Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-11-21 09:36:32
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2000-04-23 -- 1759.zenb

Internet eta ekonomia

MUNDUA EKONOMIA "ZIBERLIBERAL" BERRIRANTZ

Internet gauza ugari ari da iraultzen, haien artean ekonomia bera, informazio gizarteak ekonomian duen eraginaren gainean sorturiko mundu mailako eztabaidak aditzera eman duenez. Zibermundura sartzeak ekonomiak bere dituen hainbat arau zalantzan jartzen du, nazioarteko lehiakortasunaren hiru ezaugarri azaleraziz: lastertasuna, adimena eta moldakortasuna.

Mende honen amaierako fenomenorik esanguratsuena multimedia sareen booma izan da. Espazio-denbora berria da, denbora eta distantzia mugatuta dituen zibermundua, horrek politika, ekonomia eta industrian dakartzan aldaketekin. Informazio gizarteak ekonomian eragina duela aski onartutako gauza da. Ez du industri gizartea ordezkatuko, baina bere forma edo eredu propioa egituratu du. Bera da aldi berean hazkortasuna eta enplegua sortzerik ez duten industri gizarteentzako motor-lubrifikatzailea. Informazio gizarteak ekonomia lastertzen duen eta gizaki zein ideien mugikortasuna ahalbidetzen duen motore papera jokatzen du. Elkarrekiko sinergian dauden merkatu txoko berrien sorrera errazten du, horri esker mozkin hazkorrezko mekanismoak eratuz..."
Hala dio Parisko Zientzia eta Industria Unibertsitateko estrategia zuzendari Jol de Rosnayk, "Zibermundurako estrategiak" izenburua duen lan zabalean. Lan hori Le Monde Diplomatique taldeko "Manière de vivre" aldizkariak bere 46. alean argitaratutako "Iraultza Komunikazioan" monografiko zabal bezain interesgarriaren atal bat da. Internet ez dela teknologia berria gaineratzen du, baliabide banaketa sistema integratua baizik, elkarrekiko menpekotasuna duten hainbat elementuk (ordenagailuak, modemak, sareak, logistikak eta sarbide nahiz eduki hornitzaileek) osatutako informazio ekosistema. Internet mundu osoan dauden 700 milioi telefono lineak erabiliz ordenagailuei baliabideak partekatzeko aukera ematen dien informatika protokoloa da.


EKONOMI ARAUAK ZALANTZAN.

Irakasle frantziar honen iritziz, zibermundura sartzeak ekonomi arauak zalantzan jartzen ditu, nazioarteko lehiakortasunaren hiru ezaugarri azaleratuz: lastertasuna, adimena eta moldakortasuna. Zibermunduko sektore jakin batzuk bereganatzen dituzten herrialde eta enpresek lehenak izateagatiko saria lortuko dute. Zibermunduko txoko berriak lortzen dituzten lehen enpresa edo herrialdeek sektorea beren esku izango dute. Txoko horietara iristen den lehenak beranduago iristen direnak zigortzen ditu. Ez da teknologia eskaintza norbanakoaren pentsamendua eta gizarte egituraketa aldatzen dituena, espazio-denbora berria baizik. Bere garapenak gizarteen eboluzio baldintzak aldatzen ditu.
Aldi berean, bere bat-bateko hedapenak errotiko arazoa dakarkigu: ekonomia ereduen bateragarritasuna gizakiaren oinarrizko xedeekiko eta aukera berdintasunarekiko. Muga berriak dira: balio erantsi materialgabezko kateak eta lanerako espazioa.
Industria eta ekonomia balio erantsi materialezko katea ustiaketan oinarritu izan dira denbora luzez. Zerbitzu materialgabeen booma kontu berria da, Interneti esker merkataritza elektronikoak mundu mailan izandako eragina bezain berria. Horrek guztiak langileria motan ere aldaketak dakartza. Tradizionalki balio erantsi materialezko kateak hiru ardatz klasikoren arabera lotzen ditu norbanakoa eta enpresa: lekua (eginkizunen gaineko kontrola ziurtatzeko), denbora (soldata-oinarria kalkulatzeko) eta funtzioa (enpresa barruko norbanako eskumena). Lanaren sinkronizaziorik, kokapen zehatzik eta materialtzerik ezak behargin mota berria dakarte.
Ekonomiaren lastertasuna finantza produktuetara eta, beranduago, manufakturatutako produktuetara hedatu da. Telekomunikazioei esker, finantza plaza finantza espazio bihurtu da. Delako ziberespazioaren agerpena lan merkatua eraldatzen ari da azken urteetan, eta elkartrukatzeen desmaterialtzeak aberastasunaren sorreraren gainean eragina du. Gauzak horrela, enpresak mundu mailako merkatuak bereganatzeko prestatzen ari dira.
Joko arauen halako aldaketa batek eragin sakona izan lezake industri gizartearen funtzionamendu ereduei atxikitako herrialdeen ekonomian. Lehiakortasunaren dimentsio berria lastertasunean oinarritzen den munduan edozein atzerapenek krisia esan nahi du. Lan hauen egileak, berdintasuna eta gizatasunagatik arduratuta, honako galdera egiten du: "Nola lotu ekonomia berriak agintzen dituena eta sustrai geografiko, kultural eta nortasunezkoak? Aukera berdintasuna balore humanistenganako eta lan duintasunarenganako errespetua, gizarte babesa, enplegua, herriarekiko atxikipena... bizitzari zentzua ematen dioten derrigorrezko beharrizanak dira. Ekonomia 'ziberliberalean', ordea, nola gorde pertsonekiko errespetua duen gizartean elkartasunaren eta birbanaketaren oinarri diren halako xedeak?".
Rosnay irakasleak espazio-denbora berrira sartzeko arriskuari aurre hartu behar zaiola esanez erantzuten dio bere buruari, izan ere biziraupenerako baldintzak tartean direla, bi eredu ekonomikoek -europarrak eta amerikarrak- dituzten ezaugarri onuragarriak elkarlotzen saiatu behar baitugu. Utopikotzat jotzen ez duen hirugarren bide bat ere aurreratzen du: ekonomiari, hazkundeari eta teknologia berrikuntzan oinarritutako industri dinamismoari mesede egin eta aldi berean gizarte babesa, lan duintasuna eta aukera berdintasuna bermatuko lituzkeen bidea, alegia. Horretarako eskoletatik hastea proposatzen du, eskolak Internetera konektatuz; terminal arrunt eta merkeen erabilera sustatzea; multimedia enpresen sorrera bultzatzea; norbere kultura eta hizkuntzaz zibermunduaren aurrean jarrera irekia izatea eta abar. "Garrantzitsuena -dio amaitzeko- bertaratzea da. Bertan izateak existitzea esan nahi du, besteen arma berez borrokatzea. Zibermunduan izan ezean, nola pentsa liteke etorkizunik eraikitzea?"

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan