Astekaria

 Erreportajea 

LANKIDETZA HITZARMENA

MADRILEN BEHAR GENUEN LAGUNA

Kalitatea helburu duen akordioa lotu dute ETBk eta Canal +ek . Euskal Herria eta euskararen irudi positiboa emateaz gain, ikus-entzunezko enpresek ere errazagoa izango dute beren lanak saltzeko. Guggenheim eta Bilbo hiriari buruzko dokumentala izango da lehena.

Irudia

Beñat Doxandabaratz


1759. alea
2000-04-23
alde 0    kontra 0

Datorkigun kate uholdea gainean dugula, habia babestu behar du txoriak. Irlatxo batean isolatua geratzeko arriskua du gainera, ETB bezalako kate txiki batek. Are gehiago kontuan izanik irlatxo horren heren batean biztanleak euskaraz mintzo direla. Horren kariaz, oso positibotzat jo behar da Canal Plusekin berriki sinatu duen ituna bi telebisten arteko harreman eta loturak estutzeko. Edurne Ormazabal izan da zubilana eginez bi kateen arteko elkarlan hau ahalbidetu duena. Euskadi Gazteako koordinatzailea izateaz gain, aurkezle lanak ere egiten ditu Donostiako Nazioarteko Zinemaldian, zeinak Canal Plus babesle nagusi duen. Maizago kolaboratzeko eskatu zioten Edurneri Canal Plusen. Beronek, baietz erantzun zien, baina ez zuela EITBn dituen ardurak utzi nahi. Mahai batean lasai eseri, eta zerbait adostu zuten: igandero "Zine keinuak" autore zinemari buruzko saioa ETB-1en, Edurne Ormazabalek aurkeztua. Asteartetan berriz, Canal Plusen ematen da saio hori "Miradas de cine" izenpean. Pizgarri honen ondoren egosi da oraingo akordio hau. Halaxe, bi kateei interesatzen zaizkien ikus-entzunezko ekoizpenak ahal den ongien erabilita, barne ekoizpenak eta bertako industria bultzatzeko asmoa dute, hartara, gure ikus-entzunezko enpresek aukera zabalagoa ukan dezaten.

GUGGENHEIM LEHENA.

Gisa honetan, bi telebistok lan berritzaile eta kalitatezkoak bultzatuko dituzte, beti ere euskal gizartearen irudi ona erabiliz. Aldi berean, lan hauen hedapena bertan zein nazioarte mailan bermatuko da. Horren lehen emaitza, Bilbo hiriaren 700. urteurrenaren harira, Guggenheimek hirian izan duen eragina aztertzeko dokumentala izango da. Halaber, euskararen normalizazioaren alde egiteko, gizartean sona duten lanak euskaraz zabal daitezen ahaleginduko dira. Era berean, profesionalak trukatzeko aukera egongo da, prestakuntzan, aholkularitzan, arte eremuan, eta abar.

Goian aipatu ekimenak honako puntu hauetan zehaztu dira: urtero, Canal Plusek eta Euskal Telebistak elkarrekin euskal enpresa independenteek eginiko hiru zine lanen antena eskubideak erosiko dituzte. Orobat, urtero gutxienez egingo diren bi lan elkarrekin ekoiztuko dituzte, fikzioa, dokumentala, erreportajeak, eta abar. Koprodukzio hauen telebista eskubide eta eskubide komertzialen banaketa kasuan-kasuan zehaztuko dira. Dena den, lan hauen telebista estreinaldia ordena honetan emango da: lehen emanaldia, Canal Plusek kodifikatuan, bigarrena, ETBk euskaraz, hirugarrena, Canal Plusek irekian, eta laugarrena, ETBk gaztelaniaz. Bestalde, ETBk hemen egindako zine lan eta nazioarteko filmak errazago eros ahal izateko, Canal Plusen programazioaren kalterako ez denean behintzat, euskarazko estreinaldiak aldi ordainduaren azken bi hilabeteetan eman ahal izango dira.

Hitzarmenean ageri diren konpromisoak zaintzeko Jarraipen Batzordea sortuko da, zeinak bi ordezkarik osatuko duten. Eremu berriak proposatzea ere haien esku izango da. Lau urteko balioa izango du hitzarmenak (2000tik 2003ra). Ondoren, urtero berrituko da, bietako batek uko egiten ez badu, bederen

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
azala  
azala1758
 
azala1757

1759 zenbakia.
2000ko apirilaren 23a


   

Babeslea

Irizarren webgunera joan
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko JaurlaritzaGipuzkoako Foru Aldundia