Aurpegia
Unai Zabaleta mikro aurrean aritzen da Leitzako Karrape irratian
guztia irakurri
Bagak
Txalotzekoa da aurreko egunean Radio Euskadik Bartzelona aukeratu izana "Boulevard" saioa handik egiteko. Kinka larri hauetan Ibarre-txe lehendakariaren hitzez aparte, Kataluniako adituen iritziek ere haize freskoa dakarte, nahiz eta haien artean ere zenbat buru hainbat aburu dagoen. Halaber, gorestekoa da Antoni Segura Historia katedradunak bere setari esker lortu duena: hilaren 23an Trias Fargas Fundazioan hitzaldi bat antolatzea Euskal Herriko bakegintzaz. Hau da CIUk maltzurki bertan behera utzi zuen hitzaldia, Aznar presidenteari bere babesa eman baino lehen
DISKOA
BOST
Noizbait
Discos Suicidas
2.200 pta.Noizbait taldearen bigarren lan luzea da hau. 95ean bildu zen lehenengoz bizkaitar boskotea (seikote bilakatu dena) eta 96an hirugarren postua erdietsi zuten Euskadi Gaztea lehiaketan. 98an kaleratu zuten "Inposatutako ereduak" lehen diskoa. Urtzi eta Enekoren gitarrek, Imanolen baxuak, Rafaren bateriak eta Iņaki eta Usoaren ahotsek osatutako lan honetan, eta lehen lanean hautatutako bideari jarraiki, erritmo gogorrak, kutsu industriala, samplerrak eta melodia landuak nahasten dira, beti ere metaletik urrundu gabe. Kolaborazio ugari izan dute grabaketan: Etsaiak taldeko Auo eta Lehiotikan-eko Gorka, besteak beste
LIBURUAK
MUSUBERO MON AMOUR
Anjel Lertxundi
Antton Olariaga
Elkarlanean
119 orrialde
1.400 pta.Anjel Lertxundiren testuez eta Antton Olariagaren irudiez osatutako Maxe sailaren bigarren alea da "Musubero mon amour" izeneko gaztetxoentzako liburu hau. Maxeren abentura berriak argazki bat du abiapuntu. Itxuraz bere gelako nesken eskubaloi taldeari Bordeleko kiroldegian ateratako argazki soila da. Taldearen atzean, ordea, bikote bat ageri da elkarri musuka. Bikote horretako emakumea andereņo Maripi dela ikustean harrituko da Maxe. Zein ote da andereņo Maripirekin ezkutuan musuka ari den gizon biboteduna? Eta aitzaki eder hau medio, Bordelera eginiko bidaiaren gorabeherak kontatuko ditu protagonistak. Liburuaren amaieran bidaian ateratako beste hainbat argazkiren inguruan ere jardungo du Maxek
EULIAK EZ DIRA ARGAZKIETAN AZALTZEN
Joxemari Iturralde
Erein
71 301 orrialde
2.700 pta.Emakumeak dira Joxemari Iturralderen azken nobela honetako protagonistak: Brezo, Lucinda eta Luzia, hain zuzen. Emakume hauen artean gizonezkorik ere bada: Rekexo ikertzailea, neska hirukotearen zelatan ibiltzeko agindua jaso duena. Ederrak dira Luzia eta bere lagunak eta neskazalea Rekexo. Arrunt eta gizajo samarra ere bai, baina itxura onekoa. Nesken pausuak jarraitzeko mandatua dela medio, Bilbotik Londresa eramango du nobelak irakurlea eta bertan hainbat pasadizo dibertigarri biziko ditu Rekexok. Erein argitaletxeak karrikaratu duen idazle tolosarraren azken lan honetan, emakumeen erabakiak gizonezkoen gainetik daude. Baina bada tramaren atzean eta, agian, guztien gainetik dagoen beste indar bat ere
LA LABRANZA DEL HIERRO EN EL PAIS VASCO
Elena Legorburu
EHU
223 orrialde
1.850 pta.Zerbitzuen sektorea nagusitu den gizarte honetan, garai batean burdinak izan zuen protagonismoa itzali da dagoeneko. Baina Historiaurretik bertatik Euskal Herriaren ibilbidea burdinari loturik egon da. Burdinaren produkzioak euskal jardun ekonomikoa baldintzatu du, baina baita historia eta kulturaren hainbat alor ere. Elena Legorburu Fausek burdinaren eboluzioaren azterketa egin du lan honetan, gure herriaren giltzarri izan denaren inguruko zenbait hausnarketa luzatzeaz batera. Historiaurrean abiatzen du bere lana eta industrializazio modernora bitarte zabaltzen du bere azterketa. Burdingintzaren prozedura tradizionalaren nondik norakoak azaltzen ditu eta teknologia zahar eta berrien arteko trantsizioa ere du mintzagai, besteak beste
LAMINDEGIKO LAMIAK
Pantxo Hirigaray
Kutxa Fundazioa
95 orrialde
600 pta.Donostia Hiria Literatur Saria jaso du aurten Pantxo Hirigarayk antzerki lan honengatik. Hamar pertsonai dira lan honen protagonistak: bertsolari bat, muslari bat, haizkolari bat, idazle bat, pilotari bat... Guztiak Iparraldeko euskalduntasunaren azken lekukoak. Istorioan zehar gainera, desagertzen joango dira bata bestearen ondoren eta horrek euskalduntasuna umezurtz utziko du.
Agatha Christieren obra misteriotsu batean oinarritu da Hirigaray lan hau sortzeko eta komedia poliziakoaren kutsua ematea ere lortu du. Euskal munduaren protagonista diren pertsonaietatik hasi eta "Laminen ipuina"n bezalaxe, korapilatu egingo da kontakizuna, irakurlearen jakinmina sortuz. Antzerki lan hau datorren urtean izango da oholtza gainean