Laudio euskalduntzen
Euskalduntze ikastaroak 1975 inguruan hasi ziren Laudion. Lau urte beranduago, Euskaltzaindiak ordezkaritza bat bidali zuen euskara eskolak eman zitzan. Harrezkero Udal Euskaltegiak eta Berbots Euskaltegiak hartu dute lekukoa.
Urtean zehar hainbat ekimen pedagogiko izaten dira Udal Euskaltegiaren eskutik, euskalduntzea helburu izanik. Bestela ere, Laudioko Euskaltzaleen Batzarreak antolatzen duen kultur egitarauan parte hartzen du euskaltegiak. Euskaltegiko arduradunek 20 urteren buruan euskararen ezagupenak eta erabilerak izandako hazkuntza azpimarratu nahi izan dute. Izan ere, 1996ko erroldak biztanleen %21 euskalduna zela adierazten zuen, eta hamabi urte lehenago euskaldunen kopurua txikiagoa zen, %10.
LAUDIOKO BERBOTS EUSKALTEGIA
Laudiarrak euskalduntzeko lan egiteaz gain, ekitaldi ugari antolatzen ditu euskaltegiak, ikasleak euskal kulturaren partaide senti daitezen. Esaterako, Gaztelu edo Gernika bezalako euskal guneetara egiten dituzten asteburuko irteerak eta bertso afariak.
Bestalde, Laudioko Euskaltzaleen Batzarrak antolatzen dituen ekitaldietan esku hartzen dute. Momentu honetan LEBekin batera herriko euskaldunen errolda bat egiteko ekimenean dihardute, eta udaletxearekin harremanetan jarri dira, zeregin horretan lagun diezaien
LEB duela hamar urte sortu zen Laudion, euskararen normalizazioaren alde jarduteko. Herrian euskaldun kopuru handia zegoela ikusi zuten, baina jende askok ez zuela euskara egunerokotasunean erabiltzen, horregatik sortu zuten elkartea. Beti ere euskal kultura zabaltzearren dihardute LEBekoek, eta egun 30 bazkide ditu elkarteak. Urtero Santa Luzia eta San Antonio egunen inguruan erromeriak egiten dituzte, eta urtean zehar hainbat ekintza antolatzen dute, besteak beste, Olentzero eguneko jaia, hitzaldiak eta antzerki emankizunak.
LEBekoak Basalarrina euskalgunearen sorkuntzan ari dira lanean herriko beste elkarteekin batera 1998tik. Elkarteko kideen arabera, heldu askok euskaltegietan ikasi du eta haur eta gazteek ikastola eta eskoletan, baina ez dago euskaldunentzako erreferentziazko gunerik. Hain zuzen ere, hutsune hau bete nahi du Basalarrinak. Lokala amaitu gabe badago ere, ekainaren 18an zabaldu nahi du elkarteak. Dagoeneko proiektu honek 100 kide ditu, eta hilero Basalarrinako Oihartzuna informazio-orria jasotzen dute, proiektuaren nondik-norakoen berri izateko. Halaber, gune horretan kide kolektiboak barneratu nahi dituzte antolatzaileek euskararen txoko hau indartzeko, hala nola, eskolak, elkarteak eta udala
![]() |
|
||||
1766 zenbakia. Azkena || Hemeroteka
|
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa