Bideak zabalduz (I)
Azken bolada honetan ikastolei buruz idatzi eta gertatzen ari dena bueltaka darabilkigu kaskezurretan.
Batetik zenbait ekintza direla eta, PP, PSOE, Guardia Zibilak eta ikastoletako zenbait irakasle batera sartzen omen dituzte zaku berean, terapia bera erabiliz bai batzuekin nola besteekin.
Konparaketak mintzen gaitu, zalantzarik gabe, baina... neurri batean bederik, ez al dute denek gaixotasun edo desoreka berdina -inolaz ere ez desoreka eta gaixotasun bera- adierazten?
Ez gara oraingo honetan terapiak aztertzen hasiko; izango dugu denbora horretarako, baina tamalez frustrantea da konturatzea ikastola ez dela guk uste genuena, are gehiago denbora luzean bere alde borrokatu dugunontzat.
Min hartzen dugu balore demodratikoak, parte hartzea, euskalduntzea... ikastolen zeinu izan direnean, zenbait ikastolatan horrek guztiak alde egiten duela ikusten dugunean. Oso era sibilinoan bada ere, gertatzen ari da.
Min hartzen dugu jokamolde horiek salatzera ausartzen garen ikasle, irakasle zein gurasook jasotzen dugun mespretxu, baztertze edo iseka eta burlekin.
Min hartzen dugu ikastolen etsaiekin batera zaku berean sartzen gaituztenean, ikastolen aurkako estrategia baten barruan ari garen akusaziopean, eta arerioarekin erabiltzen ausartzen ez diren terapiarekin gurekin martxan jartzen dutela ikusita.
Min hartzen dugu, ikastolako partaide garen neurrian, ikastoletako beste estamentu eta instituzioetara laguntza bila joan garenok euskal label edo pedigri gabekoak garela ikusi ahal izan dugunean.
Min hartzen dugu ikastolak gehiegi sakralizatu eta babestu ote ditugun sumatzean. Begiak itxi ditugu, ume petral eta belar handiegitan hazitako batekin gertatzen den antzera, nahi duena egitera ohitu dugu eta orain ez da gai bere ardurapean dagoena zuzen betetzeko. Berak nahi duena egin behar du. Garaiz ote gabiltza begiak zabaldu eta ikastoletan, eskola komunitateko edozein estamentutan oker dagoena ikusi, aztertu eta zuzentzen saiatzeko?
Zalantzarik ez dago bide demokratikoak eta elkarrizketarako bideak jorratuz egin behar ditugula ahalegin guztiak, konponbidea era horretara lor daitekeela erakutsiz. Eskola batean hori lortzeko gai ez bagara, zer motatako gizartea eraikitzen ari gara? Edo... gizarteak eta botereak duen tresna baliagarrienetariko baten benetako balioa zalantzan jarri behar ote dugu?
AXULAR LIZEOKO GURASO TALDE BAT. DONOSTIA