnean, eta euren arima huntzez eginiko saski batean preso dagoen kaskezurrean geratzen ez badira, oihana utzi eta mundu berri batera doaz. Eremu berri honetan, zerua lur bihurtzen da, gaua eguna, sua ura eta iluntasuna argia. Orduan, bizitzan zehar azalean tatuaturiko sinboloak, mundu berrian egin beharreko bidea erakutsiko duten argi iturri bilakatzen dira.
Boenga Terong (Iban olerkia)
Skrang ibaiko urertzean, karramarroak zakurraren koskabiloak tximurtxikatu zituen.
Skrang ibaian hondoratuta, karramarroa barrezka hari da. Skrang ibaiaren urertzean, zakur negartiak bere potroak miazkatzen ditu.
Martin arrantzalea urertzera hurbildu da eta zakurrak gertatutakoa azaltzen dio.
Martin arrantzaleak ibaiko uretan hondoratu eta bere mokoarekin karramarroa harrapatzen du.
Martin arrantzalea urertzera itzuli eta hankaz gora jartzen du. Martin arrantzaleak karramarroari barre egiten dio eta zakurraren jabe zaharra agertzen da.
Tatuaje gehien dituen atsoa, herriko jakintsuena da. Tatuaje gehien dituen atsoak karramarroa eta Martin arrantzalearen arteko urperaldi froga batez ebatziko du eztabaida. Tatuaje gehien dituen atsoak bi egun eta gau bat itxaron ditu urertzean karramarroa hatsik gabe urgaineratu den arte. Tatuaje gehien dituen atsoak arrazoia Martin arrantzaleak duela erabakitzen du
![]() |
|
||||
1767 zenbakia. Azkena || Hemeroteka
|
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa