Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-09-04 17:20:17
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2000-06-18 -- 1766.zenb

Arturoren Kaiera


HIZKUNTZA SEXISTAREN HARIRA

Ipar Euskal Herriko Emazteek Diote eta Eraikizan elkarteek oharpen eta eskaera zenbait bideratu dute hainbait hedabidetara hizkuntza sexistaren inguruan. Hitzen erabilpen sexista baztertzeko eskatzen dute eta horien ordez hitz neutroak baliatzea. Esaterako, "giza" edo "gizon" ordez, "jende" edo "pertsona; "gizarte" ordez, "jendarte"; edo "anaitasuna"ren ordez, "haurridetasuna". Komunikabideen arteko bilkura batera dei egin dute hitzon erabilera bultzatze aldera.


EUSKARA HUTSEZKO DOKTOREGO-PROGRAMA

Euskal Herriko Unibertsitateko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateak, eta Ikus-entzuteko Komunikazio eta Publizitatea eta Kazetaritza sailek antolatuta, euskara hutsezko lehen doktorego-programa jarriko du abian datorren ikasturtean Leioako campusean.


DIMISIOA NAFARROAN

Nafarroako Gobernuko Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusiko talde arduradunak, Fernando Perez de Viņaspre buru duela, bere dimisioa aurkeztu zuen iragan ostegunean. Azken egunotan, hainbat esparrutatik heldu diren kritiken ondotik, zera adierazi zuten, besteak beste: "Euskara, Nafarroan, balore neurtezineko ondaretzat hartzen dugu, oso egoera larrian dagoelako, irauteko eta garatzeko ezinbertzekoak diren eremu batzuetan erabil ezin daitekeelako, uste dugu bere biziraupena are korapilatsuago eginen lukeen ekimenik ez dela aurrera eraman behar".


UMANDIREN "ASMO-IZTEGIA" KALEAN

Iragan astean aurkeztu zen Andoni Urrestarazu "Umandi"k idatzi baina gaur arte argitaratu gabea zen "Asmo-iztegia". Arabar gramatikariak hiztegi ideologikoen gisa diseinatu zuen eta 300.000 fitxatik gora bildu zituen.

Aurpegia

Edurne Atxikallendek albistegien ardura du Gernika-Lumoko Onda Vasca irratian.
guztia irakurri

Bagak

Badakigu zein den Onda Cero irratiaren jokamoldea abertzale usaina duen oro ikusmiran jartzeko. Zorionez, beste irratietan ez bezala, Telefonica taldearen katean badute bestelako iritzia ematen duenik; Gorka Landaburu solaskidea, hain zuzen. Lehengo egunean esaterako, bota zuen Osasuna lehen mailara bueltatu izana Nafarroan ez ezik, EAEn ere alaiki ospatu dela, orain lehen mailan lau euskal talde daudelako. "Vasco" eta "nafar"en arteko lotura historikoak ukaezinak direla. Harrigarriro, Del Olmoren tertuliakide mihi gaiztoek ez zuten txintik ere esan

EZPALAK


BEDERATZI IKASTARO UEUN

UZTAILAREN 10ean hasi eta 13ra arte bederatzi ikastaro jorratuko dira Udako Euskal Unibertsitatean Biarritzen. Beraz, iaz baino ikastaro bat gehiago burutuko da. Besteak beste, honakoak eskainiko dira: Soziolinguistika saila hizkuntza politikaz arituko da, Pedagogia ikastaroan gogo-erabilketak izan dezakeen balioa jorratuko da, musika sailak tailer praktiko baten bidez, musikalitatea landuko du, Soziologia eta Zientzia Politika sailak bi ikastaro aurkeztuko ditu: "Nazioarteko ordenu berria: NATOren birjaiotza Washingtongo gailurretik aurrera" eta "Euskal Herri@.kom?", eta Sexologia ikastaroan norberaren gorputza ezagutu eta lantzen erakutsiko da. Aurtengo ikastaroen helburu nagusia bestalde, joan den urteko 200 matrikulak gainditzea eta Ipar Euskal Herriko ikasleak erakartzea da.


EUSKAL KAZETARITZA IKERTUZ

RIKARDO Arregi Mintegiak Rikardo Arregi Kazetaritza Ikerkuntza Beka antolatu du. Euskal Herriko Unibertsitateak eta Andoaingo Udalak antolatutako bekara unibertsitate ikasketak amaiturik dituzten edo hirugarren zikloan dauden ikasleak aurkeztu daitezke. Horretarako euskarazko kazetaritza ikuspegi historiko eta zientifikotik aztertuta, sortutako gaia aurkeztu beharko dute. Uztailaren 1etik 20ra finkatu dute entrega epea eta hil horren 31an ezagutzera emango da irabazlearen izena. Pertsona horrek gutxienez urtebetez egin beharko du lana aurkeztutako proiektuan. Ondoren, lan hori argitaratu daitekeelarik. Beka honen helburu nagusia euskal kazetaritzaren ezagutza sustatzea da.


"IONE, IGO ZERURA" EUSKARAZ

IONE, igo zerura" izango da aurten euskaraz estreinatu den lehenengo filma. Joseba Salegi zuzendari nafarraren lehenengo filma azaroan estreinatu zen Euskal Herriko zinemetan eta Valentziako XX. Mostran aurkeztu zen. Ekainaren 16an Usurbilgo Urbil gune komertzialaren Lauren Gipuzkoako zine aretoetan ikusi ahal izango da euskaraz. Ekainaren 19an Donostiako Antzoki Zaharrean eskainiko dute.


BARANDIARANEN AHOLKUEI SO

EAEko monumentu megalitikoak legez babestea erabaki du Eusko Jaurlaritzak. EAEn guztira 523 trikuharri, tumulu, zutarri eta mairu-baratze dago, horietako 234 Gipuzkoan, 149 Araban eta 140 Bizkaian. Babesteko lehen pausoa Gipuzkoan eman du Kultura Sailak. Arautze lana errazteko 28 gune megalitiko bereiztu ditu eta hauei kultur ondasun kalifikatuaren trataera emango zaie hemendik aurrera. Gipuzkoaren atzetik, Arabako eta Bizkaiko monumentu megalitikoak babestuko ditu urtea amaitu aurretik. Bost hamarkada igaro dira Joxe Migel Barandiaranek erakunde ofizialei historiaurreko ondarea gordetzeko eskatu zienetik.

HITZ BITAN

Xabier Erkiziaren iritzia da hau "Ttipi-Ttapa"n bildua: "Euskal Herrian ia ez dago musika esperimentalaren kulturarik, jendeak irratian edo telebistan aditzen dionari segitzen dio, hor barna dauden eskaintza berriei erreparatu gabe".
Juan Etxeberriak esanak dira hauek EHUko Udako Ikastaroei buruz "Euskaldunon Egunkaria"n: "Proposamenok jasotzen ditugunean, euskararen aldeko diskriminazioa egiten dugu, arazoa da proposamen gutxi jasotzen ditugula ikastaroak euskaraz egiteko".
Peio Etcheverri Ainchart honela mintzo zen "Gara"n: " Estatu frantsesak ulertu du, euskararen aldeko borroka ongi trabatzeko, diruaren erronkak kontrolatu behar dituela. (...) Batez ere dirulaguntzak emanez gero, mugimendua menpekotasunean ezartzen duela".
Edorta Jimenez Ormaetxeak telebistari buruz hausnartu zuen "Gara"n: "Telebista-kate indartsuenek gau eta egun pantaila beterik ukaitea erabaki zutenez gero ahulek indartsuen legera makurtu beharra izan dute. (...) Euskal Telebistak iladan jarri zuen bere burua, zaborreria eta giza-hondakinak eskaintzeko".

Ikatza

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren menpeko Donostiako Ikuskaritzak bere pazienteei igorritako agiriak gaztelera hutsezkoak dira. Hauetan, esaterako, sendagilearen aurrera noiz aurkeztu behar duen edota aurkeztu beharreko dokumentazioaren berri ematen da, baina beti ere gaztelera hutsez.

IZENAK

Tere Irastortzak sormen naturala eta kultur sormena ditu mintzagai Pamiela argitaletxearen eskutik kaleratu duen liburuan. "Izen gabe, direnak. Haurdunaldi beteko khantoriak" poema liburua Irastortzak argitaratzen duen zazpigarren liburua da.
Lorea Agirre kazetariak Rosa Luxemburg-en lehen euskarazko biografia plazaratu berri du Elkarlanean-en eskutik. Rosa Luxemburg orain 81 urte hil zen eta bere hainbat iritzi ezkutuan geratu dira. Iraultzaile poloniarraren inguruko dokumentazio lan zehatzarekin hornitu du Lorea Agirrek biografia.
Jose Angel Achonek "Esteban Garibai Zamalloaren 'Memoriak' " liburua kaleratu du. Bertan historialaria bizi izan zen garaiaren berri ematen du, Gipuzkoako nobleziako hainbat familiari buruzko datuak eskainiz.

PRINTZA

Pello Apezetxeak esanak dira hauek Nafarroako euskararen aferaren inguruan "Euskaldunon Egunkaria"n:
"(...) Franco hil zenean, aro berri bati hasiera eman geniola pentsatu genuen, askatasun eta eskubideen aro berria, demokrazia omen zen aroa. Orduan ere, ordea, ametsak errealitatearekin nahasi genituen. Diktadurako urteak zigorrik gabe igaro zituena demokraziako denboran ez zela ongi ikusia izanen erraten zuen lagun batek. Nahikaria eta ameskeria! Demokrazia omen zenekoan ere, Francoren urteetan fitxatutakoek fitxatuak jarraitu zuten, eta gaur ere fitxatuak daude, Franco hil eta hogeita bortz urte geroago. Non eta ez dion euskaldun izateari uko egin. Eta euskarari buruz Sanzek eta Lizarbek errandakoek zenbateko aldea dute diktadurako jokaerarekin? Euskara debekatu, orduan, euskarari atakak eta oztopoak paratu, gaur. Espainiaren izenean, orduan, eta Espainiaren izenean, gaur. Lehen eta orain, Espainiaren izenean espainiarra izatera eta gazteleraz bizitzera behartu, eta euskalduna izaten, euskaraz bizitzen, ez utzi. (...) Franco eta Francoren diktadurako urteetan, bera zen gaitz guztien errudun, diktadurak zanpatzen zituen giza eskubideak. Baina gaur PPk eta PSOEk, demokrata izenarekin, euskaldunak euskaraz bizi nahia gehiegikeriatzat jotzen dute, gehiegikeriatzat ez ezik baita gaiztakeriatzat ere".

Txori Batek Esan Digu


GOIENA TELEBISTA LEHEN TXANPAN DABIL

Arrasate telebista zena GoiTB bilakatu da, Debagoiena bailara osoan gertatzen denaren berri emateko. Herriz herriko albisteak emango dituen lantaldea osatua dagoela, Leintz eta Aramaio aukeratu dituzte lehen emisioak probatzeko. Uda ondoren, Arrasate, Bergara, Aretxabaleta, Eskoriatza, Oņati eta Antzuola aldera zabalduko da


ZENTSURA LOTSAGARRIA "ANAIA NAGUSIA"N

Zalaparta handia sortu du euskal presoen solidarioa "Gran Hermano"ko etxean bat-batean sartu izanak. Hedabide eta Interneteko solasaldietan ordea, bere ekintza baino gehiago, askoz kritikatuagoa izan da Tele 5ek zuzeneko emanaldia moztu izana, zentsurarik makurrena erakutsiz. Via Digitalen ere kanpoaldeko kamera sakatu zuten


"BARRIO" FILMA TELESAIL BIHURTUKO DUTE

Via Digital ere lehen plataforma izan da film bat telebistara egokitzen. Lan aukeratua Madrilgo auzune bateko bizimodua kontatzen zuen Fernando Leon de Aranoaren "Barrio" film saritua da, Elias Kerejeta ekoizlearekin hitzarmen bat adostu ondoren. Filmaketa uda honetan hasiko da, hiru protagonistak filmeko berberak direla

Urrea

Eta Kitto! Euskara Elkarteak, Eibarko Udalak eta Hobetuzek Eibarko enpresetan euskara zabaltzeko helburua duen Ardatza programa aurkeztu zuten iragan astean. Egitasmo hau bideratzeko azken hilabeteetan egindakoa aztertu eta irailetik aurrera jarriko da martxan programa.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan