ORDENADORE JOLASAK
"Umea beti ume", atzoko eta gaurko umeak jolasteko eta jakiteko azkureak bereak ditu. "Sagu txiki, sagu maite..." da oraindik joko gustukoena. Baina orain sagua ordenagailuarena dela, hor dago gakoa. Eta saguarekin euskaraz jolasteko gero eta aukera gehiago dago.
Euskarazko joko elektronikoen artean hiru mota aurki ditzakegu: ipuin tailerrak edo ordenagailuz istorio bat asmatzea helburu dutenak, gai bat lantzeko erabilitako jokoak (bertsolaritza, geografia...), eta bestelako jolasak (puzzleak, letrazopak...).
IRUDIMENAREN FABRIKAK.
Euskarazko joko elektroniko gehienak ipuin tailerrak dira. Anaya etxeak 3 kaleratu ditu, eta bost hizkuntzatan jolasteko aukera eskaintzen du (euskaraz, galegoz, katalanez, ingelesez eta gazteleraz). Txirri, Mirri eta Txiribiton pailazoek ere bere 25.urteurrena ospatzeko orain bi urte "Gurekin hegan" CD-ROMa kaleratu zuten, eta bertan joko ugari bildu dituzte, horien artean, ipuin tailerra: hiru pailazoak eraman ditzakegu joko olinpikoetara, eta Txirri bihurtu dezakegu Txiribiton bera baino askoz handiagoa, edo Txiribiton potoloa jarri Mirriren besoetan... Eta Agipad drogen prebentziorako taldeak ere kaleratu du beste CD-ROM bat: umeen arteko harreman pertsonalak garatzeko guraso eta irakasleentzat prestatutako hezkuntz materialaren osagarri da umeei zuzendutako "Lagunekin baratzean" CD-ROMa. Euskara edo gaztelera hizkuntza aukeratu, eta beste jokoen artean ipuin tailerrean ere aritu daiteke. Dudarik gabe, tipulak, esparragoak zein tomateak platerean baino atseginagoak egiten zaizkie haurrei istorioetan.
Ipuin tailerrek irudimenari lehioak zabaltzen dizkiote, istorioak hutsetik sortu beharrean proposatzen diren eszenategi, elementu eta pertsonaiak lotuz asmatzea errazagoa baita. Baina bestalde edozer gauza irudikatzeko orduan aurrez programatutako elementu hauek muga bihurtzen dira. Izan ere ipuin tailer bakoitzak eskaini ditzakeen aukerak kontatuak dira (batez beste 19 eszenatoki, 22 pertsonaia, pertsonaia bakoitzak 6 keinu, 11 objetu...). Eta hauen arteko konbinaketa agortezina bada ere, umeak nekatu egiten dira beti irudi berekin jolasteaz. Konponbidea izan liteke beste ipuin tailer ezberdin bat eskuratzea, edo bestela, joko hauekin istorio bat nola osatzen den ikusita, ipuinak irudikatzen, marrazten eta kontatzen hastea, euren kasa.
JOKO GEHIAGO, ETA GEHIAGO.
Lepogaineko gaztari eragiteko, berriz, "saguen biltzarrea" taula erakusten digu Txirrik. Gazta puskak gordetzen dituzten laukitxoak aurkitu beharko dira, eta saguak izkutatuta dauden laukitxoak, berriz, saihestu. Nola asmatu, ordea? Aurkitutako gazta puska bakoitzak ematen digu bere inguruko kuadroetan dauden sagutxo kopuruaren berri.
Sssssss! Gu jolasten ari garen bitartean, zer dio Txiribitonek? Orain, bere bozinari hitza jarri ahal izango diogu: berak esan nahi duena idatzi beharko dugu, horretarako hitz horren hizkiak behar bezala ordenatuz.
JOKOAK AZTERKETA.
ZERTAN ARI NAIZ?
"Animaliak" CDan bezala, Txirri, Mirri eta Txiribitonen lanean ere, gauza guztiak dira erdi jolasak. Pailazoek 25 urtetan sortutako kantuekin pixkanaka musikarekin gozatu eta ikasi egiten dute haurrek, ia konturatu ere egin gabe: karaokearekin, nahasketa mahaia erabiliz (honekin, kantu batean uneoro nahi dituzten instrumentuak ixilarazi edo entzungo dituzte)...
Eta gauza bera gertatzen da "Bertsoen mundua", "Euskal Herria" multimedia entziklopedia, "Euskal Herriko soinu-tresnak", "Euskal Herriko fauna" eta beste CD-ROM"serio"denekin ere. Izan ere, haurrak, beren gustuko gaia lantzen duen CDarekin, euren kasa ordenagailu aurrean utzi eta arratsalde osoa irudi artean miatzen aritzeko gauza baitira. Gainera, gurasoek baino abilidade gehiagorekin maneiatzen dituzte gaur egungo umeek CD-ROM konplexuenak ere. Eta alderantziz, umeei ipuin tailerrak eta bestelako programak eskuetatik kendu eta pare bat orduz jolasean aritzeko tentaldia oso da sanoa helduentzat.
Euskaraz jolastu nahi duenak badu gaur egun aukerarik, baina biharko egunean izango da joko gehiagoren premia, umeei jostailuak oparitu orduko zahartu egiten baitzaizkie. Orain arte euskaraz egitea ez da jolasa izan, eta bada ordua hizkuntza hau ikasgelatik jolasgelara eramatekoa. Jolasa eta ikasketa beti egon dira lotuta, eta joko elektroniko hauek mundua euskaraz ulertzen eta euskararen bidez pentsatzen laguntzen dute. Izan ere, euskarazko joko elektroniko denak dira didaktikoak. Euskararen unibertsoan ez dago joko ludikorik, ezta erahil beharreko martzianotxorik ere. Eta hor hasten da eztabaida, izan ere batzuek euskararen gaixoaldiari egozten baitiote oraindik hain modan dauden joko ludikoak euskaraz falta izatea, eta beste askok berriz hizkuntzaren kalterako baino, umeen onerako izango dela uste baitute. Zer dago lehenago, haurren osasuna edo hizkuntzarena? Eta haurrak dagoeneko beste hizkuntza batean gaixotuta badaude?
![]() |
|
||||
1760 zenbakia. Azkena || Hemeroteka
|
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa