Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2009-07-02 14:10:49
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2000-04-23 -- 1759.zenb

Iruzur fiskala

PFEZ IA SOILIK LAN-ERRENTEN GAINEAN APLIKATZEN DA

PFEZ, teorian bederen pertsona bakoitzaren egiazko errentaren arabera ordaintzen dena, azken urteotan ia soilik lan-errenten gainean aplikatzen ari da. Euskal Ogasun sailek emaniko datuen arabera, oraindik oso garrantzitsua da enpresari eta profesional jakin batzuek egiten duten iruzur fiskala, nahiz eta iruzurra kontrolpean edukitzeko neurri batzuk abian diren.

Euskal Herrian azken urteotan iruzur fiskalaren gaineko kontrola handiagoa bada ere, PFEZ oraindik ere ia soilik lan-errenten gainean baino ez da aplikatzen (soldatak, pentsioak eta langabezi sariak). Artean, gizartean garrantzitsuak diren kolektiboek (enpresa-jarduerak eta jarduera profesionalak bideratzen dituztenak) eginiko ekarriak ez dira inondik ere beren egiazko sarrerak adieraziz gero ordaindu beharrekora iristen. Horixe da ELA sindikatuak iaz PFEZri buruz eginiko lan batean -"PFEZ gero eta okerrago banatua" izeneko txostenean- aurkeztutako ondorioetako bat. Aurten, orain dela gutxi, 1999. urtean aitortutako eta 1998ko ekitaldiari dagokion txostena aurkeztu du, eta ondorio berberetara iritsi da: PFEZren bidez biltzen denaren %80tik gora lan-errenten kontura doa.
PFEZ, teorian bederen, pertsona bakoitzaren egiazko errentaren arabera ordaintzen da. Zerga honen filosofiaren arabera, zenbat eta sarrera handiagoa izan orduan eta portzentaia handiagoa ordaindu behar da. Zerga aurrerakoia esaten zaio horri. Hala eta guztiz ere, sindikatu honek Ogasunak emaniko datu ofizialak aztertu ondoren, errealitatea eta teoria bat ez datozela esan beharra dago.
Sindikatu honen arabera, bi dira egoera honen arrazoiak: batetik, lan-errentak ez direnetan dagoen iruzur fiskala eta, bestetik, enpresen eta profesionalen kolektibitateek egiazkoak direnak baino errenta txikiagoak aitortzen dituztela askotan eta legalki.


AITORTUTAKO ERRENTAREN JATORRIA.

Sindikatu abertzalearen txostena EAEko datuetara mugatzen da, baina Nafarroakoak oso antzekoak izango dira. PFEZn errentaren jatorria aztertuta, esan beharra dago aitortutako 100 pezetatik 83 lan-errentatik etorriak direla (83,5 Araban, 83 Bizkaian eta 82,7 Gipuzkoan). 10 pezeta inguru datoz enpresa eta profesionalen jardueretatik (10,7 Araban, 8,2 Bizkaian eta 11,1 Gipuzkoan).
Gainera, sindikatu abertzalearen esanetan, datuek ez dute zalantza izpirik uzten; egoera hau zuzendu ez baizik eta sendotzeko bidean dago, azken urteetan gora egin baitu lan-errentetatik etorririko aitorpenen kopuruak. Honenbestez, guztizkoaren %82,3tik %83,4ra pasa da Araban, %81etik %83ra Bizkaian eta %79,6tik %82,7ra Gipuzkoan. Honek esan nahi du PFEZ neurri handiagoan aplikatzen dela soldatetan, pentsioetan eta langabezi sarietan.
Sindikatuaren txostenak kolektiboek aitorturiko batez besteko errenta aztertzen du aurrerago. Egiaztatu egiten da lan-errentak dituzten pertsonen kolektibitatea dela errenta handienak aitortzen dituena. Hala bada, Araban, soldatapeko langileek enpresa jarduerak eta jarduera profesionalak garatzen dituztenek baino 500.000 pezeta gehiago (20.000 libera) ordaintzen dute urtean. Gipuzkoan 665.000 pezetakoa da aldea eta Bizkaian 876.000 pezetakoa, azken lurralde honetan enpresa-jarduera eta jarduera profesionalak bideratzen dituztenek aitortutako batez besteko errentak EAEko baxuenak baitira, urtean soilik 1.520.000 pezetakoa.
Txosten honen arabera, kolektibo bakoitzak azken urteetan aitortzen duenaren eta egiazko sarreren arteko aldea murriztu beharrean handitu egin da. Izan ere, orain dela urte batzuk 400.000 pezetakoa zen aldea Araban, 600.000 pezetakoa Gipuzkoan eta 750.000 pezetakoa Bizkaian. Adierazitako errenta-maila hauen aurrean eta sindikatu abertzalearen esanetan, fenomeno bikoitza gertatzen da PFEZn: lan-errenten aurrean baino ez da aurrerakoitasun teorikoa aplikatzen, eta enpresa-errentak PFEZ ordaintzetik ia aske geratzen dira, izan ere, oso errenta baxuak aitortzen dituzte.
Gisa honetan amaitzen da euskal sindikatuaren txostena: "Azaldutako datuekin egiaztatzen den moduan, iruzur fiskalaren aurkako borrokak ez dio onerako aldaketarik ekarri zerga honen baitako presio fiskalaren banaketari; hortaz, borroka itxurazkoa edo ahulegia izan dela esan dezakegu".
1998ko ekitaldiari buruz aurten aurkeztutako txostenean oso antzeko egoera egiaztatu du sindikatu abertzaleak. PFEZren lan-errenten gaineko presio fiskala enpresa, profesional eta kapital-errenten gainekoa baino 2,2 bider handiagoa izan da. EAEn zerga horren bilketan lan-errentetatik etorritako kopurua 386.207 milioi pezetakoa izan zen 1998an, enpresa eta kapital-errentetatik etorritakoa 175.782 milioikoa izan zen artean. Ekarri bien arteko aldea, beraz, 210.000 milioko kopurura igo zen.
Nafarroan, berriz, lan-errentetatik etorritakoa 78.868 milioi pezetako kopurura igo zen, aurreko urtean baino %9 gehiago, enpresa eta kapital-errenten multzotik etorritakoa 52.813 milioi pezetakoa izan zen artean, hau da, 36.000 milioi pezeta gutxiago.
Soldatapekoek aitortutako urteko sarrerak 2.088.000 eta 2.354.000 pezeta bitartekoak diren artean -lurraldeen arabera beti ere- enpresa-jarduerak eta jarduera profesionalak garatzen dituzten pertsonek 1.375.205 eta 1.710.000 pezeta bitarteko sarrerak aitortzen dituzte; ELAren arabera, "praktikan zerga ordaintzetik salbuesten dituzten kopuruak"

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan