HIESA
Hiesari buruz informazio eta ezagutza gutxi zegoenean, duela 12 urte, sortu zen seropositiboak laguntzeko Txo Hiesa taldea Bermeon. Egoera berezia zen, drogazale asko arrantzaleak ziren; gazteak eta diru iturri oparoa zutenak. Untzian xiringak elkarbanatuz kutsatu ziren bermeotar asko.
Josu Imanol Unanue eta beste seropositibo batzuen ahaleginei esker, duela 12 urte Txo Hiesa sortu zen Bermeon, Euskal Herrian eta baita Espainia osoan ere aitzindari izan den eta lan handia egiten jarraitzen duen taldea. Berak azaldu digun moduan, orain dela 14-15 urte informazio gutxi zegoen; bazeuden elkarte bakar batzuk, Madrilgoa, Nafarroako Batzordea eta Bizkaiko Batzordea kasu, baina euren funtzionamendua, seropositiboengan baino, liberatuengan oinarritzen zen. Gainera, talde zehatz batzuen artean mugitzen ziren: prostituta, drogazale eta homosexualen artean. Horrenbestez, aurreko filosofiaren aurka egonik, Bermeoko taldea ezberdin antolatzea erabaki zuten.
Lehen bi urteetan bakarrik arituta, azkenean Bermeoko Udala ekimenaren beharraz komentzitzea lortu zuen, herrian kutsatutako jende kopuru handia (horien artean arrantzale asko) zegoela frogatu ostean. Izan ere, hiesaren "munduan" Bermeoko kasua berezia da, lehenbizi agertutako kasu kopuruarengatik eta ondoren arazoaren inguruko kontzientziazio mailagatik.
BILBORA XIRINGA BILA.
Arrantza eta arrantzaleei esker Bermeon diru asko eta asko sartzen zen, batez ere 70eko hamarkadan; dirutza izugarria eta azkarregi. 14-16 urteko gazte batek eskuartean diru asko erabiltzen zuen; gezurra badirudi ere, gaur egunean tituludun edo profesional batek erabiltzen duena baino gehiago.
Baina badago arrazoi gehiago ere. Ondoko herriekiko beste ezberdintasun bat zera da: Bermeon jende gehienak hiesaren froga egitea erabaki zuen 1992ko kanpaina batek bultzatuta. Horrenbestez, "Euskal Herrian hiesari buruz hiriburuetan bakarrik hitz egiten zenean Bermeon jadanik dena egina zegoen". Espainiako seropositiboen lehen topaketak ere arrantzale herri honetan izan ziren, urte berean. Hori bai, aipatutako prozesuaren aurretik beste fenomeno sozial bat gertatu behar izan zen, hots, Bermeoko herria drogaren aurka altxatu eta honi zein hiesari beldurra galdu zien.
HERRIAREN LAGUNTZA.
Txo Hiesan, bestalde, giza filosofia da nagusi, bolondresak eta asanbladazaleak izateaz gain, inork ez duelako pezeta bat ere kobratzen edo ordaintzen. "Seropositiboak 'ghetto' batean bizi ez daitezen", kanpora zein barrura begira ekintza ugari antolatzen badute ere, beren funtsezko oinarria laguntza zuzena eskaintzea da. Lan honetan ez dira bakarrik sentitzen: "Herriaren laguntza itzela dugu. Esate baterako, topaketetan egin ohi dugun giza-katean bi mila pertsona egotea normala da eta abenduaren 1ean etxeko balkoi guztietan lazo gorria ikus dezakezu"
![]() |
|
||||
1763 zenbakia. Azkena || Hemeroteka
|
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa