IZPIAK
Jaime Mayor Oreja izango da berriz Espainiako Barne Ministro eta honek datorren legealdia aurrekoaren irizpideetan edo gogorragoetan oinarrituko dela adierazten du. Aldi berean, Mayor Oreja Eusko Jaurlaritzako lehendakaritzarako hautagai izan litekeen zurrumurruak gero eta sendoagoak dira.
Renaud Delizagaraik Euskal Departamenduaren Aldeko Elkarteko idazkaritza utzi du, iragan apirilaren 22an Aiziritzen izandako Hautetsien Biltzar Nagusian, berak Euskal Departamenduaren alde aurkeztu zuen proposamenean hautetsien aldetik behar adinako sostengurik eman ez zitzaiolako.
LANDAREAK
Jakoba Errekondo
Otsalizarra gehienez ere hamar metro hazten den zuhaitza da. Txikia izanda ere frutu gorri oparoa du; txorientzat, konfitura zaleentzat eta baita vodka zaleentzat ere.
guztia irakurri
OSASUNA
Jabier Agirre
Estatubatuarren obesitate-tasek gora egin dute nabarmenki azken urteetan. Honen arrazoietako bat telebista bera da: honen aurrean eserita, normalean baino gehiago jaten omen da.
guztia irakurri
TERMOMETROA
E.T.A. ETA "BERE INGURUKOAK"
EUSKAL Herriari dagokionez, bere lehen agintaldian izan duen estiloa biderkatuko duela erakutsi du Jose Maria Aznar Espainiako gobernuburu birrautatuak. Nagusitasun osoa izan gabe erakutsitako hortzek sinesgarritasun kentzen diote Espainian agertzen duen otso eskuzabalaren jarrerari. EAJko Iņaki Anasagastiri eta EAko Begoņa Lasagabasterri luzatutako zaunkadek ardi beltzei emango diena iragartzen dute. ETAren aurka -langabeziarekin batera Espainiako arazorik handiena, Aznarren esanetan- polizia eta nazioarteko laguntza erabiliko ditu. Baina "ETAren inguruari" ere ez zaio egurrik faltatuko. Orain dela gutxi arte bagenekien zeintzuk ziren "ETAren ingurukoak", aurrerantzean batek daki, Xabier Arzalluzen medien kritika eta kazetari bik jasotako bonba-paketeak nola lotzen dituzten ikusi besterik ez.
PRESOEN GREBA ETA MOBILIZAZIO DEIALDIA
MAIATZERAKO, eta dinamika orokor baterako abiapuntu gisa, greba eta mobilizazioak egiteko deia luzatu du Euskal Preso Politikoen Kolektiboak. Euskal presoekiko euskal gizarteak behin baino gehiagotan eskatu duen begirunea gauzatzea eta Euskal Herriaren hitza errespetatzea dira aldarrikapen nagusiak. Datozen asteotan deialdi hau izango da euskal politikagintzan izango den ardatzetakoa. Iragan urtarrilaren 27an, ezker abertzaleko erakunde desberdinek deituta, oso erantzun maila desberdineko greba deialdia izan zen Euskal Herrian.
ATXILOKETAK HERNANIN
ESPAINIAKO Entzutegi Nazionalaren aginduz, Ertzaintzak hamairu pertsona atxilotu zituen joan den astean Hernanin eta Goizuetan. 1997tik gaurdaino kale borrokaren eremuan gertatuko ekintza ugari salatzen dizkiete atxilotuei. Jaurlaritzako bozeramaile Josu Jon Imazen esanetan, operazioa "hilabeteetako lanaren ondorio da". Ez da molde honetako atxiloketarik izan denbora luzean eta honek, beste kontsiderazio ugariren gainetik, bat uzten du agerian: gero eta agerpen gehiago dagoela su-etenaren aurreko egoerara eramaten gaituztenak. Bien bitartean, kale borrokako ekintzak ugarituz doaz azken asteetan.
LAB-EN AGERPENA BAIONAN
Maiatzaren Lehenean egin zuen bere lehen agerpena LABek Iparraldean, Baionan gainerako sindikatuekin egindako manifestazioan. Urteetan entzun dira LAB Iparraldera zabaltzeko proposamenak baina sekula ez dira gauzatu orain arte. Horrela, bada, LAB da Euskal Herri osoan lanean arituko den sindikatu bakarra.
ESTRADIZIOEN ZURRUNBILOA
JON Bienzobasen aurka Espainiak egindako estradizio eskaera onartu du Frantziako Justiziak. Bienzobas Patxi Segurola eta Argi Perurenarekin batera atxilotu zuten Idronen, Paue ondoan, 1999ko irailean. Javier Arizkuren Ruiz 'Kantauri'ren aurkako estradizio eskaeraren berri datorren ekainean jakingo da. Belen Gonzalez eta Pedro Maria Leguina ere estradizio eskaerapean dira. Ekainaren 2an, halaber, Juan Carlos Iglesias Chouzas epaituko dute Parisen.
LASKURAINEN HAUTAGAITZA EAJ-KO BBB-RAKO
DATOZEN asteotan hautatuko da EAJko Bizkai Buru Batzarreko lehendakaria -egun Javier Atutxa-. Hautagai ofiziala Iņigo Urkullu bada ere, beste hautagai bat ere atera da, Juan Luis Laskurain. Alabaina, posiblea da azken orduan honek bere hautagaitza erretiratzea, Urkulluri ate guztiak zabalduz.