Okerrak argituz
Honen bidez zuzendu egin nahi dut Xabier Zabaltzak bere artikuluaren aitzin-solasean (Argia, apirilak 16) esandakoa. Izan ere, artikulu horretan dio ez dela monografiarik idatzi oraino euskaraz edo espainieraz hebreeraren pizkundeari buruz Euskal Herrian. Hori, ordea, ez da zuzena, nik neronek gai hori jorratu bainuen euskaraz "Bat Soziolinguistika Aldizkaria"ko 30 zka.n (1999ko ekaina), "Eleaniztasuna Israel-en" izenburupean.
IŅAKI LOPEZ DE LUZURIAGA
Anaia nagusia eta lehengusu nagusia
Asmakizuna. Telebistan noizean behin programa berriak asmatzen dituzte negozioa ondo elikatzeko, lehenbailehen irabaziak igo daitezen. Programa horiek islatzen dute gizartea nola ikusten duten telebistako merkatariek. Horrela, azken asmakizuna "Anaia Nagusia" bataiatu dute.
Morboa. Gizakientzat izugarrizko erakarpena dauka morboak. Hau da, sentimendu mugaezin bat krudelarekin, desatseginarekin, debekatuarekin gozatzeko, kasu gehienetan sexu egoerez ondo hornituta. Mercedes Milaren (asmakizunaren aurkezlea) ustetan kasu guztietan morboa ez dago irudietan baizik eta ikuslegoaren begietan. Hori da hain zuzen ere berak indartzen eta bultzatzen duena, argi azaldu eta gero inolaz ere ez lukeela parte hartuko honelako programetan. Lasai, Mercedes, askoz hobeto irabazten duzu zuk zure eginkizunarekin. Gainera horretarako, jakina, ez duzu ipurdia edo gehiago erakutsi behar. Zurea kaka ondo banatzea da.
Protagonistak. Bahe itzel baten bitartez aukeratuek, gizon zein emakume gazteek, daukaten intimoena saltzen dute esperientzia honetan, ospea eta sari ekonomikoa lortzearren. Narzisismoak bultzaturik, aldez aurretik egokitutako zoo batean bizi dira elkarbizitzaren eraginak salduz. Pornografia sentimental batean harrapatuta, zirko erromatarretan bezalaxe, publikoaren erabakiaren zain egongo dira, gizon eta emakume objetu bilakatuta. Luxuzko panpinek, denboraldi batean, ez dakite egoerak nola bukatuko duen.
Publikoa. Morboa asetzeko ez zaio inporta zaborraren kuota telezuzenduta irenstea, ustez nahi duenean utz dezakeelakoan, beste botoi bat sakatuz. Lehengusu Nagusia.
Negozioa. Audientzia igotzen den heinean Tele5ekoek beraien negozioa handitzen dute. Gainontzeko kateek, ordea, antzeko zerbait asmatzen dihardute, ea haien txanda noiz izango den zain. Negozioa ondo antolatzeko experimentu sozial bezala saiatu dira saltzen. Gezurra. Negozio ona, ziurra eta gogorra da.
Edukina. Defendatzaile sutsu batzuentzat (haiek ere ondo ordainduta) programa honekin demokrazia eta askatasuna suspertzen da. Faltsua. Bekaizkeria, diruzalekeria, mendekua eta etengabeko eztabaida besterik ez da zabaltzen, partehartzaileek, saria eskuratzeko, elkartasun, adiskidetasun eta maitasun sentimenduak erasotzen baitituzte.
TOMAS ANGEL GONZALEZ. ZORROTZA (BILBO)