EUSKAL FUTBOL SELEKZIOA
Igandean Euskal Selekzioaren II. Eguna ospatuko da Bilbon, "Euskal Lizentziak Bai" lemapean. Aldarrikapenak badu historiarik eta euskal futbol selekzioak bere bidea 1915ean hasi zuen. Hala dio, bederen, "Euskadiko Futbol Selekzioaren Historia" liburuak.
Iosu Etxaniz2000-06-11 |
Ekainean gaude, futbol-liga bukatu dela oso denbora gutxi da eta laster Holanda-Belgikako Eurokopa ikusgai izango dugu edonon eta uneoro. Eta beste behin ere, gure nazioarteko jokalariek ezin Euskal Herria ordezkatu, selekzio ofizialik ez eta beraz txapelketa honetarako sailkatzerik izan ez dugulako. Agian hurrengoan? Dena den, euskal jokalariek badakite zer den Europako, eta baita Amerikako, nazio askoren aurka lehiatzea, Joseba Gotzon Valero idazlearen "Euskadiko Futbol Selekzioaren Historia" liburuak argi uzten duen moduan. Hona hemen historia luze eta sakon horren laburpena.
1915-16: "IPARREKO FEDERAZIO ERREGIONALA"REN ARRAKASTA.
Beraz, euskal konbinatu baten lehen partida Madrilgo Athletic Club-aren zelaian izan zen, 1915eko maiatzaren 12an, Kataluniaren kontra, eta hona hemen historiarako geratuko zen hamaikakoa: Eizagirre, Carrasco, Hurtado, Artola, Belauste, Peņa, German, Pagaza, Legarreta, Patricio eta Ramon. Gainera, 1-0 irabazteaz gain, gero txapelketa bera ere euskal eskuetan geratu zen.
Euskal jokalarien lagun-arteko lehen bi partidak ere Kataluniaren aurka izan ziren, 1916an, eta mediterraniarrak errebantxa gogoz bazeuden gauzak ezin okerrago atera zitzaizkien, Bartzelonan 1-3 irabazi zutelako, eta Bilbon, berriz, 5-0.
1922: "EUSKALDUNEN BIDAIA" ETA LEHEN PORROTAK.
1930-31: "BASKONIA" ETA, BERRIZ ERE, KATALUNIA PAREZ-PARE.
1937-39: "EUZKADI"REN BIRA PROPAGANDISTIKOA.
Bira honen muina, alde batetik, beste nazio batzuetara ebakuatuak izan ziren "gudako ume"entzako dirua jasotzea zen eta, beste alde batetik, Errepublikaren barruan Euskal Gobernuaren existentziaren berri ematea. Bi partida jokatzera abiatu baziren ere, gehienek beren bizitzaren bi urte eskaini zioten ekimen historiko honi: Luis Regueiro kapitaina, Langara, Larrinaga, "Emilin", Ahedo, Areso, Zilaurren, Blasco, Mugerza, Gorostiza, Etxebarria, Eguskiza, "Pablito", Ciriaco, "Kuki", Soladrero, Zubieta, Bilbao, Sanchez, Unamuno, Iraragorri, Pedro Regueiro, "Txirri II", Ipiņa, Markuleta, Lekue eta "Bata". Bira luze honek gure historiaren datarik beltzenetako batean hasteko zoritxarra izan zuen, 1937ko apirilaren 26an, eta nahiz eta Parisko Racing-i, Frantziako txapeldunari, 0-3 irabazi, Gernikako bonbaketak arrakastaren hotsa mutuarazi zuen. Paradoxa dramatikoa; partidaren aurreko bazkaria, paristarrekin batera eginikoa, "Gernikako Arbola" ospetsuarekin bukatu zen.
Parisen ondoren, hurrengo geldialdia Praga izan zen eta han txekiar selekzioaren aurka 3-2 galdu zuten. Beranduago Frantziara itzuli ziren, han bertan biratxoa egiteko asmoz.
Polonia katolikoan euskal jokalarien harrera polemikoa izan zen, jende gehienak "komunista eta gorri"tzat hartzen zituelako. Gero, igandean mezara joan eta bertan banan-bana jaunartzen zutela ikusi zituztenean poloniarrak harrituta eta zer esan jakin gabe geratu ziren. Katowice-n Silesiako selekzioaren aurka jokatu zuten, eta baita 4-5 irabazi ere.
Ekialderako bidean selekzioak Errusia, Bielorrusia, Ukrainia eta Georgia herrialdeak ezagutzeko aukera izan zuen. Moskura 1937ko ekainean iritsi ziren eta harrera lehen unetik apoteosikoa izan zen, jendetza handia, lore-sorta mordoa, musika-banda eta hainbat agintari zain zituzten. Beren egonaldian denetarik izan zuten gozagai. Hori bai, lehen egunean, meza entzutera Finlandiako Enbaxadara hurbildu behar izan zuten... Lehen partida Moskuko Locomotive-ren aurka jokatu zuten, 90.000 ikusleren aurrean, hegazkin batetik bota zituzten loreen artean eta beste hegazkin batetik jauzi egin zuen jauskari batek ekarri zituen baloiez. Dena den, euskal jokalariek ez zuten errukirik erakutsi eta moskutarrak 1-5 jipoitu zituzten. Hortik aurrera gure jokalariek erakustaldi mordoxka burutuko zuten herri eslaviar hauetan eta beren jokoa ikusteko hainbat eta hainbat gonbite jaso zuten, estadioak oso txiki geratzen baitziren ikusi nahi zituen jendearentzat.
Oro har euskal jokalariek beren nagusitasuna erakutsi zuten herri hauetan zehar, bertakoak harriturik utziz eta teknika mailan gauza asko erakutsiz. Moskuko Spartak-en kapitain zen Starostin jokalariak hitz hauekin laburtu zuen euskaldunen eragina sobietar futbolean: "Gure futbolaren jaiotze-data erreala 1937 dela uste dut". Laburbilduz, "Euzkadi"k zazpi garaipen, berdinketa bat eta porrot bakarra jasan zituen. Honen ostean selekzioa Parisera itzuli zen, non lehen bajak ezagutu baitzituen, zenbait jokalarik Euskal Herrira itzultzea erabaki zuelako. Halere, gehienek beren misioari eutsi eta nahiz eta ordurako europar taldeetatik eskaintza franko jaso, baturik jarraitu eta beren bira amerikar lurretara eramatea erabaki zuten, 1937ko urritik aurrera. Bertan, antolaketaren aldetik zenbait arazo izan zuten, bilduko zuten dirua azkenean Francoren eskutara iritsi zitekeenaren beldur. Mexikon era guztietako euskaldun eta espainiarrak ibiltzen ziren, bakoitza bere interesekin, eta nortaz fidatu eta nortaz ez moduko zalantza eta zurrumurruak eguneroko kontua ziren. Azkenean, kirolari dagokionez, 10 partidatan euskal konbinatuak zazpi irabazi eta bi galdu zituen.
Ondoren, 1938an jadanik, Kubara igaroko ziren eta han ez zuten partidarik galdu. Argentinan ere bertako talderik garrantzitsuenen aurka jokatzekoak ziren, baina FIFAren era guztietako presioek ez zieten aukerarik eman eta geratzen zen diru apurrarekin jokalariek Kubara itzultzea erabaki zuten, argentinar taldeetatik jasotzen zituzten eskaintzei uko eginez. Dena den, taldearen egoera ekonomikoa eta animikoa gero eta makalagoa izateaz gain kanpotik jasotzen zuten presioa gero eta handiagoa zen. Mexikora joan ziren, baina dagoeneko hortik aurrera jarraitzea ezinezkoa izango zela ikusten zen. Bertan mexikar ligan parte hartu zuten eta baita 1938-39koa irabazi ere (egileak lortutako azken informazioek datu hau ukatu egiten dute eta nahiz eta liburuan agertu, hurrengo ediziorako zuzendu nahi du). Azkenean, kanpoko zein barruko presioen eraginez, eta "Euzkadi"ren lehenbiziko misioa alde batera geratzen ari zenean, selekzioaren autodisoluzioa etorri zen, 1939ko abuztuan.
1979-80: TRANTSIZIOKO "EUSKADI".
Hurrengo partida urte bereko Gabonetan eta Atotxan izan zen; aurkari Bulgaria, eta emaitza 4-0 gure koloreen alde.
Dena den, hurrengo urtean Euskadiren berragerpenak geldialdia ezagutu zuen, Mendizorrotzan jokatutako norgehiagokaren arrakasta askoz murritzagoa izan zelako, bai kirolaren aldetik (1-5 Hungariaren aurka) zein jendearen erantzunaren aldetik.
1988-90: "EUSKADI"REN BESTE SAIAKERA BAT.
1993-99: URTEAN BEHINGO "EUSKADI".
2000TIK AURRERA: SELEKZIO OFIZIALA HELBURU.
Joseba Gotzon Varela Gomez, futboleko euskal selekzioaren inguruko informazioa luzatu digun 38 urteko portugaletearra kirolari baino, musikari gehiago lotua dago. Baina hara non selekzioari buruz dagoen lan bakarretakoa prestatu eta idazteari ekin zion orain dela bi urte.
Nola bururatzen zaio musikagile eta idazle den bati euskal futbol selekzioaren historia idaztea?
Idazlea izateaz gain futbolzalea eta gai berriak bilatzen dituen horietakoa naiz; horrela, Portugaleteko eta inguruko zein Euskal Herriko zortzikoteei buruzko zenbait liburu prestatzen ari nintzela, euskal selekzioaz ere ez zegoela gauza handirik idatzita bururatu zitzaidan, eta horri ere ekin nion. Egia esan, lehendik ere gaiari buruzko hainbat artikulu idatziak nituen, beraz, hutsetik ere ez nintzen hasi.
Zeintzuk izan ziren zure informazio-iturri nagusiak?
Nagusienetakoa hemeroteka izan zen. Bestalde, Arteako Abertzaletasunaren Agiritegian, argazki zaharrez gain, eskuz idatzitako agiriak ere aurkitu nituen, gerra zibilean zehar selekzioaren biraren xehetasun asko eskaintzen dituztenak. Georgiar liburu bat ere oso iturri garrantzitsua izan da. Euskal jokalarietaz eta hauen biraz hitz egiten du. Orain dela bizpahiru urte Athleticek Tiblisin jokatu behar izan zuen Txapeldunen Ligan sartzeko eta hemen bizi den georgiar baten bitartez itzulerako partidarako liburuok eskuratzea lortu nuen. Zenbait elkarrizketa ere egin nuen, Iribar, Amorrortu eta Gerra Zibileko taldetik geratzen zaizkigun Pedro Areso eta "Emilin"ekin ere bai.
Bigarren edizioa noizko?
Etorriko da, baina oraindik bizpahiru urte itxaron beharko dira. Hori bai, edizio berrikusi eta behin-betikoa izango da, oraingoak -hainbat iturrietaz fidatzeagatik- duen akatsen bat zuzendu asmoz naizelako. Esaterako, jende askok uste du Gerra Zibileko euskal selekzioak Mexikoko Liga irabazi zuela eta ni ere hala informatu ninduten, baina hori ez da horrela. Selekzioa desagertu ondoren, euskal jokalariak, kataluniar eta Espainiako beste jokalari batzuekin batera klub batean sartu ziren, "Espaņa de Mejico"n, eta bigarren geratu ziren, baina ez Euskadi bezala jokatuz. Beraz, hurrengo edizioa zehatz-mehatza izatea espero dut