BAHEA
Arnaldo Otegi, EHko eleduna: "ETAk bere elkarrizketaren bidez borroka armatuari iraungitze-data jartzeko gonbita egin die EAJri eta EAri".
Nicole Pery, Frantziako estatu idazkaria: "Ipar Euskal Herriarentzako hitzartu nahi den 'kontratu berezia' espreski eginiko egitasmo bat da, Frantzian egundo burutu ez den egitasmoa".
Robert Stoker, Belfasteko alkatea: "Espainiarrek ondo egingo lukete Ipar Irlandako eredua begiratuz, batez ere akatsak ez errepikatzeko. (...) Terroristekin hitz egin behar da, arazoaren alde bat direlako. Horrek ez du esan nahi beren ideia eta ekintzekin bat egitea".
Victor Aierdi, Elkarriko koordinatzailea: "Euskal Herrian nahastu egin dira eraikuntza nazionala eta gatazka politikoaren konponketa, eta horrek eragotzi du aurrera ez egitea, ez batean ez bestean".
Carlos Iturgaitz, EAEko PPko presidentea: "Ibarretxek mespretxua agertu behar dio Udalbiltzari, baita Jaurlaritzaren finantzaketa kendu ere".
IZPIAK
Jean Michel Galant Azkarateko auzapeza da Baigorriko kantonamenduko kontseilari nagusia izateko ABk aurkeztu duen hautagaia. Marcel Monlong Baigorriko kontseilari zenduaren lekua beteko du hautatuak.
Baltasar Garzon epaileak jakinarazi duenez, ETAren aurka egiteko bere ingurune politiko osoaren aurka egin behar da, ETAren egitura armatuaren aurka bakarrik eginez gero ezer ez delako lortuko.
Gillermo Etxenike, Gipuzkoako Batzar Nagusietako PSE-EEko eleduna izan dena, izango da aurrerantzean Edebisa, Bidasoaren Garapenerako Agentziako kontseilari ordezkaria.
LANDAREAK
Jakoba Errekondo
Naturaren ikuspegi menperatzailea du oraindik hainbat politiko eta teknikarik. Ikuspegi horretatik at, arerioetatik urrun, Indian ia 165 metroko diametroko pikondoa topatu dute.
guztia irakurri
OSASUNA
Jabier Agirre
Haurdunaldiak depresio eta loaldi trastornoak sortzen ditu emakumearengan. Honelako desorekak ordea, prebeni litezke. Horretarako, egungo desinformazioa gainditu behar da.
guztia irakurri
TERMOMETROA
ABERTZALEEN ZURRUNBILOA
ETA-K EAJ eta EArekin izandako elkarrizketen berri eman zuen lehenbizi, eta gero, gaur egun egoera politikoa nola dakusan adierazi du "Euskaldunon Egunkaria"n argitaratutako elkarrizketan. Mezu ugari dago bertan, baina, publikoki behintzat, ez du erreakzio onik eragin EAJ eta EArengan. Ezker abertzaleko erakundeek, ordea, LABek eta EHk bereziki, ETAk eraikuntza nazionalean aurrera egiteko duen borondatea azpimarratu dute. Borroka armatua noiz eten, EAJ eta EAren esku egon daitekeela adierazi du ETAk, beti ere, erakundearen esanetan, hauek eraikuntza nazionalean konpromiso sendoak hartuz gero. Bitartean, desadostasunak agerikoak dira Batera, Lizarra-Garaziko edota Udalbiltza moduko guneetan.
KONTRATU BEREZIA
PIRINIO Atlantikoetako prefeta, Andre Viau, Frantziako Estatuko ordezkari den aldetik, Akitaniako eta Departamenduko Kontseiluekin hasi da negoziatzen. Negoziaketa berean Ipar Euskal Herriko Hautetsien Kontseiluak parte hartuko du. 1992. urteaz geroztik, Ipar Euskal Herriko lurraldetasun eta instituzio ezaren arazoari Lurralde Eskema ekimenaren bidez egin dio aurre Frantziako Gobernuak. Lurralde Eskema, ordea, arras gelditurik egon da azken bi urteotan. Orain, berriz, Lionel Jospinen gobernuak Iparralderako "kontratu berezi" bat hitzartzea onartu du. Hitzarmen hau sei hilabeteko epean gauzatu beharko da. Frantziako Gobernuaren arabera, "Frantzia osoan egin ez den proposamen berezia da". Euskal Departamenduaren aldeko 'Urriaren 9ko Deia' kolektiboarentzako, erabaki hau arazoa desbideratzeko sasi-irtenbide bat da.
ESTATU ITUNA
PSE-EE-KO Nicolas Redondo Terreros idazkari nagusiak PSOEren eta PPren arteko "estatu itun" bat proposatu du Euskal Herrian eman litezkeen aldaketak eragozteko. Redondoren ustez, EAJk bere estrategia aldatzen ez duen bitartean, sozialistei ezinezko zaie jeltzaleekin elkarlanean aritzea. Aitzitik, PSE-EEko buruaren aburuz, sozialisten eta popularren arteko harremanak onak dira, azken hauteskundeetan bi alderdien artean "hautsi ziren zubiak" berregiten ari baitira. Bestalde, ETAk eginiko adierazpenei "txantaje" hutsa iritzi die Redondok. Bere ustez, EAJ eta EA erakunde armatuaren asmoak asetzen saiatzen ari dira. Aitzitik, Odon Elorza Donostiako alkate sozialistaren iritziz, EAJk aldaketa "argia eta positiboa" erakutsi du azken asteotan.
GAZTEEN ESPETXERATZEA
HILABETEREN buruan ia 50 gazte pasatu dira epailearen aurretik kale borrokarekin zerikusirik izatearen akusaziopean. Hauetatik 33 espetxeratu dituzte, bai ertzaintzak eta polizia nazionalak atxilotu ondoren, bai gazteek euren burua Ertzaintzan edo epaileen aurrean agertu ondoren. Gazte guztiak Orereta eta Hernani aldekoak dira. Gurasoak elkarteak atxiloketa hauek politikoki erabiltzen direla salatu du.
ARZALLUZ EGIBARREN ALDE
XABIER Arzalluzek Bilboko hitzaldi batean aipatu zuenez, EAJren baitatik Joseba Egibar EBBko bozeramaileari buruzko "oso gauza desatseginak" entzun ditu. Arzalluzen esanetan, ordea, Egibarrek, "beste inork ez duen meritua dauka", elkarrizketa prozesuan "egin dituen ordu guztiengatik, eta izan duen eta duen pazientziagatik". EAJ akaso erratu dela, Egibar ere bai agian, baina berak ez duela onartzen Egibarri buruz gaizki esaka aritzea.