GUGGENHEIM DOKUMENTALA
Canal + eta ETBren arteko elkarlanaren emaitza dugu "Guggenheim konstelazioa" dokumentala. Artea eta museoen zeregina ezagutarazteko asmoz, Bilbo, New York eta Venezian grabatu da. Bilbo hiriaren 700. urteurrena dela eta, ETBn estreinatuko da hilaren 17an.
Beņat Doxandabaratz2000-06-11 |
Inoiz ez bezalako indarra du egun Bilbok. Guggenheim museoaren eraginez, neurri handi batean, nazioarteko oihartzunak turismoa erakarri eta ekonomiari bultzada eman dio. Halaxe, Guggenheim izpiritua atxikiz, dokumentalak ibilbide ikusgarria egiten du Bilbo, New York eta Veneziako museoetan barrena, inspirazio iturri duten filosofiaren berri ere emanez, hau da, erakusketa areto soila baino harantzago doan kontzepzioa azaltzea. Hain zuzen, Guggenheim fundazioak arte garaikideko bildumarik interesgarrienetakoa izanik, saioaren xedea ikusleei aukera bat ematea da artearen unibertsoa uler dezaten, beti ere museoen zeregina eta hedapen kulturala nabarmenduz.
Arkitektura dugu dokumentalaren muina. Frank Gehry Nerbioi ibaia ondoan sortu zuen eraikinaz mintzo da. Sona handiko arkitektoa New Yorkeko museoaren egoitza berri baten proiektuan murgilduta dagoela, Los Angeleseko bere etxetik eraikin sinboliko hau asmatzeko jarraitu zuen prozesua argitzen du, baita bere ikusmoldea eman ere arkitektura, margoa eta eskulturaren arteko loturaz. Halaber, Cesar Pellik bere iritzia emango du, Abandoibarra eremuan berak egin diseinua Frank Gehry-ren obrarekin lehiatuko baita aurki. Museoko zuzendaria den Thomas Krensek ere "Guggenheim filosofia" izango du hizpide.
PEGGY ETA FRANK BERPIZTUTA.
Diego de la Sernak zuzendua, Vicente Moraren gidoi baten oinarritua, ekoizpen ostean irudien aberasgarri diren kolore eta formak kutunki erantsi dira. Gisa horretan, estilo arras ezberdina duten sei margolarik dokumentalari estetika berritzailea eman diote. Esate baterako, errealitatea eta fikzioa bereizteko orduan, interpretazio grafiko handiagoa erabili da aktoreen aurpegi, hondo eta gorputzek originalaren antza izan dezaten. Gainontzean, marrazkiek askoz presentzia txikiagoa dute, nahiz eta deigarriak izaten jarraitu