Arturoren Kaiera
KIDE BERRIAK UEMA-N
Belauntza, Basaburua, Urdiain eta Arbizu herriak Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko (UEMA) kide berriak dira. Pasa den igandean Iruran "Sartu euskararen xarean" lelopean egindako urteroko festan egin zitzaien ongietorria kide berriei. Guztira 40 herri biltzen ditu egun UEMAk. Gainera, Ezkio-Itsaso eta Segura geroago sartzekoak dira eta UEMAko kide izateko aukera aztertzen ari dira herri hauek: Etxarri-Aranatz, Mutriku, Zestoa, Mendexa, Ajangiz, Arratzu, Nabarriz, Getaria, Zumaia, Aia...
KONTSEILUAREN BATZARRA EKAINAREN 24AN
Kontseiluaren urteroko batzarra ekainaren 24an egingo da Iruñean. Bertan, Kontseiluaren Estatutuak aldatzeko ez-ohiko batzarra eta 1999ko Kudeaketa Planaren balantzea egin, 2000koa onartu eta Zuzendaritzako kide berriak aukeratzeko ohiko batzarra burutuko da. Kontseiluaren Gogoetaburu berria Julia Marin izango da eta Komunikazioburu Pili Kaltzadak irailean utziko du ardura hau. Zuzendaritza arduradun berria bilatzen ari da.
AZKEN AEKANPADA
Ekainaren lehenengo asteburuan, hilaren 2, 3 eta 4an, egingo da bederatzigarren eta azken AEKanpada Bizkaiko Meñaka herrian. Sasoiak aldatuz doazela eta, AEK-k ezin duela atzean gelditu esan dute arduradunek eta kultur arloan egiten duen ekarpenaz gogoeta egin nahi duela. AEK-k 2002. urterako planteamendu berritua aurkezteko asmoa azaldu du.
EUSKARA SENATUKO PLENO GUZTIETAN EZ
Espainiako Senatuak, CiU alderdiak euskara, galiziera eta katalana pleno guztietan erabili ahal izateko proposamena atzera bota zuen iragan astean. Horren ordez, "hizkuntza autonomikoen" erabilera areagotzeko konpromisoa hartu zuen.
Bagak
Duela 16 urte hasi zuen bere ibilbidea Lekeitioko irrati libreak. Gaztetxetik emititzen lehenik eta Kultur Etxetik ondoren, lokal berria eman berri die udalak. Iazko jaietan jarritako txozna eta zozketei esker gainera, milioi bat pezeta (40.000 libera) lortu zuten antena eta emisio tresnak erosteko. Duela bi urte jauzi nabarmena eman zuen Arrakalak, programazio osoa euskara hutsean aireratzea erabaki baitzen, baina ez batuan, Lekeitioko euskalkian baizik. Bestalde, irratiak dituen 24 emanaldiak gazteei zuzenduak dauden arren, jende helduarengana iristeko asmoa ere agertu dute
EZPALAK
DONOSTIAKO ANTZERKI FERIA
UZTAILAREN 12tik 15era burutuko da Donostian III. Antzerki Feria. Guztira, hogei lanetik gora ikusi ahal izango dira egun hauetan, %45a euskaraz eskainiko delarik. Euskarazko lan hauek kalean egingo dira gehienbat. Baina Boulevard-az gain, feriaren eszenatokiak Victoria Eugenia, Antzoki Zaharra, Lugaritz eta Egia izango dira. Bertako lanen artean, Kike Santiago eta Angel Illarramendiren "Emakumezko zapatak" eta Tanttakaren "Novecento" eskainiko dira. Atzerrikoei dagokienez Manuel Rivasen "El lßpiz del carpintero", Teatro del Templeren "Buñuel, Lorca, DalØ" eta La Salamandra talde frantsesaren "Sua" lana izango dira ikusgai.
EUROPAKO HOBERENA
SORTU zenetik izandako bisitari kopurua eta publikoa erakarri eta honekiko duen jarrera onagatik jaso du Guggenheim Museoak 2000 urteko Europako Museorik Hoberenaren saria. Bonneraino, bertako Historiako Etxeraino , joan zen maiatzaren 13an Juan Ignacio Vidarte museoko zuzendaria saria eskuratzera. Beste 28 hautagaien artean izan da aukeratua Guggenheim museoa. Horien artean, Espainiako hiru zeuden: Gironako Zine Museoa, Gijongo Ferrokarrilena eta Bartzelona Hiriko Historia Museoa. Epaimahaiak gainera bereziki estimatu du Guggenheimek eginiko esfortzua ikasleentzat egitarau bereziak sortzeko eta Europako beste museoekin harreman sarea osatzeko. Orain Guggenheimek irabazitako saria, 1977an sortu zen Europako Kontseiluaren ekimenez.
ESZENATEGI BAT, GAI BAT
BI izango dira hogeigarren Nafarroako Jaialdien berrikuntza nagusiak. Batetik, leku bakar batean egingo dira ekitaldiak; Iruñeko Gotorlekuan, hain zuzen. Bestetik, gai nagusi bat izango dute: Ekialdeko Europa. Uztailaren 25ean hasi eta abuztuaren 5ean amaituko diren jaialdien ikuskizun nagusiak lehen eta azken egunean eskainiko dira. Uztailaren 25ean Enrike Morente musikari flamenkoa izango da oholtza gainean. Abuztuaren 5ean berriz, Goran Bregovic-ek eskainiko du emanaldia.
"GORE"AREN BELDURREZ
URRIAREN 27tik azaroaren 4ra burutuko da Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren XI. Astea, baina dagoeneko hainbat xehetasun plazaratu da. Jaialdian Universal etxeko bi pertsonaia klasikoei buruzko ziklo bana egingo da; David F. Friedman eta Herschell Gordon Lewisi buruzkoak, hain zuzen. Bi hauek "Gore"aren aitatzat hartuak izan dira.
KOMIKIAREN INGURUAN BILDUTA
SEI gasteiztarren komikiaren inguruko lanak daude ikusgai Gasteizko Zuloan "Oz÷kh" izeneko erakusketan. Mugimendu artistiko jakinik gabe, oleoak, akrilikoak eta marrazkiak bildu dira bertan ekainaren 12ra arte.
HITZ BITAN
Itxaro Bordaren hitzak dira hauek "Euskaldunon Egunkaria"n esanak: " Iduri du teknokratek, tekno-politikoek beren lanaren justifikatzeko euskalgintzaren lana eta geriza behar dutela. Baina gero euskara dute sakrifikatzen (...)".
Xabier Mendigurenek eta Antonio Camposek zera zioten "Ikastola" aldizkarian: "Eskola irabazita euskara irabazia genuela uste genuen, baina erabileraren borroka ez dugu oraindik irabazi eta hor ahalegin izugarri bat egin behar dugu".
Laura Mintegik funtzionario erdaldunei buruz hausnartu zuen "Gara"n: "Zer argumenturen pean justifika daiteke norberaren umeak inkomunikaziora kondenatzea beraien etxean bertan? Benetan itsua, leloa edo fanatikoa izan behar da semealabei honelako zigorra inposatzen dien gurasoa (...) Zer egingo du unibertsitateak bezeriarik gabe gelditzen ari den ehundaka funtzionari erdaldunekin?".
Juan San Martin honela mintzo zen "Euskonews & Media"n: "Arantzazun gauza asko zehaztu ziren, baina euskararen batasuna aurretik zetorren."
Ikatza
Eustotem Multimedia enpresa donostiarrak Basquetour (http://www.basquetour.com) web orria jarri du martxan, Gipuzkoari buruzko atari bilakatzeko xedez. Magazine informatibo bat, produktu tipikoak saltzeko on-line denda bat... dauzka jarriak; hori bai, guztiak ere gaztelera hutsez.
IZENAK
Koldo Amestoi eta Maddi Oihenartek "Maribil" ikuskizuna eskaini zuten maiatzaren 18an Iruñean. Lehen aldiz baliatu du ipuin kontalariak ipuin miresgarri bat. "Maribil" ikuskizuna sortzeko orain ehun urte Lapurdin bizi zen apaiz batek bildutako istorioan oinarritu da. Ikuskizunean Amestoik berak ere abestu egingo du eta Maddik kontatu. Kantu batzuk "Maribil"erako espreski sortuak dira.
Andima Ibiñagabeitiaren "Erbestetik barne-minez" izeneko gutun liburua aurkeztu zen Bilbon hilaren 18an. Bertan 253 gutun bildu dira, besteak beste, Jon Mirande, Jokin Zaitegi eta J. A. Agirreri idatziak.
Jean Mixel Bedaxagarren "Ama" ikuskizun berria ekainaren 3an Maulen eta uztailaren 1ean Iruñean izango da ikusgai.
PRINTZA
Rafa Zulaika Donostiako San Telmo museoko zuzendaria honela mintzo zen egungo museoen egoerari buruz eta San Telmoren eraberritze lanei buruz "Irutxulo" aldizkarian:
"(...) Aldaketa arkitektonikoez gain, funtzionamendua eta museoaren filosofia bera aldatuko dira. Txip-a aldatu nahi dugu, eta museoa bizirik eta gizarteari begira dagoen kultur tresna bihurtu. Horregatik, nik Euskal Kulturaren museoa deitu beharrean, Euskal Kulturarentzako Museoa deituko nuke. Guk museo dinamikoa nahi dugu, Euskal Herrian sortu den, sortzen ari den eta sortuko den kultura erakutsiko duena. Ez dugu zaindu gabeko museoa nahi, garaian garaikoa baizik. (...)
Museoa (San Telmo museoa) zaindu gabea baino graziarik gabea da. Baina hori museo gehienetan gertatzen da. Tamalez, urte luzez kultura, zentzurik zabalenean, luxutzat ulertu da. Kultura, ordea, ogia bezain beharrezkoa da gizakiarentzat, osatu egiten baikaitu. Hortaz, San Telmo zaindu gabe egon den? Kultur baztertze hori jasan du. Baztertze hori eragin duen beste arrazoi bat ere badago: museoak dirua xahutu besterik egiten ez duten gauzak bezala hartu dira. Hori guztia dela eta, ezin ditugu museoak galtzen utzi, etekina atera behar diegu eta errentagarri bihurtu. Guggenheim-ekin ikusi da museoekin dirua irabaz daitekeela."
Txori Batek Esan Digu
FUTBOLA NAHIAGO EMAZTEA BAINO
Beti uste izan da telebistarengatik ez balitz dibortzioak izugarri igoko liratekeela. Hori bera berresten du plazaratu den inkesta batek: Espainian bikotea duten gizonezkoen %14 prest legoke bere bikotea uzteko futbola telebistan ikusterik izango ez balu. Europa mailan ere, gizonezkoen %10ek nahiago du futbola ikusi amodioa egitea baino
GOENKALEN AKTORE IZATEKO AUKERA
Egun batez Arraldeko pertsonaia bat antzezteko parada dute Goenkale zaleek, beren izaerara egokituta, gainera. Horretarako, egunotan ETBn ageri diren telesaileko sei aktoreen izenak asmatu eta erantzunak 906-424300 telefonora deituz eman behar dira. Ekimena harrera ona izaten ari da, 1.000 deitik gora jaso baitituzte
NOIZKO "LINEA 900" MODUKO BAT ETB-N?
"Mundo.hoy" hor egonik ere, egun ez dago berezko dokumentalen ekoizpenik ETBn, nahiz eta horrek sona eman liezaiokeen. Horra hor La2ko "Linea 900"en egin hiru dokumental Mathausen-eko kontzentrazio eremutik bizirik ateratako errepublikarren testigantzak bilduz. Oilo ipurdia jartzeko moduko lana benetan
Urrea
Caja Riojak atondu erakusketa batetatik heldu zaigu ezustea. Kalagorriko eliza nagusian Errioxaren historiaren inguruko "Errioxa Lur Irekia" erakusketa dago ikusgai eta bertan berau azaltzen duten euskara hutsezko triptikoak daude eskura. Eta babesleen artean, Telefónica, Renfe, El Corte Inglés...