BAHEA
Joseba Egibar, EAJko bozeramailea: "Datozen egunetan ETAk publiko egingo du fase baten amaiera".
Emilio Lopez Adan: "Prozesu delikatu horiek jai dute leialtasun minimo bat ez bada partaideen artean, eta erakunde armatuak, azken egunetako paper eta komunikatuen bidez, leialtasuna eta partaideen arteko konfiantza hautsi ditu, beharbada luzerako".
Jose Felix Azurmendi: "Honakoa dirudi Fernando Buesaren atentatuaren aurkako helburua: jakinaraztea EAJ eta EAri, eta ezker abertzaleko 'sasi-jakintsu' guztiei, epe ertainera guztien interesak bilduko lituzkeen arrazoizko estrategia (erreformista?) bat diseinatzeko sozialistekin bat egiteaz ahazteko".
Jaime Mayor Oreja: "Nazionalismoak demokratikoa izaten jarraituko du hauteskundeak galtzen baditu?".
Julio Anguita, IUko zuzendaritzakoa: "Jaime Mayor Oreja, Euskal Herrian gatazka konpontzeko gutxien lagundu duen moduan pasatuko da historiara".
IZPIAK
Pedro Morenes diplomatiko bizkaitarra izango da aurrerantzean Ricardo Marti Fluxaren lekua hartuko duena Estatuko Segurtasun Idazkaritzan. Jaime Mayor Orejaren bigarrena litzateke Morenes, eta ministroa EAEko Lehendakaritzarako hautagaitzarako aurkeztuz gero, bera izan liteke barne ministroa.
Alberto Ansola zen EAJko Araba Buru Batzarreko (ABB) lehendakaritzarako hiru hautagaietako bat, baina hautagaitza erretiratu eta beste biei, Jose Maria Gerenabarrena eta Manuel Allenderi, bidea libre utzi die. Hilaren 20an ezagutuko da zein den ABBko lehendakari berria.
TERMOMETROA
KONFIANTZA BERREGIN
IBARRETXE Lehendakariak adarretatik heldu dio elkarrizketaren zezenari eta, gainerakoekin bezala, ETArekin ere hitz egiten jarraitu behar dela zehaztu du. Gauzak ez dira ahazten, inoren aldetik, baina balizko akordio, hitzarmen edo dena delakoaren gainetik egon behar du elkarlanerako borondateak. Itsusikeria egin diela ETAk EAJ eta EAri? Bai, baina alderantzizko norabideko interpretaziorako gertakizunik ere izango da ETA eta ezker abertzalearen aldetik. Sasoi bat amaitu bide da eta beste bat hasi. Hori adierazten digute su-etenaren hausturak, paper aireratzeek, EHren proposamen publiko berriak, Ibarretxeren jarrerak... Urratutako konfiantzak berregitea da eragile politikoen lehentasunezko zeregina.
EZKER BATUA ERE GONBIDATUA
JAVIER Madrazo Ezker Batuko (EB) koordinatzaileak jakinarazi duenez, EBk ere ETArekiko elkarrizketetan partehartzeko gonbitea jaso zuen, baina EBk ez zuen onartu, beraientzat elkarrizketa politikoaren muina alderdi politikoen artean egin behar zelako. Hala ere, EBk ondo dakusa EAJ eta EA ETArekin elkarrizketatu izana. Orain, EBren helburua abuztua baino lehen Alderdien Mahaia osatzea da.
ROSA DIEZEN HAUTAGAITZA
PSOEko idazkaritza nagusiaren hautagaitzarako bere burua aurkeztu du Rosa Diezek, gutxienez alderdi sozialistatik kanpoko gehienak ezustean harrapatuz. Izen publikoen dantzan behintzat ez zegoen eurodiputatuarena. Jose Bonok ere bere burua aurkeztuko du, esan duenez, eta hautagai gehiago ere izango da. Diez haserraraziz, Felipe Gonzalezen hautagaia dela diote gerristek. Larri ibiliko litzateke PSOE bere etorkizuna Rosa Diezen zuzendaritzatik pasatu beharko balitz.
ENTZUTEGI NAZIONALEAN ALA LURRALDE AUZITEGIETAN?
EUSKO Treneko kabina baten aurkako erasoaren epaiketatik aterako da kale borrokarekin lotutako ekintzak, aurrerantzean Entzutegi Nazionalean edo lurralde auzitegietan epaituak izango diren. Iņigo Iruin abokatuak eraman du kasua, eta Entzutegi Nazionala bertan epaitzearen aldekoa agertzen bada, kasua Auzitegi Gorenera eramango duela iragarri du.
EH-REKIKO JAURLARITZAREN MENPEKOTASUNA
EUSKO Jaurlaritzaren Taxiaren lege proiektuaren aurka egin dute PPk eta PSOEk, Ibarretxeren Gobernuaren aurka daramaten eraso estrategian, baina azkenean lege proiektuak aurrera egin du Euskal Herritarrok taldeko parlamentarioek ekimenari emandako babesagatik. Proiektu hau Legebiltzarrean aurkezten den bigarren lege proiektua da. Lehena aurrekontuena izan zen eta aurrera atera zen, oraindik EHrekiko gobernu akordioak zutik zirauenean. PP eta PSOEren ustez, honek erakusten du praktikan EHrekiko ituna bizirik dagoela.