Musika Interneten
Informazio kopuru izugarria dabil uneoro, batetik bestera, Interneten. Testuak, irudiak... eta gero eta gehiago audio eta bideo formatuko artxiboak. Hauek arazo bat dute, ordea: espazio handia okupatzen dute. Musika sarearen bitartez zabaltzeko, beraz, soinua ahalik eta gehien konprimitzean dago gakoa. Kalitatea ahal den neurrian mantenduz, beti ere. Zentzu horretan MP3 formatuak jauzi handia ekarri du, berau erabilita soinuak askoz toki txikiagoa betetzen baitu kalitateari kalte handirik eragin gabe. Musika Interneten entzun edota saretik jasotzea gero eta errazagoa denez, MP3ak musikaren mundua goitik behera aldatuko duela (edo aldatzen ari dela) aurreikusten du askok.
Zer da MP3? MP3 izen luzeago baten laburdura da berez: MPEG-LayerIII. Eta MPEG, aldiz, Motion Picture Coding Experts Group-en laburdura. Konpresio algoritmoa da MPEG-LayerIII, batetik datu errepikapena erabiltzen duen, baina, bereziki, teoria psiko-akustikoez baliatzen den algoritmoa. Beste modu ulergarriago batean esanda, MP3ak giza entzumenak antzematen ez dituen eta beste soinu batzuei gainjartzen zaizkien soinuak ezabatzen ditu. Praktikan, 4 minutuko abesti batek Wav formatuan (lehen erabiltzen zen formatua) 40 Megabyte (Mb) betetzen zituen bitartean, MP3 formatu digitalean 4 Mb baino gutxiago nahikoak dira horretarako. Zer esan nahi du horrek? CD bakar batean 10 edo 11 ordu gorde daitezkeela (100-150 kantu), musika Internetetik azkarrago jaso daitekeela eta gure ordenagailuari askoz memoria gutxiago jango diola. Soinuaren kalitatea galtzen dela? Bai, baina ez gure entzumenak antzemateko neurrian.
MP3 formatuko artxiboak maneiatzea erraza da gainera, eta ez du ekipo informatiko berezirik eskatzen. 486 ordenagailu bat eta soinu tarjeta soil bat (16 bit) nahikoak dira. Musika sarean bertan entzun edo ordenagailura jaitsi daiteke. Norberak bere MP3 artxiboak ere sor ditzake edota kantu bildumak sortu eta formatu desberdinetan gorde. Musika ordenagailuan entzun ahal izateko softwarea oso merke (batzuetan dohainik) lortu daiteke sarean bertan. PC-arentzako erreproduzitzaile zabalduena WinAmp da eta Macintosh-entzako, berriz, MacAmp.
TRESNA BERRIAK.
Tresnez gain, MP3aren inguruan programa berriak ere etengabe ari dira sortzen: DJ-entzat erreproduzitzaile edo Player bereziak, CDetatik MP3ak sortzeko Ripper-ak, konpresiorako Encoder-ak...
AUKERA ZABALA.
Alderdi teknikoak albo batean utzita, MP3 formatua erabiltzen duten webguneetara jo ( hurrengo orrian gune esanguratsuenen zerrenda bat ipini dugu) eta aukera zabalarekin egingo du topo erabiltzaileak. Gune bakoitzak ehundaka artista eta kantu desberdin, ezagun nahiz ezezagun, eskaintzen ditu. Estilo ezberdinen zerrenda ipini ohi dute aukeran gune hauek, eta gehien entzun eta jaitsitako kantuen zerrenda ere moldatzen dute. Berrikuntzak aurkezten dituzte batzuk edo promozionatu nahi dituzten abestiak nabarmentzen. Guztiek bilatzailea ere badute, musikariaren izenez nahiz abestiaren titulua ipiniz funtzionatzen dutenak. Bi aukera eskaintzen ditu abesti bakoitzak: sarean bertan entzutea bata, ordenadorean gordetzea bestea. Kantu batzuk doan eskaintzen dira, beste batzuk, ordea, ordaindu egin behar dira. Gainera, talde eta musikarien informazioa eskaintzen dute webgune gehienek.
HASIBERRIAK IZARREN PARE.
Promoziorako aukeratutako euren abestiak 1.000 entzuletik gora izan dituela esaten dute enpresak emandako datuek. Horietatik erdiek ordenagailura jaitsi dute gainera. "Zure lana ezagutzera emateko aukera duzu eta zure taldea musikako izar handien ondoan, aukera berberekin, jartzea ahalbidetzen du euskarri honek".
Elkarlana ere bultzatzen du MP3aren garapenak eta kantu berbera batera lantzen jardun dezakete elkarrengandik milaka kilometrora dauden bi musikarik.
Musikaren industria irauli dezakeen formatu honen etorkizunaz inork zalantzarik balu, kontuan har beza datu hau: searchterms.com-en arabera, "MP3" bigarren termino erabiliena da bilaketa motoreetan. Bilatuena "sexu" hitza da
MP3 FORMATUA MUSIKAREN INDUSTRIARENTZAKO mehatxu handia da, kasetea asmatu zenetik izan duen mehatxu handiena, adituen esanetan. Kasetea ez bezala mehatxu digitala da gainera formatu honek diskoetxeei ekarri diena. Diskoen kopiak egitea hain erraza izanik, CDen salmentak behera egitearen beldur dira. Horren erakusle da Diamond Multimediak bere Rio erreproduktorea merkaturatu ez zezan industriak eginiko ahalegina. Bestalde, Public Enemy taldeko Chuck D-ren diskoetxeak neurriak hartu zituen honen aurka, argitaratu gabeko kantuak sarean ipintzeagatik.
Berez legez kanpokoa da MP3 musika artxiboak trukatu edo jaistea, ez badira lehenago egile eskubideak ordaindu. Badira web gune legalak egile eskubideen aldetik zorrotz jokatzen dutenak. Eta, hala ere, batek baino gehiagok arazoak izan ditu horregatik, Napster-en web guneak kasu.
Gainera, legez kanpoko MP3 mordoa dabil sarean. Horiek detektatu eta ezabatu ahal izateko konpainia indartsuenak armiarma izeneko bilaketa sistema bereziak garatzen ari dira. Horrez gain, Recording Industry Association of America delakoak Secure Digital Music Initiative ekimena jarriko du abian datorren udazkenean. MP4az, MP3aren bertsioa hobetuaz, hitz egiten hasiak dira batzuk dagoeneko eta diskoetxeak beldur dira hartzen ari diren neurriak ez ote diren nahikoak izango etengabeko aldaketan ari den esparru hau kontrolpean izateko.
GERO ETA UGARIAGOAK dira MP3 formatuaren inguruko web guneak. Horietatik zabalduenak hartuta zerrenda bat burutu dugu. Batetik, MP3 artxiboak entzun eta jaisteko guneak ugariak dira eta gehienek formatuari buruzko informazio zabala eskaintzen dute: www.mp3.com, www. vitaminic.es, www.tunes.com, www.peoplesound.com, www.thomson-music.com, www.goodnoise.com, www.musicmatch.com, www. napster.com. Bestetik, bilaketa motoreak ere badira. Adibide gisa, Lycos-ek duena: mp3.lycos.com. Softwarea lortzeko orduan honako bi helbide hauek dira bisitatuenak erreproduzitzaileetan, PC zein Macintoshen jabeen aldetik: www.winamp.com, www.macamp.com. Kodifikatzaile edo encoder-a eskuratzeko orduan, aldiz, beste bi helbide hauek: www.anime.net, www.xingtech.com.
![]() |
|
||||
1765 zenbakia. Azkena || Hemeroteka
|
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa