DISKOA
BIZITZA TRISTE ETA EDERRA
Joxe Ripiau
Esan OzenkiKantu goibel eta alaiak bildu ditu taldeak "Bizitza triste eta ederra"n. Ijituei buruz, arma trafikatzaileei buruz, biziaren bide luzeetan zauriak jasan dituztenei buruz mintzo dira hamabi abestietan. Bizipen goibel horiei aurre egiteko auspoa, güiroa, gitarra eta tronboia baliatu dituzte, instrumentu hauekin alaitasun izpiak sortuz. Reggaea, ska, runba eta beste hainbeste doinu nahastu dute horretarako.
Joxe Ripiauk 1996an argitaratu zuen "Positive Bomb" lehen diskoa eta urte bat beranduago "Karpe Diem" lana. Orain bi urte plazaratutako "Paradisu Zinema" lanarekin hirukote izatetik laukotera igaro ziren
LIBURUAK
BIZITZA ATZERAKA
Gudule
Elkarlanean
185 orrialde
1.320 pta.Krudelak izaten dira sarri gazteen erreakzioak egoera mingarrien aurrean. Baita gurasoenak ere. Horiei guztiei egin beharko die aurre Thomas Dunoy eskolara etorri den mutil berriak. Thomas seropositiboa da, baina irakasleek bakarrik jakingo dute hori hasieran... Elsa eta Thomasen artean sortuko den maitasunak sekretua eskola guztiaren ahotan jarriko du ordea. Gaixotasun hau dutenek gizartean onartua izateko eta harremanak mantentzeko pairatzen dituzten oztopoak ditu hizpide Anne Karali idazleak. "Gudule" ezizenarekin sinatzen duen idazlearen lehen euskarazko itzulpena da hau. Mikel Garmendiak egin du itzulpen lan hori. Liburuaren azalean eta barnean txertaturiko marrazkiak berriz, Robert Dietek sortuak dira
KOLDO ELEIZALDE
Hainbaten artean
Eusko Ikaskuntza
523 orrialdeKoldo Eleizalde bergararra 1873an jaio eta 1923an zendu zen. Bitarte horretan matematikaria, zientzietan lizentziatua, Gasteizko institutuko irakaslea, Diputazioko irakaskuntza burua, "Euzkadi" egunkariko zuzendaria eta Euskaltzaindiako kidea izan zen, besteak beste. Horrexegatik, politika, kazetaritza, literatura eta hizkuntzalaritza alorretan eginiko lana aztertu nahi izan du hainbat egilek Eusko Ikaskuntzak eta Bergarako Udalak argitaratu duten Lankidetza bildumaren zortzigarren alean. Eleizalderen lanak euskararen eta Eusko Ikaskuntzaren aurrerakuntzan izan zuen garrantzia azpimarratu nahi izan dute. Idoia Ariznabarretak, Patxi Orcasitasek, Gregorio Arrienek, José Javier Granjak eta ElØas Amezagak berari buruz idatzitakoak jaso dira
DANTZARIŅE HASERRE
Juan Kruz Igerabide/ Jesus Lukas
Elkarlanean
22 orrialde
560 pta.Dantza egiteko lekurik bilatzen ez duelako dago beti haserre Dantzariņe. Haserre dago eskolan eta haserre dago baita ere atarian. Horregatik guztiekin estropezu egiten du, lagunak hankaz gora jarri ditu, irakaslea lurrera bota du... Eta orduan, jira eta bira hasi da dantzan eta hegan igo da zerurantz... eguzkiarekin topo egin arte. Neskatilaren umore txarra eta etengabeko haserreak islatu ditu Igerabidek behin eta berriz, hainbat metaforen bitartez.
Haserreari kolore pixka bat emateko kolorez betetako irudiz hornitu du Lukasek ipuin hau. Edukiaz harat, diseinu berritzailea du Lamiak saileko kontakizunak. Ilargiak, hodeiak eta eguzkiak agertzen dira nonahi eta testua bera ere marradun orrietan idatzia dago
ZUZENBIDE SINDIKALA
Aitor Bengoetxea/ Koldo Irurzun
EHU
177 orrialdeUnibertsitateko ikas materiala izateko burutu zuten hasieran egileek honako lana. Baina horrez gain, Zuzenbide Sindikalera hurbildu nahi duen edonorentzat ere baliagarria izan daiteke, bertan sindikatuen muina eta ekintzak ikuspegi juridikotik agertzen direlako. Bereziki, sindikatuetan lanean dihardutenei Zuzenbide Sindikalaren azterketa sakon batera euskaraz hurbiltzeko aukera emango die liburuak.
Euskarazko irakaskuntzan dagoen hutsunea betetzera dator honakoa eta beraz, ohiko testu liburuen egitura bera du. Askatasun sindikala, langileek enpresan duten ordezkaritza, negoziazio kolektiboa eta hitzarmen kolektiboak eta lan gatazka kolektiboak jorratu dira horretarako liburuan