Laudio Ikastola
Laudio Ikastola dugu Araba Euskaraz 2000ren antolatzailea. Galmakako ikastolaren gerizpean sortua, 800 ikasle izatera iritsi da. Duela bi urte egoitza nagusia handitu zuten, baina Haur Hezkuntzako ikasleak beste eraikin batean daude oraindik. Hasieratik euskarazko kalitatezteko hezkuntza eskaintzearren lan egin dute, eskola ordutik kanpoko jarduerei garrantzi handia emanez. Ildo horretatik, "Euskaraz Bizi" ekimena jarri zuten abian, euskara klasetik at ere hitz egin dadin.
Bi eta hemezortzi urte bitarteko 800 ikasle ditu Laudioko ikastolak, 1992an baino 140 gehiago. Haur hezkuntzatik hasi eta batxilerra arteko ikasketak eskaintzen dira, beraz, aurtengo Araba Euskaraz antolatu duen zentro horretan. Hasierako helburuei eusten die orain ere ikastolak, hezkuntza proiektua sendotzea behinena izanik. Ildo horretatik, 1990an HSAOL eta LOGSE etortzear zeudela, Etxaurren Ikastola abiatu zuen bailarako ikastolekin batera, batxilergoa bertan ezarri zutelarik.
Hezkuntza proiektua sendotzeko nahiari jarraiki, "Euskaraz Bizi" ekimena dute martxan. Egitasmo horren baitan antzerkigintza, kantagintza, bertsogintza tailerrak dituzte, euskarazko ikastaroak eskaintzen dizkiete gurasoei, eta barnetegiak antolatzen dituzte, ikasleek etxetik eta herritik kanpoko inguru euskaldunak ezagutu ditzaten. Baina eskolaz kanpoko bestelako jarduerak ere egiten dituzte, futbito, atletismo zein karate taldeak, edo informatika, dantza eta trikitixa ikastaroak dira horren adibide.
IKASTOLAREN HASTAPENAK
Egoitzari dagokionez, hainbat leku aldaketa ezagutu du ikastolak bere historian. Hasiera batean Errazti familiak 1960an sortutako Galmaka auzoko ikastola aitzidarian izan zituen ikasgelak.1978an, Gurasoen Kooperatibak Arabako Foru Aldundiaren laguntzaz egungo egoitza nagusia eraiki zuen. Aurretik, ordea, Villosa enpresaren txalet batean, eraikin prefabrikatuetan, Galiziar Elkartearen egoitzan eta egungo kultur etxean eman behar izan zituzten klaseak. Leku falta zela eta, 1984an Motxotekaleko ikastetxe publikoan gela batzuk utzi zizkieten eta han kokatu zuten haur hezkuntza. Gerora ere leku arazoak izan dituzte, eta lau eraikin desberdinetan izan dituzte ikasgelak. Duela bi urte eraikin nagusia handitu zuten, hamar gela berri eta areto berriak ezarri zituztelarik. Oraindik Haur Hezkuntza bateratzea falta zaie; ea igandeko jaiak zeregin horretan laguntzen dien.
GALMAKAKO IKASTOLA AITZINDARI
![]() |
|
||||
1766 zenbakia. Azkena || Hemeroteka
|
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa