JOSE LUIS BASTERRETXEA "ALTZALEI": "HURBILPENA DA EGUNGO ERRONKA"
Eskualdekako bertsolari txapelketa honetan hirurogei bertsolarik hartuko du parte, hamaika saio, leku... zelan bideratu da hori guztia?
Bizkaiko bertsozale elkartean partehartzaile posibleen mapa egin genuen, eta eskualde bakoitzean saio bat behintzat posible zela ikusi genuen. Beraz, lehengo eskualdeetako ohiturari heltzeko aukera zegoen, eta zabalago egiteko ere bai, Lea-Artibain, Arratian eta Bilboaldean kanporaketak egin behar izan baitira. Ipar-Uribeko merindadean gainera, finala bakarra izango da, baina girotzeko bospasei saio ere egin dituzte txapelketatik kanpo dabiltzan bertsolari edo bertsoan hasi berriekin.
Aurreko txapelketatik alde ederra dago; orduan ere jende asko zen eta hamabi sailkapen saio antolatu ziren txapelketa aurretik. Uda aurre eta ostean luze jo zuen kontua izan zen eta ez zeukan oraingo pertsonalitaterik; edonori edonon kantatzea egokitu zitzaion. Eskualdeka egiteak sei eskualdeetako arduradunak atera eta noizbehinka batzea dakar. Hor ildo nagusiak bideratzen ditugu, eta gero lekuan lekuan dena antolatu behar da, kantatzeko lekua, gaiak, publizitatea, jende kopurua...
Hurbiltasun handiko kontua izango da beraz, antolaketa ere eskualdeko bertsozaleen esku utzita.Bai, aurreko txapelketaren aldean jendearengandik askoz hurbilagokoak dira, eta eskualde bakoitzean jokatzeak dena horretara baldintzatzen du, dena bertako jendearen esku dago antolaketa kontu horretan. Egin kontu, aurreko txapelketan ia gai falta egotetik orain saio gehiago egingo dira, gai aldetik ere horrek dakarrenarekin.
Hirurogei bertsolari direla esan dugu, baina partehartzaile bakoitzeko hiru pertsona daude antolaketan zelan edo halan, ehun eta larogeiko kopurua da hori; beraz, elkarte osoa dago martxan.
Etorkizuneko txapelketa erronka ere ildo horretatik joango da?Bai, egitura definitiboagoa atera nahi genuke hemendik. Orain arte bertsolari kopuru eta mailaren arabera txapelketaren egitura aldatzen joan da, baina orain eskualde guztietan transmisioa ziurtatuta dago; Ezkerralde-Enkarterri inguru hori posible balitz etorkizunean... giroa eta entzule transmisiora bideratu behar dugu zortzi-hamar urtera begira, txapelketak errespetu eta oihartzuna lortu baititu.
Aurrerantzean hori izango da gure oinarria, gaijartzaile eta epaile berriak trebatzen ibili gara, eta antolatzaileak ere martxa horretan sartu gara. Hortik, adibidez gaijartzaileek euren ikastaroa izan zuten, zelan topatu gaiak eta zelan bideratu... epaileek ere antzeko zerbait... eta hau guztia amaitzean berriz batuko gara.
Horren guztiaren atzean badago kontu garrantzitsu bat, geure buruari lora gehiegirik bota barik, bertsolaritza gustatzen dela eta gauzak serio eta txukun egiten direla elkartean. Jaialdiak behera joan dira eta hurbilpena da orain helburua, bertsolariak badagoz eta alde guztietan jendea suspertu behar dugu, inplikatu, beste era batera saioetara joango ez litzatekeen jendea hurbildu
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.