Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-23 16:45:52
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2000-04-30 -- 1760.zenb

Arturoren kaiera


EUROKARTAREN ALDE %82

Frantziako IFOP sondaketa erakundeak apirilaren hasieran egin inkestaren arabera, Frantziako biztanleen %82 Hizkuntza Gutituen Eurokarta aplikatzearen alde agertu da. Eurokarta hau aplikatu dadin, Frantziako Konstituzioa aldatzearen alde galdekatuen %79 agertu da eta gazteen artean handiagoa da Eurokarta berrestearen aldeko iritzia. Gutiago Hedatuak diren Hizkuntzen Europako Bulegoan den Alsazia-Moselako Komiteak eskatu zion IFOP erakundeari inkesta honen burutzea.


UZEI-REKIN BESTE BOST URTEKO LANKIDETZA

Nafarroako Gobernuak UZEIrekin beste bost urterako lankidetza hitzarmena sinatzea onartu du. Horren arabera, UZEIk Euskalterm Terminologia Bankua hasteko, Nafarroako Gobernuari Intranet bidez eskaintzeko, hiru hilean behin gaurkotzeko, interesa duten guztien esku Internet bidez jartzeko eta galderei erantzuteko konpromisoa hartu du. Trukean 2,8 milioi pezeta (112.000 libera) jasoko ditu Nafarroako Gobernuaren eskutik.


AEK-POSTA AUZIAREN ERABAKIA EKAINEAN

Ipar Euskal Herriko AEK-k auzitara eraman zuen Frantziako Posta "euskararen kontra daraman politika diskriminatzailea" salatzeko eta zigortzeko. AEK-k Baionako auzitegiaren erabakiaren dei egin ondoan, pasa den astean iragan zen dei auzia Paueko auzitegian. Erabakia ekainaren 21ean emanen da bi aldeen adierazpenak entzun eta gero.


EUSKALDUNBERRIEI BEGIRAKO PROIEKTUA

Bizkaiko AEK-k eta Euskara Elkarteen Topaguneak euskaldunberriei euskal hiztunen komunitatean integratzen laguntzeko proiektua jarri dute abian. Datozen hileetan hainbat proiektu diseinatuko da, eta 2000-2001 ikasturtean lau esperientzia pilotu jarriko dira martxan Bizkaiko beste hainbeste herritan.

Aurpegia

Juan Kruz Lakastak "Metropoli forala" magazina egiten du Iruņeko Euskalerria irratian
guztia irakurri

Bagak

Euskadi Irratia eta Euskadi Gazteak frekuentzia berriak dituzte Nafarroan, lurralde honek nozitzen duen uhinetako "pirateria" saihesteko. Gogorarazi dezagun, duela gutxi arte Opuseko irratia eta Canal 21k Euskadi Gaztea eta Eguzki Irratiko seinaleak "kasualitatez" ilundu dituztela. Baina, jakina, horrek ez du luzaro iraunen, Sanz jaunak bere gurutzadarekin jarraituko baitu Lingua Navarrorumaren aurka. Bere azken adierazpenak barregarriak dira: oposaketa batzuetan euskaraz ez dakitenak diskriminatuak daudela. Horren arabera, ingelesa jakitea ere gaizki dago, arranopola!

HITZ BITAN

Edorta Aranaren hitzak dira hauek "Gara"n esanak: "Interesgarria da entzutea, Lizarbe bezalako politikari sozialistaren ahotan, 'pluraltasun kulturala, politikoa eta soziala' islatuko duen kanala sortu nahi dutela, bera izan denean euskarak Nafarroako unibertsitate publikoan lekurik ez izana justifikatzeko astakeria antologikoak esan dituena".
Joakin Berasategi honela mintzo zen oraingo bertsogintzaz "El Diario Vasco"n: "Gure gazte denboran bertsoa biziagoa zen: azkar hasi eta azkar bukatu; naturala, fikziorik gabea. Orain bertso artifizial asko dabil. Sarritan ez dakigu bertsolariak norentzat ari diren kantuan (...) ".
Andoni Egaņak literaturari buruz hausnartu zuen "Diario de Noticias"en: "Gurea ez da tradizio literarioa ikaragarria daukan hizkuntza. Beraz, hizkuntzarekin jolas egin daiteke, hizkuntza asmatu eta berrasmatu. Beste hizkuntzetan normaltzat jotzen diren gauzak, gurean, zoritxarrez, ez ditugu guk hain normalak. Literatura, gainera, nagusiki anormalizazioa da. Bi norabide hauetan goza daiteke gurean: normalizatzen eta anormaltzen".

EZPALAK


IRUŅEKO JAZZALDIA

LAU egunetan zehar eta bostgarren aldiz burutu zen joan den astean Iruņeko Jazz Jaialdia. Guztira, 62 musikariek hartu zuten parte antolatu ziren hamar ekitaldietan. Berrikuntzen artean, bi mahainguru Donostiako Jazzaldiaren partaide den Alvaro Ruiz del Cerroren ardurapean. Horrez gain, igandean, azken egunean, La Pamplonesak kontzertu pedagogiko bat burutu zuen "Jazza familian" izenburupean. Aurtengo jaialdian gainera, Canal Street Jazz Bandek, Espainiako talderik zaharrenak, dixieland erritmoz beteriko ikuskizuna eskaini zuen.


BEASAIN DARDARKA

BELDURREZKO sei film ikusi ahal izango dira maiatzaren 9an hasi eta hilaren 25era arte Beasaingo Usurbe antzokian. Goieniz zineklubak antolatu du "Dardara" zikloa eta bertan eskainiko diren film guztiak jatorrizko bertsioan ikusi ahal izango dira. Lehenengoa Roman Polanskiren "Rosemary's Baby" izango da. Mia Farrow eta John Cassavetes dira deabruaz mintzo den film honen protagonistak. Ondoren, maiatzaren 11an, Fritz Langen "The Ministry of Fear" ikusteko aukera izango da. Lan honetan argia eta itzalaren arteko jokoa da nagusi. Hauen ostean, hilabete osoan zehar ikusi ahal izango dira beste lauak: Tod Browning-en "The Devil Doll", George A. Romeroren "Night of the living dead", Jacques Tourneur-en "Night of the Demon" eta Alfred Hitchcock-en "Psyco"k emango dio amaiera zikloari.


2000 KULTUR@L@ URRUŅAN

MAIATZAREN 7a arte luzatuko da 2000 Kultur@l@, apirilaren 28an hasi zen Urruņako kultur astea. Lehen egunetik Jagoba Manterola prentsa argazkilariaren "Prentsa argazkilaria Euskal Herrian" izenburuko erakusketa dago ikusgai. Erakusketak 1997tik 1999ra bitarteko prentsaren laburpena eskaintzen du. Apirilaren 29an burutu zen Txotx 2000. Maiatzaren 2an berriz, "Euskara komunikabideetan" lemapean hitzaldi bat antolatu zen, non Hegoaldeko nahiz Iparraldeko hainbat komunikabide bildu zen. Amaiera emateko, Besta Herrikoia antolatu da maiatzaren 7an. Zikiro bazkaria, bertsolariak, txalaparta, mutxikoak... izango dira bertan.


ELKARLANEANEKO EZTABAIDA

EZTABAIDA izeneko sail berria jarriko du martxan Elkarlanean argitaletxeak hilabete honetan bertan. Saiakerak argitaratuko dituen sail honen lehen liburua "Abertzaleak eta ezkertiarrak" izango da. Julen Zabaloren lana maiatzan bertan plazaratuko da.


OSKORRI "URA"N MURGILDUTA

UDABERRIKO Lora Ederra" singlea kaleratu ondoren, "Ura", Oskorriren lan berria, maiatzan izango da entzungai. Disko honetan, Kepa Junkeraren laguntza izan dute produkzioan, eta grabaketan Mixel Etxekopar, Javier Tejedor eta beste hainbatek parte hartu du.

Ikatza

Euskaltzaindia, Institut d'Estudis Catalans eta Academia Galega ez daude ados Espainiako Hizkuntz Akademiak (RAE) iaz kaleratutako "OrtografØa de la Lengua Espaņola"n jaso zituen hainbat toponimoren itzulpenarekin. Esaterako, Getxo beharrean Guecho proposatzen du RAEk.

IZENAK

Xabier Etxaniz Rojo izan da On Manuel Antonio Antia Literatur lehiaketako irabazlea, helduen kategorian. Saria apirilaren 25ean jaso zuen Urnietako Sarobe Arte Eszenikoen Gunean. Gazteen kategorian Joan Agirre suertatu zen irabazle eta haurren kategorian, Ainhoa Olano gailendu zen.
Mario Angel Marrodanek historiako epe ezberdinetako 300 poeten idatziak bildu ditu "300 poetas cantan a Bilbao" liburuan. Bertan, Gabriel Aresti eta Jose Maria Iparragirreren euskarazko poemak bildu ditu. Baina baita Pablo Neruda edota Juan Ramon Jimenezenak.
Junes Casenave-Harigile pastoral, ipuin, olerki eta artikulu idazle zuberoarrak Idazleen Sarako XVII. Biltzarreko saria jaso zuen, orain arte eginiko lanagatik.

PRINTZA

Colette Larraburu kazetariak eta Peio Etxeberri-Aintzart historialariak honako adierazpenak egin zituzten "Gara"n Euskal Herriko rockaren inguruan:"Musika mota honek hainbat fase izan ditu azken 30 urte hauetan. Askok Hego Euskal Herrian sortu dela pentsatzen badute ere, musika honek Ipar Euskal Herrian ukan zituen bere lehen urratsak. Euskal rock hau 70eko hamarkadatik goiti hasi zen.(...) Jakin behar da Hegoaldean garai hartan frankismoa zela eta, beraz, mugimendu honen sortzea beranta hartu zuen. Iparraldean, aldiz, lehen entsegua Eltzegor dantzaldi taldeak egin zuen. Bertan zeuden Andde Duhalde eta Niko Etxart (...). Euskal rock honen berezitasuna aldarrikapen politiko motako kantuak egitea izan zen. Horrez gain, 60ko hamarkadan azaltzen hasi ziren kantaldien eragina (...) Kantaldiaren eragin honek euskal rockaren alde politikoa sortarazi zuen. Aldarrikapen hauek, gaur egun oraindik dauden gai nagusiak biltzen zituen, hala nola Euskal Herriaren askatasuna, euskara, errepresioa (...). Rock erradikal honek abertzaleekin lotura handiak izan ditu. Bere hedapena HBk 1988an Euskal Herri osoan egin zuen kanpaina bati esker egin da. (...) Honela, euskal rock hau abertzaletasunaren eledun izan da. Talde hauen engaiamendu politikoa ezaugarri nagusi bat izan da (...)".

Txori Batek Esan Digu


TELE 5 ALBISTEGIetan "dena ongi" doa

Correo taldeko telebista irrati digitala sortzeko banatu diren lizentziarik gabe geratu da. Arrazoia? Espainiako Gobernuari erabat men ez egitea. Hori dela eta, onartu beharrekoa onartu eta TVEren zurikeriaren pare jarri da. Informatiboetan orain Espainia ongi doa, Aznar irribartsu, eta EAEko gobernua erasotuz Ibarretxe ken dezaten


FIKZIOZKO TELESAILAK BIDEAN ETB-2N

Fikziozko telesailek ez dute inoiz ongi funtzionatu ETB-2n. Pausokaren "El seņorio de Larrea"ren porrotaren ondoren ordea, beste ahalegin bat egingo dute udazkeneko ekinaldiari begira. Alabaina, esku artean dituzten egitasmoak orain hain modan dauden polizia zintzoen telesailetatik oso urrun daude. Baietz oraingoan arrakasta lortu


"SAUTRELA"REN ONDO EGINAK HUTSAK BAINO

Literaturzaleak ez ezik, balizko irakurleak erakartzeko ere taxutua dago "Sautrela". Lehen erreportajea zaindua egoten da, irudiari garrantzia handia emanez. Erritmo bizia du, gainera, Hasier Etxeberriaren estilo laxoaz lagundurik. Agian, solasaldi kritikoa jantziegia gerta daiteke eta elkarrizketak lausengariegiak dira batzuetan

Urrea

Forum, Eroski, Alcampo-Oiartzun, Garbera eta General Optica saltoki handiek eta denda kateek Bai Euskarari akordioaren baitan hartutako konpromisoak abian jarriko dituzte aurki. Konpromiso hauen artean, bezeroarekiko harremanak euskaraz izatea xede dutenak lehenetsi dituzte.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan