ANTZERKIA
BIZITZA ERDIA BIKOTE BILA, BESTE ERDIA GAINETIK KENTZEN
Beņat Doxandabaratz
Nola esan bikoteari harremana utzi eta, gainera, lagun bezala geratu nahi duzula? Hori da "Ez da hain erraza" antzezlan freskoaren abiapuntua, Tentazioa eta Tricicle-k elkarlanean burutua. Hiru dira protagonistak: Kike senar txolina, Andrea emaztea eta zerbitzari saiatua.
Ezkon-bizitza amaitzeko arrazoi eta aukera sorta eskaintzen digu "Ez da hain erraza"k. Protagonistaren irudimenean zehar egiten den ibilbidea da, ikusleak bere burua irudikatua ikus dezan. Hain zuzen, milurte berriaren atarian giza jarduera eta ohiturei buruzko ikerketek ez dute oraindik argitu zergatik gizona edo emakumea bikotean bizitzen ahalegintzen den, bere egoera naturala askatasuna denean. Bartzelonan katalanez estreinatu ondoren, Tentazioak hartu du komedia intimo eta intimista hau euskaraz eta gazteleraz taularatzearen ardura. Intimoa, desamodioaz ari delako, hain gai pertsonala eta, halabeharrez, unibertsala. Eta intimista, bitan banatzen den eszenatoki batean iragaten delako; protagonistaren irudimenari esker bere etxe bihurtzen da, edo hiri, edo hondartza... Taula gainean hiru pertsonaia bakarrik, desamodioaz hizketan. Hiru pertsonaia hauetatik, bata Kike dugu, hitz egin beharra edo bere pentsamenduak ozen entzuteko beharra daukana, eman behar duen berria gaizki hartua izango ote den susmoa baitu. Bestea, zerbitzari psikologo horietakoa da, lasaitu daitezen bezeroen esanetara jartzen dakiten horietakoa. Hirugarrena, Andrea dugu, Kikeren emaztearen irudimenezko isla, zeinak senarraren burutik pasatzen diren uzteko eta ondo geratzeko aukera guztiak birtualki antzezten dituen.
GIZONAREN BEGIZ ETA EGIZ.
Obsesioari buruzko estilo ariketa ere bada: protagonistarena lehena, bere ustez berri txarra dena emateko hamaika modu bilatzen du-eta; eta bigarrena egilearena, oinarri errealista batzuetatik irten gabe gai beraren gainean eskaintzen den ugaritasunari zentzu teatrala ematen saiatu dena. Tricicle-ko taldekide Paco Mir da egilea. "Gaia Paul Simonen 'Fifty Ways To Leave Your Lover' (Berrogeita hamar modu zure maitalea uzteko) kaleratu zenean bururatu zitzaidan. Beharbada, garai hartako moda arazoa zen, Luis Eduardo Auteren zenbait kantu gai berari buruz gogoratzen baitut, nahiz eta diskografiak, betidanik, beren insomnioarentzat erremedio bila dabiltzan kantari deskontsolatuez beterik dauden. Nolanahi ere, ideia marjinal hura ohar koadernotxo batean idatzirik geratu zen". Ohar edo gogoeta horiek hiru zati oso garbitan banatu zituen Mir-ek. Lehenengoan, beroan idatzitako esaldi irakurtezin eta erabat ulertezinak zeuden. Bigarrenean, esaldi ulergarriak bazeuden ere, egilea lotsati sentitzen zen. Eta hirugarrena eta azkena, mamiz eskasena, esaldi ulergarriz eta ulerkorrez osatu zuen. "Azken banaketa honetakoa da 'Ez da hain erraza' antzezlana. 80ko hamarkada hasieran idatziriko ideia hau amodio eta desamodioaren erradiografia da, muturreko egoerek duten umorea mantenduz. Azken finean, gizonaren begiz (eta hemen gizateriaren erdiaz, arrez, ari naiz bakarrik) eta egiz betetako komedia da", gehitzen du Mir-ek.
Estreinaldi ofiziala uztailean Donostiako Antzerki Ferian egingo bada ere, jendearen harrera ikusteko asmoz obra taularatzen hasiak dira. Hurrengo emanaldiak Euskal Herrian honako hauek izango dira: Zornotzan ekainaren 1ean euskaraz eta 2an gazteleraz; Elorrion ekainaren 3an eta Durangon 4an euskaraz.
LARANJA ERDIA ZUKUTZEN.
Badira ikusi bezain aise ahaztu egiten diren antzezlanak. "Ez da hain erraza" baina, momentuan gozatu ez ezik, gogoeta ere piztea lortzen duen horietakoa dugu. Komertziala (zentzu onean) izango da euskaraz ere. Amodioa zabu batean kulunkan egotea bezalakoa dela dio Kike protagonistak, hasierako zirrara gehiegi luzatuz gero, zorabioa eta goragalea sortzen duela; hiru hilabeteko liluraldia baino ez dela, eta munduan laranja erdi asko dagoela. Hala, gizon eta emakumeen arteko harremanak gorabehera, obra bi oinarrien gainean dago eraikia: eszenaratzearen freskotasuna batetik eta Paco Mir-en testu bihurria bestetik, ateraldi, keinu, ironia eta amarruz betea. Erritmo bizia ematen laguntzen dion asmazioa ere badu, lerro hauetan argituko ez duguna, obra ikusteko asmoa duenak ezustea har dezan. Erreferentzia barregarriak ez dira falta eta zirto ugari aurkituko duzu bertan. Publikoa konplize du une oro, bai plazaratzen diren egoerekin bere burua irudikatzen duelako, bai eszenaratzeko moduarengatik, ikuslea Kikeren saiakerekin jakinaren gainean baitago.
Horren harian, hamaika trikimailu probatuko ditu bere emazteaz libratzeko. Betikoak: adarrak jarri, gay dela esan, satorlanean bidea prestatu. Eta makurragoak: emazteari maitale bat aurkitu, burutik dagoen itxura eman edota larrua jotzen ari direla "badoala" zenbait aldiz esan. Emazteak ordea, ez du esaldiaren zentzu bikoitza igarriko.
Fin dabiltza halaber, hiru aktoreak, Carlos Zabala eta Fernando Bernuesek zuzenduak. Joseba Apaolaza eta Mireia Gabilondo sinesgarri daude senar-emazteen azalean, komediarako duten dohaina erakutsiz. Mireia sartu-irtenean dabil, senarrak esandakoa irudikatuz. Agian, lehen zatian biek bizkorrago dihardute azken txanpan baino, non testuaren atzetik doazela dirudien (Joseba bereziki). Hori ordea aise konponduko dute entsegu eta emanaldiak segidan kateatuz. Eneko Olasagastik aldiz, bere itzuleran ongi betetzen du zerbitzariaren rola, entzule eta aholkulari lanetan. Enekok berak euskaratu du korapilo franko zuen testua, euskara hurbila erdietsiz. Aipatzekoa da, bestalde, Jose Ibarrolaren eszenografia, kolore neutroak erabiliz, jendearen irudimena ez lausotzearren. Halaxe, Tolosako Leidorren bildutako publikoak amaieran eskaini zien txalo zaparrada luzeak (agurtzera hiru aldiz atera zitezen behartuz) lan honek izango duen ibilbide distiratsuaren tamaina ematen digu
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.