DISKOAK
LÍNEA DE FUGA
Hechos Contra el Decoro
Esan OzenkiGora Herriak zigilupean argitaratu du Hechos contra el Decorok hirugarren lan hau. Oraingoan berrikuntzekin datoz gainera, taldeak bi kide berri baititu: Torrelavegako Chuchi bateria jolea eta Madrilgo mc Minsä kantaria, bere ahotsaren indarrarekin. Hyp-hopa, funkya, guanguancóa, reggaea eta beste hainbat estilo jorratzen ditu taldeak lan honetan. Gaiei dagokienez, egunerokotasuna da mamia: eguneroko amodio eta desamodioak, eguneroko miseriak, eguneroko pozak, eguneroko haserreak... Diskoan gainera Madagascarreko Kilemak, Peruko Miguel Ballumbrosiok eta Fermin Muguruzak parte hartu dute
LIBURUAK
FISIKAREN EBOLUZIOA
Albert Einstein/ Leopold Infeld
Gaiak
257 orrialde
2.400 pta.Juan Ignazio Abrisketak euskarara itzulitako liburu hau 1940. urtea baino lehen idatzi zuten Albert Einsteinek eta Leopold Infeldek. Ordutik hainbat pentsamendu eta ideia aldatu da Fisikaren arloan: uranioa ez da dagoeneko elementu astunena, elektroiaren difrakzioa 1949. urtean egin zen eta abar. Hala eta guztiz ere, egileek eurek aipatzen zuten liburuaren hitzaurrean honakoa ez zela fisikako testu liburu bat. Irakurlea ideia fisiko eta filosofikoetan interesaturik zegoen edozein izan zitekeela. Hau da, fisikaz eta matematikaz ezagutza berezirik ez duen irakurlea. Fisikako ideia nagusiez mintzatzen da ordea liburua. Newtonetik hasi eta XX. mendera bitartean Fisikan eginiko asmakizun eta aurrerapauso nabarmenenak jorratzen dira bertan
WALTER SISMOLEY
Karlos Linazasoro/ Mikel Valverde
Elkarlanean
22 orrialde
560 pta.Parisko Eliseo zelaietan burututako azken txirrindulari etaparen kontakizuna dakar "Walter Sismoley Eliseoko Zelaietan" ipuinak. Lasterketa bukatzeko sei itzuli falta direnean hasiko da kontakizuna eta ipuin guztian zehar Walter Sismoley txirrindulariarekin batera doa irakurlea txirrindu gainean.
Tropeleko txirrindulari txikiena eta itsusiena zen Walter Sismoley. Argala izateaz gain, sudur luzea zeukan. Beti besteei laguntzen zien eta berak ez zuen inoiz lasterketarik irabazten. Hala ere, jendeak ikaragarri maite zuen eta ikusleen txaloek indarrez beteko dute txirrindularia Eliseoko zelaietan. Karlos Linazasorok idatzi eta Mikel Valverdek ilustratutako Lamiak saileko ipuinak kirol konpetizioen gaia jorratzen du gaurkotasun handiz
ERLIJIOA ETA SINBOLOAK
Hainbaten artean
Eusko Ikaskuntza
461 orrialde
2.185 pta.Josetxu MartØnez Montoyak dio antropologia-etnografiako "Zainak" aldizkariko 18. ale honen sarreran "nazionalismoak erlijioaren ordezkari" bihurtu direla egun. Gaur egungo gizarteak ermiten, prozesioen eta erromerien inguruan dituen jokaerek erlijio tradizionalaren galeraren ondorioz desagertu den nortasuna berrreskuratzeko gogoa islatzen dute honen esanetan.
Erlijioari, sinboloei eta sinismenei bururuzko hainbat gai jorratzen dira ale honetan. Horretarako Eusko Ikaskuntzako antropologia-etnografia sailak 1998an Iruñean antolatutako "Erlijioa eta Sinboloak" jardunaldietan hausnartutakoa hartu da oinarritzat. Besteak beste, William Christian Jr. antropologo iparramerikarrak adierazitakoak jasotzen ditu
GAIZKILEEN FAKTORIA
Alberto Barandiaran
Euskaldunon Egunkaria
93 orrialde
950 pta.Ikerketa lan sakonaren ondorioa da Alberto Barandiaranek idatzitako hirugarren liburua. "Gaizkileen Faktoria (Ernest Hemingway euskaldunen artean)" lanak Hemingwayren bizitzaren ikuspegi berri bat ematen du. Kuban bizi izan zen garaiarekin hasi du idazleak kontakizuna; bertan euskaldun talde bat baliatuz nazien aurkako kontraespioitza taldea osatu zuen Hemingwayek. Habanan bizi izandako istorio bitxi horrek hartzen du liburuaren zati garrantzitsua, baina horrez gain, idazle amerikarrak euskaldunokin eta Euskal Herriarekin izandako harremana jorratzen du. Nobel saria irabazi aurretik makina bat aldiz izan zen Euskal Herrian eta hemengo koadrila ere osatu zuen. Hain ezagunak ez diren pasarteek eta argazkiek agertzen dute aurpegi berri hori