EROSKIK 30 URTE BETE DITU AURTEN
Eroski Jose Maria Arizmendiarrietak eta talde txiki batek 1956az geroztik bultzatutako Arrasateko mugimendu kooperatiboaren ondorioz sortu zen, Arrasateko kooperatibetako hainbat bazkideren premiei erantzuteko. Eroski kontsumo- kooperatiba, izen horrekin, 1970ean eratu zen, lan-bazkideak eta kontsumo-bazkideak bilduz. Historia luze honetan pertsona askoren ekarpena eta laguntza izan da. Horietako batzuk zenduak, beste batzuk jubilaturik eta gehienak inor gutxik ezagutzen dituenak. Horiek gabe ezin da ondo ulertu Eroskiren historia. Atzo bertan herriz herri denda txiki batzuk irekiz hasi eta, hogeita hamar urteren buruan, Espainiako Estatuko banaketa-talde handienetako bat bihurturik eta Europako hainbatekin lehian sarturik.
Herrietako bost kontsumo kooperatibek bat egitetik sortu zen. 1969an Comerco sortu zen, aipatutako bost kooperatibak bilduz. Hurrengo urterako Eroski izena zuen. Bi urte geroago Eroskik 32 salmenta gune eta 17.000 bazkide kontsumitzaile zituen. Salmentek nabarmen egin zuten gora eta, elikaduraren sektorea gaindituz, geroz eta sektore gehiagotara zabaldu zen. 80ko hamarkadan Eroskik 100.000 bazkide zituen, hau da, Hego Euskal Herriko familien %15 gutxi gorabehera. Ordurako, 1981ean, Eroskik %38ko igoera izan zuen aurreko urtearekiko, 15.000 milioi pezetako (600 milioi libera) fakturazio orokorrera hurbilduz. Urte horretan bertan, garrantzi handiko gertakari bat gauzatu zen, hots, Gasteizko Hiperraren irekiera, Eroski "hedadura berri" baten bidean sartuz.
1983an, Eroskik %18ko igoera izan zuen aurreko ekitaldiarekiko eta bere salmentak 22.600 milioi pezetatik gorakoak ziren. 1984an 168 lanpostu berri sortu zituen, urtea amaitzerako 1.246 bazkide-langile bilduz. Bitarte horretan, Espainiako Kontsumo Institutuak urtero ematen duen kontsumo arloko ikerketagatiko saria jaso zuen. 1987an beste bost zentro gehitu zizkion bere merkataritza-sareari, Bilbon, Gasteizen, Leioan eta Urduņan, eta sare horri Erosle osatzen duten 176 establezimenduak gehitu zizkion. Urte horretan hasi zen banatzen "Eroski" aldizkaria eta "Eroskide". 1992an Valentziako Consum kooperatiba MCCren barruan sartu zen. Urte horretan, 6.938 langileko plantilarekin, 190.630 milioi pezetako salmentak, 223.629 milioiko inbertsioak eta zergen ondorengo 3.697 milioiko irabaziak izan zituen. 1993an, Barakaldoko Max Center ireki zen.
1995ean, Eroskik 25 urte bete zituen. Azken urtean, 9.763 langileko plantilarekin, 304.285 milioi pezetako salmentak, 17.121 milioi pezetako inbertsioak eta zerga ondorengo 4.323 milioi pezetako irabaziak izan zituen. Euskal Herriko banaketa talde honek 1998an sortu zuen lanpostu gehien. Taldeak 12.501 lanpostu zituen 1997an, eta 1998ko amaieran 18.687. Urte horretan bertan 493.751 milioi pezetako salmentak, 35.900 pezetatik gorako inbertsioak eta zerga ondorengo 8.256 milioi pezetako irabaziak izan zituen. 1999an 639.919 milioi pezetako fakturazioa eta 10.023 milioi pezetako irabaziak -1998an baino %21,4 gehiago- izan zituen.
30 urteren ondoren, Eroskiren egungo sarea honela dago eraturik: 44 Eroski eta Maxi hipermerkatu, 760 Consum supermerkatu eta 498 Charter autozerbitzu (bereak eta frankiziadunak), 2.714 establezimendu elkartu, bidaia agentziaren 79 bulego eta erregaia saltzeko 7 estazio
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.