BAHEA
Jesus Egiguren, PSEko buruzagia: "Gure proposamenean ez dugu Ajuria Eneari buruz hitz egiten, baina begi-bistakoa da hura bultzatu zuten oinarriak baliagarriak direla".
Alain Lamassoure, BAMeko burua eta eurodiputatua: "Alderdi espainiar nazionalistek zuhurki jokatu behar dute euskal auzian, baita gogortasun saio batek ez dituela gauzak okertu besterik egingo ulertu ere".
Mario Soares, Portugalgo buruzagi sozialista ospetsua: "Euskal Herriko biolentziaren arazoa elkarrizketa politikoarekin konpondu daiteke".
Henrike Kn÷r:, Euskaltzaina eta EHUko irakaslea: "Dirudienez, EAJ eta EHk oraindik ez dute ulertu su-eten ospetsua Euskal Herria osoari egindako iruzur galanta dela".
Odon Elorza, Donostiako alkatea: "EAJk ez du EHrekiko apurketa amaitu nahi, baina PSOErekiko hurbilketa bat dago; dinamika frontistetan pitzadurak agertzen hasi dira".
Javier Balza Barne Kontseilaria: "Irunen jarrera aldaketarik ez bada, arazoak izango dira eta, desfilatzeko inongo gogorik izan ez arren, Ertzaintzak parte hartu beharko du".
IZPIAK
Enrike Dorado eta Felipe Bayo guardia zibil ohiek datorren irailaren 19an deklaratuko dute Donostian Mikel Zabalzaren hilketan zerikusirik izan zutelakoan. Auzia Augusto Maeso epaileak darama eta bertsio ofiziala zalantzan jarri du.
Alvaro Esparza Bergarako zinegotzi sozialistak bertan behera utzi du bere kargua. Bere aurka egindako "heriotz mehatxuak" izan bide dira erabakia hartzeko arrazoiak.
Xabier Kalparsoro, 'Anuk', etakidea Indautxuko komisaldegian atxilotua zegoenean hil zela eta, Manuel Alvarez eta Mauricio Pastor poliziek sei hilabeteko espetxe zigorra jaso dute atxilotuarekiko "zuhurtasun eza" delituagatik.
LANDAREAK
Jakoba Errekondo
Indian dagoen Bengalako pikondoa beste zuhaitzen kontura bizi ohi da lehenengo urteetan. Ondoren sustraiak lurrera botaz, ostatu emandako landare horiek itotzen ditu.
guztia irakurri
OSASUNA
Jabier Agirre
Bronkioetako asma eta biriketako minbizia dira "pneumonia" izendapenaren barruan gaitz aipagarrienak. Pneumonia horiek dira oraindik ere lan heriotzen bigarren arrazoia.
guztia irakurri
TERMOMETROA
BALZA ETA MAYOR OREJA
ZEHAZTU gabe noiz baina biltzekotan dira Javier Balza Eusko Jaurlaritzako barne kontseilaria eta Jaime Mayor Oreja Espainiako barne ministroa. Lehenbizi magistratuen segurtasuna eta ondoren Fernando Buesaren inguruan Espainiako segurtasun indarrek egiten ari ziren zaintze lanek, gori-gori jarri dituzte Barne Kontseilaritza eta Barne Ministerioaren arteko harremanak. Areago Xabier Arzalluzek, Espainiako segurtasun indarrek Buesaren segurtasuna baino ETAren komandoa harrapatzea lehenetsi zuteneko ustea mahai gainean utzi duenean.
KALE ATXILOTUAK ETA LURRALDE AUZITEGIAK
AMNISTIAREN Aldeko Batzordeek, Hernaniko udalek eta beste hainbat agentek salatu egin dute Ertzaintzak ustez kale borrokarekin atxilotutako gazteak Espainiako Entzutegi Nazionalaren esku jartzea, lurralde auzitegien esku jarri beharrean. Berriki azpimarratu denez, Entzutegi Nazionalak jarraituko du arduratzen kale borrokarekiko auziez. Edozein modutan, eta epaile ugari eta alderdi guztiak -PP eta PSE-EE ezik- delituak lurralde auzitegietan epaitzearen alde agertu badira, edozelako atxilotu lurralde auzitegien esku uztea litzateke logikoena. Bestetik, Ertzaintzaren aurkako tratu txarren salaketak ere izan dira, eta halakoak argitzeko bideak abian jarri beharko lirateke.
BAIGORRIN BURUZ BURU
BAIGORRIKO kantonamenduko hausteskundeen lehen itzuliaren ondoren, ABko Jean Michel Galant eta Gabriel Dermit zentrista geratu dira buruz buru. Azkarateko Jean Michel Galant auzapezak bozen %18,38 erdietsi zituen lehen itzulian. Espero zenaren aurka, Tambourin eta Etxebarren hautagai kontserbadorei aurrea hartu zien, eta hauek ez dute parte hartu bigarren itzulian. EHk zoriondu zuen J.M. Galanten lorpena, eta EAJko IBBk ABko hautagaiaren aldeko sustengua eskaini zuen publikoki. Ondo bidez, Gabriel Dermit izanen da kontseilari nagusi berria Pauen. Hamar hilabetez baino ez ordea, aurten zendu den Marcel Monlong kontseilariaren lekua beteko baitu. Heldu den urtean burutuko dira ohiko hauteskundeak berriz.
LARUNBATEAN SANTA GABELERA
URRIAREN 9ko Deia kolektiboak ekainaren 3an (larunbata) Santa Gabelera (Cintegabelle) martxa antolatu du. Santa Gabela Lionel Jospin lehen ministroaren jaioterria da. ELB sindikatuak dei berezia egin du Euskal Departamenduaren aldeko ekitaldi honetan parte hartzeko. Autobusez abiatuko den hautetsien ordezkaritzak Santa Gabelako Christian Brunet auzapezaren harrera izatea espero du. Eguna jai giroan burutzeko antolatzaileek egitarau berezia antolatu dute.
ABERTZALEEN ARTEKO BILERAK
ALDERDI abertzaleen arteko harremanak ez dira eraginkorrenak azken boladan. Edozein eratan, adostasun guneen alde lanean ari dira eta egoera korapilotsuari aurre egiteko EAJk, HBk, EAk eta ABk goreneko mailako lau bilera egin dituzte urte hasieratik gaurdaino. Bestetik, EAk ETArekiko kanala irekita mantentzen duela iragarri badu, EAJk gaur egun ez duela ETArekiko harremanik zehaztu du.
BARDEAK ARRISKUAN BERRIZ
DATORREN igandean, ekainak 4, Bardeetako Martxa egingo da hamairugarrenez. Aurten bukatzen da Bardeetako Batzordeak Espainiako Defentsa Ministerioarekin 1976an 25 urterako hitzartutako akordioa -lehena 1951n egin zen- eta UPNk erakutsitako jarreraren arabera, seguruenik Espainiako armadarekiko hitzarmena berrituko da.
ALARDE OFIZIALIK EZ IRUNEN?
EMAKUMEEK alardean parteharatzearen aldeko taldeek, aurten Irungo alarde ofiziala ez dutela antolatuko iragarri dute, eta horrek kolokan uzten du aurten Alarde ofizialik izango den. Talde hauek salatu dutenez, Irungo udaletxeak ez omen du ezer egin alarde ofiziala antolatzeko lanetan. Dena den, nola ez baina emakumezkoen eskubideak defendatuko direla argitu dute.