IBILALDIA 2000
Ibilaldia 2000 antolatu duen Zubi Zaharra Ikastolak 28 urtez lan garrantzitsua egin du euskara Enkarterrin barrena zabaltzeko. Izan ere, Zubi Zaharra da Enkartazioetako ikastola bakarra.
Zubi Zaharrari, Enkarterriko ikastolari, Balmasedako zubi ezagunetik datorkio izena. Hamahiru haurrekin hasi bazen ere, asko handitu da, 224 ikasle izatera iritsi baita ikasturte honetan. Haurtzaindegiko zerbitzutik hasita Lehen Hezkuntzako 6. mailara arte burutu daiteke bertan; lau hilabeteko haurrak dira gazteenak eta hamahiru urteko gaztetxoak helduenak. Duela gutxi azpiegiturak moldatu ditu; horretarako, Balmasedako Gurutzeko Alaben antzinako ikastetxea bereganatu zuen 1998an. D eredua da nagusi Zubi Zaharran; halarik ere, 5. eta 6. mailan B eredua mantentzen da. Lehen Hezkuntza amaitzean, Balmasedako institutu publikora abiatzen dira Zubi Zaharran aritutako ikasleak.
Euskaraz irakasten da ikastola honetan, hala ere, garrantzia handia ematen zaio beste hizkuntzak irakasteari. Bi urteko haurrak ingelesa ikasten hasten dira, eta datorren ikasturtean frantsesa ere eskaintzeko asmoa dute. Horrez gain, teknologia berrien aldeko apustua egin du Zubi Zaharrak. Ildo horretatik, sei urtetik gorako ikasleek astean behin ordenagailuaren aurrean egiten dute lan.
Klase-orduak amaituta, Zubi Zaharran ikastaro ugari izaten da herritar ororentzat: informatika, ingelesa, txistua, gitarra, mekanografia nahiz euskara ikasteko klaseak. Aurten ikastolako berrogeita hamabost gurasok dihardute euskara ikasten ikastolan, beraien seme-alabekin euskaraz egiteko asmoz.
IKASTOLAREN SORRERA
![]() |
|
||||
1763 zenbakia. Azkena || Hemeroteka
|
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa