Arturoren kaiera
MENDEBALDEKO EUSKALKIAZ
Pasa den asteburuan mendebaldeko hizkeraren formalizazioari buruzko jardunaldia egin da Bilbon, Mendebaldea kultur elkarteak antolatuta. Bi eguneko saioan gramatika, entonazioa eta azentua, eta lexikoa aztertu dituzte, besteak beste. Mendebaldeko hizkera baliatzen hasi dena "Euskaldunon Egunkaria" da, "Bizkaia" kaleratu berri den gehigarriaren bitartez. Iragan astean egin zuten aurkezpen ofiziala Bilboko Kafe Antzokian.
HELDUEN EUSKALDUNTZEAZ JARDUNALDIAK
Bilbon ezezik Donostian ere izan dira jardunaldiak pasa den astean, ostiralean hain zuzen. Honetan, HABEk eta UEUk antolatuta, helduen euskalduntzeaz jardun zuten. Hizkuntzaren erabilera zer-nolakoa den euskararen alor eta kontestu guztietan aztertu zuten bi erakundeetako kideek.
EH-K "OFIZIALTASUNA" TXOSTENA AURKEZTU DU
Iragan larunbatean, Iruñeko Golem zinema aretoan burutu zen Euskal Herritarrok-en Hizkuntza Politika Berriaren ardatzak jasotzen dituen Ofizialtasuna txostenaren inguruko azken eztabaida saioa. Azken hiru hilabeteetan txostena eragile politiko, sozial, sindikal eta ekonomikoekin eginiko alde bikoetan aurkeztu da eta batzar anitzetan eztabaidatzeko aukera desberdinak izan dira. Egin diren ekarpenak sailkatu eta Batzar Orokor honetan onetsi ziren.
NUP-EN EUSKARAZKO LEHEN LIBURUA KALEAN
Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) euskaraz kaleratu duen lehen liburu zientifikoa aurkeztu zen pasa den astean. Jaione Apalategi Gizarte Zientzietako dekanordeak idatzi du eta "Hezkuntza-Erakuntza I: Oinarri Teorikoak" du izenburu.
EZPALAK
MUNDIALIZAZIOAREN AURKA
ARROSAN burutuko da ekainaren 30etik uztailaren 2ra bosgarren Euskal Herria Zuzenean jaialdia "Herrien eurorroka World Companyen aurka" lelopean. Aurtengoak berezitasunak izango ditu. Batetik, aurtengo gai nagusia mundializazioaren aurkako protesta izango da eta horretarako antolatu da hainbat ekitaldi. Bestetik, orain hilabete batzuk Millauco Mac Donald'saren aurka laborariek eginiko ekintza dela-eta espetxeratutakoei sostengua emango zaie jaialditik. Ikuskizunei dagokienez, lehen gauean reggae gaua egingo da, bigarrenean musika gogorragoa izango da Todos tus muertos, Anestesia edo Mass Hysteria bezalako taldeekin. Igandean berriz, bertsolariak eta Niko Etxart izango dira jaialdian, besteak beste.
EUSKAL ANTZERKIA PODIUMEAN
EUSKAL antzerkiak sari ugari lortu berri du. Arte Eszenikoen Max Sariak Sevillan banatu ziren maiatzaren zortzian. Irabazleen artean euskal izen ugari suertatu zen. Jon Berrondok lortu zuen Eszenografia hoberenaren saria "La reina de belleza de Leenane" lanagatik. Markeliñe taldea berriz, Haur Antzerki sailean gailendu zen. Markeliñe iazko sarietarako ere izan zen izendatua, baina aurten lortu du saria "Kartoibiraka" izenburuko lanagatik. Lan hau orain hiru urte estreinatu zen Gijonen eta ordutik sariak barra-barra jaso ditu. Tanttaka taldea hirugarren aldiz izan da aurten Max Sarien finalista. Oraingoan ordea, Antzerki Moldaketa Hoberenaren saria irabaztea lortu du "El Florido Pensil"engatik. Irabazleez gain, Ur antzerki taldea ere izendatua izan zen.
UDAKO IKASTAROAK
UDAKO Euskal Unibertsitateko aurtengo ikastaroak uztailaren 10etik 13ra burutuko dira Miarritzen eta 17tik 28ra Iruñean. Guztira, 9 ikastaro eskainiko dira Miarritzen eta 24 Iruñean. Aurtengo ikastaroen eremua zabaldu egin da, ikastaro bana antolatu da Izaba eta Zizurkilen. Garrantzi berezia izango dute aurten teknologia berriek, euskara lantzen duten ikastaroek eta jorratuko diren gaien gaurkotasunak.
MUSIKA GOI MAILAN
GIPUZKOAN, Araban edo Bizkaian 2001-2002 urteen artean goi mailako kontserbatorioa egiteko konpromisoa hartu du Inaxio Oliverik. Honela, LOGSE legea indarrean dagoenetik musika ikasleen artean sortutako urduritasuna desagertuko da, goi mailako ikasketak egin ahal izango baitituzte EAEn. Nafarroan proiektuaren bideragarritasuna aztertzen ari dira.
DIRUA LIBURUEN TRUK
EUSKO Jaurlaritzako Kultura Sailak 55 milioi pezetatako (2,2 milioi libera inguruko) dirulaguntza emango dio euskal liburugintzari. Horren truke argitaletxeek lagundutako liburuen 300 ale eman beharko dizkiote Kultura Sailari.
HITZ BITAN
Alex Sarduiren hitzak dira hauek "Gara"n aipatuak: "Musikak bertsolaritzari, Euskal Herrian behintzat, letrak egiteko ardura zor dio. Edozein letra ipini beharrean, letra bat egiteko ardura, bertso ona egiteko ardura egiten den moduan".
Joan Mari Torrealdaik honako adierazpenok egin zituen itzulpenei buruz "Gara"n: "Debekatuenak itzulpenak izan dira beti, zergatik? Itzulpenak hizkuntza guztiek balio berbera dutela erakusten dutelako".
Koldo Izagirre honela mintzo zen "Gara" egunkariaren inguruan "Bazka" aldizkarian: "Zorionak, 'Gara'! Ezinezkoa zirudiena obratu duzue: 'Egin' baino are egunkari txarragoa egiteko gai izan zarete".
Martxelo Otamendik esanak dira hauek " Deia" egunkarian: " Gizartean esparru askok ez badute euskaraz produzitzen oraindik guk itzulpen lana egin behar dugu (...) Egunkariak bere inguruko komunikabideak lehen jorratzen ez zituen albiste batzuk jorratzera edo ikuspuntua aldatzera eraman ditu. Egun, gure neurrian, erreferentzia gara".
Ikatza
Iruinseme batek BBVAri agiriak, publizitatea eta abar euskaraz bidaltzeko eskatu eta ezezko borobila jaso du berriki. Hori, bertako ordenagailuak egokituak egon arren, soilik EAEn dela posible erantzun zioten. Hori bai, katalanez eskatuko balitu, ez legokeela inongo arazorik esan omen zioten.
IZENAK
Anjel Lertxundik eta Antton Olariagak sei ale izango dituen Maxe haur-literatur bildumaren lehen bi aleak aurkeztu zituzten. "Nire Kuleroak" eta "Musubero, mon amour" dira lehen bi aleen izenburuak. Hauen atzetik datozenek ere hamabi urteko nerabe baten gorabeherak kontatuko dituzte, Elkarlaneanen eskutik.
Koldo Mendaza gasteiztarrak XXXI. San Prudentzio Argazki Lehiaketako Ohorezko Saria irabazi zuen. "Hegan egin ezin badut ere" izenburupean bere lanen bilduma dago ikusgai Gasteizko Artxibo Munizipalean epaimahaiak aukeratutako beste batzuekin batera.
Aita Donostia musikari, ikertzaile eta folkloristaren bizitza eta obra biltzen ditu San Telmo Museoan maiatzaren 28ra arte zabalik izango den erakusketak.
PRINTZA
Ramon Bareak honela zioen euskal antzerkiaren inguruan "Euskonews & Media"n: "1969an Euskadin 'Cómicos de la lengua' taldea martxan jarri zen. Antzerki independientea egiten lehenetarikoak izan ziren, une hartan estatu osoan egiten zenaren isla. Ordura arte egiten zen antzerki komertzialari aurre egiten saiatu ziren, antzerki marginala zen nolabait esateko. Euskadin profesionalki agertutako lehen taldea izan zen, nahiz eta adinez gaztea izan. Talde horretatik abiatuta Euskadin antzerki alternatiboaren zirkuitoa eratuz joan zen. Erabat arrunta bihurtu zen jai eta kultur asteetan antzerkiaren presentzia (...). Garai frankistan geunden oraindik, militantzia politiko klandestinoaren urteak ziren eta antzerkia gizarte mugimenduen parera garatu zen. Lehen jarduera politikoa handiagoa zuten aktore, abeslari, idazle zein beste edozeinek. Zenbaitetan militantzia hori jarduera profesionala baino handiagoa zen. Ikuspuntu artistikotik obra txar batek arrakasta handia izan zezakeen eduki politikoa zela-eta. Orain abestiak eta antzerkiak mezu politikoak helarazteko soilik erabiltzen ez direnez, jendeak estetikari gehiago eskatzen dio (...). Lehen militantzia antifrankistaren aldekoak ziren guztiak, ezkerraren kultura bultzatzen zen. Gaur egun, ezkerreko kulturaren barruan denetarik aurkitzen da (...)".
Txori Batek Esan Digu
"HOSPITAL CENTRAL"EN HANKAMOTZ DABILTZA
Telesaila ahal den sinesgarrien izan dadin, 1.600 metro karratuko estudioa sabaiekin eta guzti egin dute. Baina alferrik da, Tele 5eko "Hospital Central" hau "Urgencias"en kopia kaskarra dugu. Aktoreen lanak ez du indarrik eta gidoiak betiko topikoz josiak daude. Hori gutxi balitz, tematuta daude akzio sekuentziak nola edo hala sartzen
ENPLEGU DOIKET-A NAFARROAKO CANAL 4N
Kateko 74 langile, 61 kontratupean eta 13 bekadun, apirileko soldata jaso gabe daude oraindik. Jokabide honen gibelean dagoen xedea bestelakoa da, beti ere Sanzen gobernuaren babesa duela. Hurrengo pausoa Retenak Canal 4 erostea izanen da, gisa horretan egosten ari den telebista autonomiko digitalaren kudeaketa eskuratzeko
"ANAIA ZAHARRA" ESTATU BATUETAN ERE
Ikusleria zaharrena eta kontserbadoreena duen arren, CBS kateak "Big Brother"en aldeko apustua egin du udako programazioa bultzatzeko.Uztailaren 6an arratsaldeko 20:00etan hasita, astean bost aldiz emango dute. Asteazkenetan berriz, "Survivor" abiaraziko dute, non uharte bakarti batean zenbait lagun elkarren kontra ariko diren
Urrea
Beasain, Idiazabal, Lazkao, Ordizia eta Ormaiztegiko udalek eta Euskadiko Kutxak euskararen erabilera areagotzeko hitzarmena adostu dute. Sinaketa ekitaldia astelehenean, hilak 15, burutu zen. Era honetan udalerriotako herritarrek euskaraz funtzionatu ahal izango dute aipatu kutxarekin.