Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-10-07 16:31:31
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2000-05-14 -- 1761.zenb

Arturoren kaiera


"BAI EUSKARARI" ZIURTAGIRIA

Bai Euskarari ziurtagiria aurkeztu zuten iragan astean Bilbon. Euskararen aldeko gutxieneko konpromisoak hartuko dituzten gizarte eragileek kalitate zeinu gisa baliatu ahal izango dute ikur hau. Bidean leloa izango du 2000-2001eko epean erabiliko den ziurtagiriak, euskararen aldeko bidean barneratu izana baita ziurtagiri honek erakusten duena. Gutxieneko konpromisoak hartuko dituzten gizarte eragileei ekainaren 13an Donostian egingo den ekitaldi batean emango zaie Bai Euskarari ziurtagiria.


EUSKAL KONFEDERAZIOAREN MANIFESTAZIOA

Hizkuntza plangintza eskatzeko deiadar kanpaina abiatu du Euskal Konfederazioak. Ipar Euskal Herriko hautetsiekin bilduko da bakoitzak bere egituran euskararen alde har dezakeen konpromisoa bere egin dezan eskatuz, "Estatutik etorri behar duenaren beha egon gabe". Kanpaina ekainaren 10ean amaituko da Baionan egingo den manifestazioarekin.


"AURKI"K DOMEINU PROPIOA DAUKA

Aurki euskara hutsezko lehenengo bilatzailea Eibar.org orritik aske da, Eibarko Udalaren laguntzaz, domeinu bat erosi ondoren. Honi esker egunean 1.000 bisitari lortzea espero dute (Eibar.org barruan 300 bat zituen). Domeinu propioa erosteko 100.000 pezeta inguru behar izan dituzte. Helbide berria www.aurki.com da.


IRUÑEKO UDALAREN EZEZKOA BERRIZ ERE

Iruñeko Udalak ezezkoa eman dio berriz ere Nafarroa Oinez 2000ren antolatzaile San Fermin ikastolak jaiaren inguruko hainbat ekitaldi Santa Ana plazan antolatzeko egindako eskakizunari.

Aurpegia

Idoia Azkorbebeitiak aAlbisteak ematen ditu orduoro Durango irratian
guztia irakurri

BAGAK

Euskal gatazka bazka ederra da Madrilgo irrati tertulietan. Solasgaia arrunt bestelakoa izanda ere, Arzalluz eta abertzaleak larrutuz amaitzen dute beti. Entzuleek dena itsu-itsuan sinesten duten bitartean, besteok noria batean bagina bezala sentitzen gara, gora eta behera, behera eta gora. Horrek ordea, badu konponbiderik: tertuliakide mihigaiztoenak beren emisoretako lubakietatik atera eta "Gran Hermano"ko partaide oligofrenikoen ordez sartu, hain aise botatzen dutena gutako baten aurrean arrazoitu dezaten. Baietz orduan "Gran Hermano" barnetegi bihurtu

EZPALAK


BIZTANLE URRIKO JAIALDI UGARI

NAFARROAKO Udaberriko Bira apirilaren 28an hasi zen eta ekainaren 25era arte 64 herri zeharkatuko ditu, iaz baino 20 gehiago. Nafarroako Gobernuak antolatuta, antzerkia egingo da 25 herritan, musika hamairutan, folklore ikuskizunak hamaiketan, dantza seietan, fanfareak bostetan eta zinea beste hamabostetan. 10 milioi pezetako aurrekontua (400 mila libera inguru) baliatu du Nafarroako Gobernuak antolatzeko. Biraren helburua honelako ekitaldiak antolatzeko baliabide urriak dituzten herriei laguntzea da. Aurtengoan, Bira 200 eta 775 biztanle bitarteko herrietan egingo da.


AMERIKAKO BIRA SINFONIKOA

HILAREN 8an abiatu zen Hego Ameriketara. Ordutik hasi eta 13 eguneko bira egingo du EOSek Txile eta Argentinan zehar. Guztira, 6 kontzertu eskainiko ditu. Gilbert Vargaren izango da zuzendaritza lanetan eta Joakin Achucarro pianojolea bakarlari gisan arituko da. Bira honetarako prestatu dituzten obren artean, Juan Crisóstomo Arriagaren "Los Esclavos Felices" eta Jesús Guridiren "El CaserØo" aipa daitezke. 1982an sortu zenetik EOSek honelako bidaia burutzea amestu du. Egi bihurtu den amets honen xedea euskal kultura ezagutarazi eta Euskal Orkestra Sinfonikoa nazioarteko musika munduan barneratzea da.


ERREPIKAGAILUA SANTUTEGIAN

INOZENZIO Aierbe kaperauak jasoko du aurten Euskalerria Irratiak ematen duen Larreko Saria. Uharte-Arakilen jaiotakoa, egun 87 urte ditu Inozenzio Aierbek eta Aralarko San Migelen bizi da. Euskararen alde burututako lanen artean: duela 35 bat urte idatzitako euskarazko artikuluak eta 80ko hamarkadaren erdialdean EITB Nafarroara irits zedin eginiko ahaleginak. Izan ere, kanpaina baten ondoren bildu zen diruarekin erosi zen errepikagailua bai Euskal Telebista eta baita Euskadi Irratia ere Nafarroara heltzeko. Tresna hura Inozenzio Aierbek berak gorde zuen, San Migeleko Santutegiaren barrenean eta bere zaintzapean egon zen urte askotan. Euskararen alde eginikoaren truk euskal makila bat jasoko du ekainaren 9an.


IKASKETA BIRTUALAK

MAIATZAREN erdian jarriko du martxan Arabako Parke Teknologikoak gela birtuala, Dimi Multimedia eta Mondragon Unibertsitatearen partaidetzarekin. Honen bidez enpresetako barne saretik ikastaroak eskainiko dituzte. Webguneetan gaiak eta ariketak ipiniko dira eta irakasleekin hitz egiteko, posta elektronikoa eta bideokonferentziak baliatuko dira.


ARMSTRONG, BAIONAKO IZAR

GOIZEKO zortzietatik gauerdira bitartean burutuko dira kontzertuak Baionako Harresietako jazz jaialdian, uztailaren 15etik 20ra. Swing, gospel, blues eta jazz klasikoa jorratuz, jaialdiak Louis Armstrong omendu nahi du bereziki.

HITZ BITAN

Ibon Sarasola honela mintzo zen "Euskonews & Media"ko 76. zenbakian: "(...) Gure helburua inguruko hizkuntzen batasun mailara iristea bada, bistan da asko falta zaigula oraindik alde horretatik 'konpetitiboak' izateko, eta badirudi hori dela, azken batean, lortu behar duguna inguruko hizkuntzek irentsiko ez bagaituzte".
Josu Lartategiren hitzak dira hauek "Euskaldunon Egunkaria"n esanak erdaldunek euskararekiko duten jarreraz: "Azken aldion, berriz, erdaldun ugariren aldetiko erreziprozidade gutxi ikusten ari naiz, eta begirune are gutxiago, eta ezjakintasun handia".
"Gara"ko editorial batek honela zioen Iparraldeko euskararen inguruan: "Hego Euskal Herrian euskararen egoera ona ez bada, Ipar Euskal Herrian are larriagoa da. Ez ofizialtasunik, ez hizkuntz planik, ez finantziaziorik. Hizkuntza begien bistan galtzen ari da, baina egoera kezkagarri honen aurrean ez daude lotan euskaltzaleak (...)".
Dantzaz hausnartu zuen Maribel Ortiz Zaratek "Euskaldunon Egunkaria"n: "Euskal dantzak ekitaldietara mugatzen baditugu tradizioa galtzen ari gara, hori da kezkagarria".

Ikatza

Euskadiko Filmategiak Interneten jarri duen web orriak izen hau berau eta zenbait filmeren izenburuak (jatorriz euskaraz dutenak) soilik ditu euskaraz. Historia, zerbitzuak, ekoizpenak eta beste informazio guztia gaztelera hutsez topatuko duzu. Euskadiko Filmategia al da hau?

IZENAK

Pedro Miguel Etxenike izango da Donostia International Physics Center fundazio berriaren lehendakaria. Fundazioak lau helburu ditu: fisika aplikatu eta oinarrizkoan aurreratzea, EHUrekin elkarlana, ikertzaile, ikerketa talde eta nazioarteko instituzio zientifikoen arteko lankidetza bultzatzea eta beste ikerketa zentroekiko koordinazioa. Fundazioak zientzia eta ikerketaren alorrera kanpoan diren euskal ikerlariak erakarriko ditu.
Maria Concepcion Garcia Gainza historialariarentzat izango da aurtengo Vianako Printzea saria. Garcia Gainza Nafarroako Unibertsitateko Arte departamentuko zuzendari eta irakaslea da.
Miren Bermudez garaile eta Itziar Arretxe bigarren suertatu ziren Doinu Zaharren Euskadiko II. dantza Txapelketan.

PRINTZA

Claude Iruretagoiena dantzari profesionalak adierazitakoak dira hauek euskal dantzari buruz "Euskaldunon Egunkaria"n:
"(...) Ez dago dantzari ordaindurik, eta oso gutxi dantza irakasle ordainduak. Gure kulturak sekulako indarra du, eta ez dut ulertzen zergatik ez dagoen euskal dantzen balet nazionalik. Dantza hiltzeko zorian dagoela uste dut. (...) Batetik, arrazoi politikoak daude hemen gauzak egin ez daitezen. Bestalde, kontzientzia falta zaigu euskal dantzak bere lekuan jartzeko. Oker handia da pentsatzea euskal dantzan ezin dela profesionaltasunik egon. Klasikoa profesionala izatea normala iruditzen zaigu, baina gure herriko dantzak ez. Badaude adibide asko euskal dantzan hasi eta dantzari karrera egiten ari direnak (...).
Ezagutza eza izugarria da. Ikasleek (gurasoei esker) dantzarentzako duten denbora apurrean, ezin dugu ezagutzan sartu, historian, tradizioaren eta kulturaren oinarrian. Dantza egiteko astia baino ez dugu. Taldeetako zuzendariek ere oso gauza gutxi ezagutzen dute. (...) Lehenengo urratsa da dantzariak prestatzea. Horretan ari gara. Pixkanaka ikusten joango gara horietako nork izan nahi duen irakasle, eta horiek prestatzen jarri. (...) Urrats horien ostean dantzari profesionalak sortzea da azken helburua. (...) Hori gabe, beste guztiak ez du baliorik, nire ustez".

Txori Batek Esan digu


DESKONEXIOAK KENDU DITUZTE ETB-N

Eguerdiko Teleberriaren aurretik ETB-2n egiten ziren lurraldez lurraldeko deskonexioak etetea erabaki du ETBk, aurrekontu murriztapena argudiatuta. Berri ona Tele 5eko deskonexioentzat, ETBkoek itzala egiten baitzieten. Dena den, Nafarroakoa mantenduko dute, hango eraso mediatikoa orekatzeko asmoz


ESTUALDIAK ETB-N AURREKONTUA DELA ETA

Saio bat kentzeko arrazoia dirurik ez dagoela esatea izaten da. Oraingoan ordea, ez da ezer zuritzeko aitzakia. Zuzendaritza berriak kargua hartu zuenetik, gauzak onera aldatu dira ETBko programazioan, kirola bi kateetara pasa, kultura saioak, eta abar. Orain, aurreikusia zegoena baino gehiago xahutu eta zuhur jokatu behar dute


EUSKARAZKO KATEAREN EGITEASMOA NAFARROAN

Nafarroako telebista autonomikoa egosten ari da, UPN eta PSNren ekimenez. Berandu baino lehen beraz, hor izanen dugu Tele Navarra, nafar euskalzaleak indiar erreserbara bidali nahiz. Aldi berean ordea, euskara hutsean jardunen lukeen katea abiarazi nahi dute. Bultzatzaileen artean "Diario de Noticias"eko zuzendaria da

Urrea

Abanto-Zierbenako (Bilbo Handia) auzo den Gallartan Euskararen VI. Eguna ospatu zen iragan larunbatean Ziztaka euskara taldeak eta Abantoko AEK-k antolatuta. Udalerri honetan euskaldun (%7) eta ia euskaldunen (%18) kopurua herritarren laurdena baino ez da.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan