BAHEA
Txema Montero abokatua: "Bi komunitateren arteko gerra ideologikoaren bila ari da ETA, eta 36ko Gerrako salbuespenaz, holakorik ez da izan orain arte euskal gizartean".
Rodriguez Ibarra, PSOEko Extremadurako Lehendakaria: "Rosa Diezena moduko hautagaitzek zirkoa bihurtzen dute alderdia".
Xabier Gurrutxaga, EEko buruzagi ohia: "Lizarra-Garaziren akats larri bat zera izan da, biolentzia estatuarekiko gatazka politiko baten ondorio dela onartzea".
Carlos Garaikoetxea, EAko parlamentarioa: "Aznar jaunak eta PSOEk interes handia dute Lizarra biolentzia sostengatzeko alderdi eta sindikatuen koalizio iraunkorra dela esateko, nazionalismoa jipoitzeko propaganda fantastikoa da".
Jose Antonio Ardanza EAEko lehendakari ohia: "Lizarrako Akordioa ez dago apurtua, baina, Ajuria Eneko Itunarekin gertatzen zen legez, alderdiak ez dira gai izan akordioa gauzatuko luketen tresnak bideratzen, adibidez alderdien mahai bat eratuz".
LABeko Rafa Diezek Egibarri: "Herri hau martxan jartzeko ahalegina egin behar da".
IZPIAK
Francisco Javier Ansoategi izango da aurrerantzean Madrilgo gobernu ordezkaria eta bere zerekin garrantzitsuena ETAren Madril Komandoarekin amaitzea izango da. Orain arte Nafarroan izan da gobernu ordezkaria eta bere lekua Jose Carlos Iribas lizarrarrak hartuko du.
Uriarte gotzainak Setien ordezkatzea ondo ikusi bazuten ere, PP eta PSEren zenbait buruzagik gogor kritikatu zuten Jose Luis Lopez de Lacalleren hileta elizkizunetan gotzaina presoez eta inmobilismoaz aritzea.
Enrique Mujika sozialista izan daiteke, PPren proposamenez, Espainiako hurrengo Herriaren Defendatzailea.
TERMOMETROA
ABIAN DA BATASUNA PROZESUA
EZKER abertzaleko pentsamolde desberdinen bilgune nazionala sortzeko asmoz, abian da jada Batasuna prozesua. HBk duela hilabete batzuk bukatutako Eraikitzen prozesua izango da abiapuntua eta Iruņean ehun pertsonen sinadurapena aurkeztutako oinarrizko agiriak markatuko du gidoia. Atzera begira, ezker abertzalean azken lau hamarkadatan egindako ibilbidearen azterketa egiten da txostenean eta aurrera begira, herritar batasunaren eraketari erantzun nahi zaio. Prozesuaren bukaerarako, egungo ezker abertzaleko erakundeekin bateragarria izango den Euskal Herri mailako egitura politikoa sortuko da.
IBARRETXEREKIKO PRESIOA
IBARRETXE lehendakariak Kataluniara egindako bidaiak argi erakutsi du PPk gogor jazartuko duela han eta hemen. Estatu espainiarreko gainerako lurraldeekin erkatuz, katalanek Euskal Herriko arazoez duten ikuspegi desberdina ere agerian geratu zen Ibarretxeri eskainitako harrera zabalean. Gero eta presio handiagoa jasaten ari dira Ibarretxeren gobernua eta EAJ, eta ikusi beharko da EHri helarazitako mezuak, presio hori deskargatzeko diren edo EH eta Lizarra-Garaziko hezietatik kanpo gehiago mugitzen hasiko diren. Orain artean, ordea, EAJk bide bati ekiten dionean, malgutasunez baina denbora nahiko luzean bide horri atxikitzen diola diosku esperientziak.
MOBILIZAZIO ASTEA
DATORREN astelehenetik ostiralera, hilaren 22tik 27ra, greba eta mobilizaziorako astea deitu dute Amnistiaren Aldeko Batzordeek eta, Senideak, Gureak eta Gurasoak elkarteek. Euskal Preso Politikoen Kolektiboak egindako gonbiteari heltzen dio deialdiak eta lau erakunde hauek alderdi, sindikatu eta gizarte mugimendu desberdinekin izandako hausnarketatik atera da. Iparraldeari dagokionez, preso eta errefuxiatuen aldeko mobilizazioak hilaren 26ra mugatuko dira. Aste hau, dena den, presoen eskubideen aldeko kanpaina zabal eta iraunkor baten hasiera gisa agertarazi dute deialdiaren egileek.
KALE BORROKA ENTZUTEGI NAZIONALEAN EPAITUKO DA
HEGOALDEAN gertatutako kale borroka kasuak Espainiako Entzutegi Nazionalak epaituko duela erabaki du auzitegi horretako Penaleko Bigarren Epaitegiak. Kale borrokarekin lotutako epaiketa bat medio, Iņigo Iruin abokatuak, kasu hauek lurralde auzitegietan epai zitezen eskatu zuen, terrorismo delituaren tipifikazioak erakunde baten beharra duelako eta kasu hauetan ez zegoela horrelakorik argudiatuz. Epaiaren arabera, ostera, era horretako delituak "ez dira terrorismoaren ohiko kontzeptuaren barruan sartzen baina biolentzia politikoaren bokazio eztabaidaezina dute".
"LE FIGARO": ETAK DESAFIOA LUZATZEN DIO EUROPARI"
FRANTZIAKO zentro-eskuinaren egunkari den "Le Figaro"ren ustez, "ETA ez da espainiarren arazoa bakarrik" eta "jadanik Europa osoari luzatzen dio bere desafioa". Jose Luis Lopez de Lacalleren hilketaren harira egindako editorialean agertutako ideia da. ETAk atentatuei berrekin dienean, "EAJ eta erradikalen arteko elkarlana justifikaezina" dela dio. Bere ustez, "aliantza hau lotzen duen Lizarrako Ituna hautsi egin behar da". Euskal Herritik urruti dagoela ere erakusten du, ordea, hauteskundeak egin daitezen EAEko populazioaren aldarria gero eta handiagoa dela esaten baitu.
ELGORRIAGAREN ESKER ONA
DAGOENEKO espetxean dira Rodriguez Galindo generala, Julen Elgorriaga eta Vaquero guardia zibilaren teniente koronela. Bitxia eta etorkizunerako esanguratsua izan zen Elgorriagak, alderantzizko zentzuan, Ramon Jauregi soizialistarekiko, "bere jefearekiko", "1982tik bere aldamenean egoteagatik eta harrezkeroztik luzatutako sostenguagatik" izandako esker ona. Zalantza barik, jende asko izango da artega Galindo generalak eta besteek espetxean jarraitzen duten bitartean.