Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2009-07-02 14:10:49
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza
  • Hasiera >
  • >
  • DURANGALDEKO HERRITARRENTZAKO ANBOTO HERRI TELEBISTA

2000-06-18 -- 1766.zenb

DURANGALDEKO HERRITARRENTZAKO ANBOTO HERRI TELEBISTA

Ima Eguen

Anbotoko magalean dagoen eskualdean euskara hutsean jardungo duen herri-telebista sortu gura dugu bertako euskara elkarteok. Eixu!, Gurien bai, Barriketan eta Berbaro euskara elkarteok Durangaldeko Herri Komunikabideak elkartearekin bat egin, eta komunikazio arloan dagoen hutsunea bete gura dugu ekimen honekin, izan ere, gure eskualdean aldizkarigintza -"Eraz"- baino ez dugu jorratu orain arte, eta uste dugu badela ordua komunikazio arloa sendotu eta osatzeko.
EUSKARA Biziberritzeko Plan Nagusian, datozen hamar urteetarako erronka nagusiak aztertzen diren atalean, telebista aipatzen da, besteak beste. Plan horren arabera, euskarazko herri-telebisten garapen-markoa lantzeko lan-ildo bat martxan jarri behar da, proiektuok bultzatzen ari diren eragile sozialen eta erakunde publikoen artean. Gure hausnarketatan ere lehentasunezko eginkizuntzat hartu dugu herri telebista sortzea, erronka horri ilusioz beterik heldu diogu, eta inguru honetako udalak zein udalez gaindiko erakundeak bidelagun izan gura ditugu ekimen honetan, ezinbestekoa baita herri-erakundeak eta gizarte eragileak elkarlanean aritzea herritarrei eskaini gura zaien informazio-zerbitzu hau abian jartzeko.
Lankidetza hori bideratzeko lehenengo urratsak ematen hasita gaude: dagoeneko proiektua landuta daukagu eta inguruko udaletara jo dugu horren berri emateko euskararen onerako den lehentasun honetan bat etorriko garen esperantzarekin.
Gure telebistaren ezaugarrien berri ematen hasi orduko, ezinbestekoa irizten diot Debagoiena aipatzeari, eskualde hori izan delako Euskal Herriko herri hedabideen habia, eta bihar-etzi gure eskualdean sortuko den telebistaren egitasmoa osatzeko Goienatik edan dugulako.
JAIO barik dagoen Anboto telebistan eskualdeko informazioa landu gura dugu, herri bakoitzaren nortasuna eta hurreko albisteak islatzeko asmoa daukagu, euskara hutsean, gure hizkuntzari esparru berriak eta modernoak irabaztea komeni zaiolako, biziko bada. ETBren osagarri izan gura dugu, nazio mailako telebistak eta eskualdekoek bat eginez, euskarazko audiobisualen sare indartsu eta bizia osa genezakeelako. Integraziorako tresna izatea dugu helburu, euskaldunak eta erdaldunak gure inguruan biltzea, alegia. Durangaldeko herritarren artean dagoen berezko loturaz baliatuko gara eskualde honen baliabideak optimizatzeko. Eta, harrotasun apur batekin, beldur barik esan dezakegu gure eskualdean badagoela kirol arloan, kulturan, enpresagintzan zein beste eremu batzuetan zer erakutsi eta zer eskaini. Beraz, horiei guztiei leihotxo bat zabaldu gura diegu Anboto telebistan.
Asmoak gauzatzen asmatuko ahal dugu!

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan