Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-10-07 16:31:31
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2000-06-11 -- 1765.zenb

Arturoren kaiera


NEGOZIAKETAK ETENDA

Seaskak Frantziako Hezkuntza Nazionalarekiko negoziaketak eten zituen iragan astean. Hauek jarraitzeko jarri duen baldintza sei lanpostu sortzeko egin eskaerari erantzutea izan da. Itxaro Borda Seaskako lehendakariak esan zuenez, irailera arte luzatu nahi du erantzuna eta Seaskaren behar hau sare publiko eta pribatuko hondarrekin moldatu nahi dute. Errektoretzak eta Akademia Ikuskaritzak ados direla jakinarazi dute; orain Estatuaren erabakia falta da.


AUTOIKASKUNTZA GELA IREKI DA

Abegi Euskaltegien Donostiako egoitzan euskara ikasteko lehen autoikaskuntza gela aurkeztu zuten astelehenean HABEko zuzendari Jokin Azkuek eta Abegiko zuzendari Ana Garmendiak. Abegik garatu duen gela honek espazio eta denbora mugak hautsi nahi ditu eta metodologi-teknologia berriek eskaintzen dituzten baliabideak euskara ikasteko zerbitzura jarri.


EUSKARAREN PLANA ONARTUA DONOSTIAN

Donostiako Udaleko Gobernu Batzordeak Euskararen Normalizaziorako Plan Orokorra onartu zuen pasa den astean ezohiko osoko bilkuran; Alderdi Popularra abstenitu egin zen. Plana 2002. urte arte egongo da indarrean eta datorren asteartean duten bilkuran berretsiko da. Honen arabera, udaleko langileen %45,5ek epe zehatz baten barnean gutxieneko hizkuntza eskakizuna bete beharko dute.


"EUSKALDUNEN BAZTERKETA SOZIALA"

Euskal Herritarrok-ek PSNk hizkuntz politika arloan eginiko norabide aldaketa salatu du. Bazterketa jasaten duten bakarrak Nafarroako elebidunak direla eta nafar gizarteak eskatzen duena gauzatzeko oztopo juridiko handiena Euskararen Legea dela esan zuen Pernando Barrenak.

Aurpegia

Maier Urangak Arrasate Irratian "Zeu be bai" goiz magazina egiten du.
guztia irakurri

Bagak

Iruñeko irrati euskaldunaren afaria eta afalondo giro ederra Paz de Ziganda Ikastolan eginen da, ekainaren 9an, ostirala, iluntzeko 9:30etan hasita. Aurtengo Larreko sariduna Don Inozentzio Aierbe jauna dugu, Iruñerriko euskalgintzan lanean ari diren talde eta erakundeen erabakiz. Arras gizon ezaguna da 87 urteko uhartearra, Aralarko Santutegiko kapelaua baita duela 55 urtetik honat, euskararen aldeko maitasuna kasko hartatik lau haizetara zabaldu zuena, hizkuntzari hats bizia emanez. Ekitaldia, jakina, euskaltzale guztiendako dago irekia

EZPALAK


DURANGO, EUSKAL KULTURGUNE

EKAINAREN 1ean hasi zen arren, 25era arte burutuko da Euskal Astea Durangon. Hainbat ekitaldi antolatu da epe horretarako: "Julene Azpeitia" ipuin eta bertso paper lehiaketaren sari banaketa, III. Emakumeen Herri kirolen erakustaldia, Euskadiko XVIII. Dantza Jaialdia, bertso saioa, X. Trikitixa Jaialdia, Euskal Baserrriko nekazaritza elikagaien azoka eta abar. Ekainean zehar, Durango euskal dantza, musika, euskara, baserria eta ingurunearen erdigune bilakatzea da Garapen eta Durangoko Ekintza Komunitariorako Udal Institutoak koordinatutako aste kulturalaren helburua. Bide batez, euskal dantzak, euskal folk musika eta euskara sustatu nahi ditu ekitaldi hauekin.


GAYARRE GOGORATUZ

ORAIN dela berrogeita hamar urte egin zion Nafarroako Diputazioak omenaldia Julian Gayarreri. Beste ospakizun eta ekitaldien artean, Erronkariko tenorearen omenezko monumentu bat eraiki zuten Iruñeko Takoneran, orain Iruñeko Udalak berrituko duena. La Ondarra kultur elkarteak "Gayarre 2000" izeneko ekimena antolatu berri du. Honen baitan hainbat ekitaldi egingo da Nafarroan ekaina eta uztailan zehar tenorearen omenez. Ekainaren 22an "Ópera Actual" aldizkariko zuzendari Roger Alierrek hitzaldi bat eskainiko du tenorearen eta "La Favorita" lanaren inguruan. Ekainaren 23, 24 eta 25ean Donizettiren "La Favorita" lana taularatuko da Gayarre Antzokian. Uztailaren 1ean berriz, Iruñeko Udalak eta hainbat musika taldek Takoneran dagoen monumenturaino desfilatuko dute. Egun berean, Jean Michel Bedaxagarrek sortutako "Ama" lana taularatuko da.


ELKARLANEAN KUKU-KA

KUKU izena jarri dio Elkarlanean argitaletxeak sortu berri duen haurrentzako sailari. Sail honetako lehen hiru liburuak ekainaren 2an aurkeztu ziren Donostiako Haur Liburutegian. Joxantonio Ormazabal eta Elena Odriozolaren "Gorritxo eta Beltxiko", Juan Kruz Igerabide eta Lorena Martinezen "Ondojoan" eta Txiliku eta Jokin Mitxelenaren "Kikik Koko nahi du" dira Kuku-ko lehen hiru izenburuak.


35 BIKOTE DANTZAN SOLTEAN

EKAINAREN 17 eta 18an burutuko da Seguran (Gipuzkoa) Euskadiko Dantza Solteko XXIV. Txapelketa. Guztira, 35 bikotek parte hartuko dute bertan, horietatik lauzpabost bizkaitarrak izango direlarik. Lehenengo egunean kanporaketa jokatuko da eta bigarrenean finala.


BLUES-A BARRA-BARRA

GETXOKO XII. Nazioarteko Blues Jaialdia ekainaren 8tik 10era arte luzatuko da. Dr.Blues & Band bilbotarrek joko dute lehenengo egunean, eta ondorengoetan, Paul Lam & The Kingsnakes, Chicagoko Magic Slim & The Teardrops eta Little Charlie and The Nighcats izango dira oholtza gainean. Gainera, bi film labur eskainiko dituzte lehen egunean Algortan.

HITZ BITAN

Mikel Irizarrek Goiena Telebistaren asmoak azaldu zituen "Arrasate Press"en: "Euskarazko beste hedabideekin, tokikoak nahiz nazionalak, elkarlana bultzatu nahi du (...). Hedabide nazionalen eskualdeko korrespontsala izateko prest dago (...). Era berean, eskualderako egiten duen produkzioa sare nazional eta nazioartekoan jarriko luke (...)".
Pello Jauregi honela mintzo zen euskalgintzari buruz "Gara"n: "(...) Normalean euskalgintzan indibiduoekin egiten dela lan eta norberak bakarrik igartzen duela euskararen erabileraren beharra, kalera ateratzean ezer aldatzen ez delarik".
Pernando Barrenak esanak dira hauek "Diario de Navarra"n: "UPNk egiten duen politika atzerakoi eta genozida PSNk ematen dion txeke zuriari esker egin dezake".
Juan Jose Lizarbek adierazitakoa bildu zuen "Euskaldunon Egunkaria"k: "Zer normalizatu behar da? Nafar guztiek jakin behar dutela euskaraz? (...) Guk ez dugu uste hori denik helburua, guretzako Nafarroak elebitasun berezia duelako (...) Guk ez ditugu ikastolak itxi nahi, edo euskara hondatu, baina ezta euskara artifizialki garatu ere".

Ikatza

Donostiako Kontxako pasealekuan paratu zuten duela ez urte asko "Centro Talaso Sport La Perla" delakoa; bere publizitatea ere hainbat tokitan ikus edo entzun daiteke, hori bai, beti gazteleraz. Web-gunea ere jarri dute eta hemen ere euskararen arrastorik batere. Ingelesez, frantsesez...bai, baina euskaraz deus ez.

IZENAK

Aitor Arana idazle legazpiarrak "Onan" izeneko lan berria plazaratu zuen maiatzaren azken egunean. Txalapartako Literotura bildumaren baitan argitaratutako lana da hau. Gay munduaren baitan, hamar ipuin erotikoren bitartez, 12 urte dituenetik 20ra bitartean mutil gazte baten bizipenak kontatzen ditu.
Maria Concepcion Garcia Gainza Arte Historiako katedradunak jaso zuen maiatzaren 30ean Bianako Printzea Saria Leireko Monastegian. Sari hau irabazten duen lehen emakumea da bera. 1975etik Nafarroako Unibertsitateko Arte Departamentuko zuzendaria da.
Jon Maya dantzaria gailendu zen laugarren urtez Pasai Antxon burutu zen Euskadiko XX. Gipuzkoar Aurresku Txapelketan.

PRINTZA

Itxaro Bordak Deiadar ekimenaren inguruko hausnarketa egin zuen "Euskaldunon Egunkaria"n:
"(...) Hamazazpi milioi etorriko omen direla euskararen zein okzitandarraren sustenguz badakizue jadanik, jakin dukezue ere ez dela aski, gehiagoren premia balitekeela, nahiz Akitaniako eskualde kontseiluko Rousset lehendakariaren aburuz, sos zama gotorra den, ez errateko sobera, identitatearen defentsa gartsuegiak ekar litzakeen arazo etnikoetaz ez beldur izateko. Egia erran, ardurenean, bake bat eta bi sos nahikoak zaizkigu, hiru auhen, lau karrika bete aldi, zazpi hil-zeinu kolpe euskararentzat. Deiadar kanpaina berri bat abiatua da beraz Iparraldean, ekainaren 10ean Baionan antolatzen den manifestaldi handi batekin bururatuko dena: urgentzia hor dago haragi minbera, odoletan, zabalik, hizkuntza baten dignitate galdea, eta argi da euskalgintzako hainbat elkarteek ez dutela urrikia edo karitatea eskatzen, baizik eta zuzentasuna! Euskarak borondate (herrikoi)aren gain baizik konta ez zezakeen garaiak bukatu dira, euskara bera desagertzeko zorian dagoen une hauetan. Lekuan lekuko eta urrunago joanez, estatuko botere publikoen erantzukizuna, kulturgintzaren alorrarentzat, irakaskuntza barne, zinezko Hizkuntza Politika eraginkor baten marraztea da, laster, ahalaz orain berean".

Txori Batek Esan Digu


FIKZIOA KAMERA DIGITALETAN EGINGO DA

Arte, Frantzia eta Alemaniako kultura kateak kamera digital txikien aldeko apustua egin du zazpi telefilm ekoizteko, askoz merkeagoa baita. DV kamera erabiltzerraz, arin, azkar eta merkeen abantailez baliatuz, Dogma taldeko zinegileen ukitua duten telefilmak egin dituzte. Emaitza ikusgai dago orain Frantzian


IPAR EUSKAL HERRIA BERTATIK BERTARA

Txalotzekoa da "Bertatik bertara" saioak egiten duen ahalegina Iparraldeko errealitatea hurbilarazteko. Horra hor lehengoan Donibane Garazitik egindako saioa, bide batez Behe Nafarroan duten bizimolde eta kezken berri emanez. Ez da harritzekoa beraz, Iparraldetik dei bakarrak jasotzen dituen saioa Andoni Aizpururena izatea


"GRAN HERMANO"REN BERTSIO PORNOA HASIA DA

Capital TV Malagako katea azti ibili da "El Gran Polvo" (Txorta jotze ederra) abiarazteko. Hamar partaideak (5 emakume eta 5 gizon) 50 egunez lau orduz egunero baino ez dute jardungo maindirepean. Kanporaketa gisa antolatua, irabazlea ohean onena dela frogatzen duena izango da. Saioa beste 100 kate lokaletan ikusgai dago

Urrea

Donostiako Entzutegi Probintzialean euskara hutsezko lehen epaiketa egin zen pasa den astean. Epaimahaia osatu zuten Maria Victoria Cinto Gipuzkoako Entzutegiko presidenteak eta Augusto Maeso eta Carmen Margalejo epaileek ez zuten itzultzaileen beharrik izan Miren Kristiñe Lujanbio abokatua ulertzeko.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan