Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-08-29 14:59:50
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2000-04-23 -- 1759.zenb

BAHEA

Rafael Larreina, EAko antolakuntza idazkaria: "Politikaren edo indarkeriaren bidea hautatu beharko du EHk. Ez dago erdibiderik".
Carlos Iturgaitz, EAEko PPko presidentea:"Ibarretxeren Gobernuaren aurkako zentsura mozio bat aurkeztea antzua litzateke ez dugulako gehiengo nahikoa".
Joseba Egibar, EAJko EBBren eleduna: "ETA askotan zuzendu zaio Lizarrari ohar bidez, eta guk ezin diogu ETAri zerbait eskatu?"
Angel Bao, IU-EEko parlamentarioa: "Hauteskundeak aurreratzeak oldartze sozialaren egoera batera itzultzea baino ez luke ekarriko".
Joseba Permach, EHko eleduna: "Ez nau kezkatzen EAJk Lizarrako Batzorde Iraunkorrean planteatu dezala ETAri su-etena eskatzeak".
Txema Montero, Sabino Arana Fundazioko kidea: "ETAk bere oinarri sozialari egingo dio kasu gehiena, ia soilik bere baseei. Bere oinarri sozialetik eta HBko zuzendaritzatik ez zaio ETAri gaitzespenik egin, ordea".

IZPIAK

Ramon Rabanerak Madrilgo Club XXIean eman hitzaldian EAJri egotzi dio nazionalismoaren gainbehera. EAJ fenomeno terroristara hurbildu izanak ekarri omen du gainbehera. Ramon Rabaneraren esanetan, Juan Jose Ibarretxe lehendakariarentzat Estatutua bizikidetzarako abiapuntu bada, berarentzat Gernikako Estatutua jomuga da.
Mikel Gil Cervera preso iruinsemea Frantziatik Espainiara estraditatu eta Bartzelonako Can Brians espetxean sartu dute. Egun berean, Frantziako Clairvauxeko espetxearen zuzendariak Frantziako Estatuak euskal presoei aplikatzen dien dispertsio politikarekiko bere ezadostasuna agertu du publikoki.

TERMOMETROA


FILIPE BIDARTEN ESKUTITZA

IPARRETARRAK erakunde armatuko Filipe Bidartek eskutitz irekia idatzi dio Frantziako Estatuari "Gara" egunkariaren bitartez. Bidarteren aburuz, Leongo Auziaren ondoren are ageriago geratu da Jendarmeriak Jean-Louis Larreren desagertzean izan zuen ardura. Menturaz, geroan, jendarme damutu batek edo ADNren frogak kasua argituko dutela dio euskal militanteak. IK-ko kideak erakunde honek azken 25 urteetan praktikaturiko borroka armatua propaganda bitartekotzat jotzen du. Une honetan, 18 hilabeteko su-etenaren ondoren, Frantziako Estatuaren jarrera isila eta mespretxugarria salatzen du euskal presoak. Bidartek gobernu frantsesari gogoratzen dionez, erakunde honek autonomia proiektu bat aurkeztua du Ipar Euskal Herriaren arazo politikoari irtenbidea emateko.


BI ALDIZKARI BERRI KALEAN

DONIBANE Lohizuneko talde abertzale batek "Zirika" kaleratu du. Ideologia abertzalearen ildoan argitaratutako aldizkaria da. Lehen zenbakiaren 400 ale argitaratu dira. "Argitan" da sortu den beste aldizkaria, hau elektronikoa eta eztabaida eta pentsamendua lantzeko asmoz sortu dela jakinarazten dute egileek.


ERTZAINTZAN BIZKARZAINEN PREMIA DAGO

EUSKO Jaurlaritzako Barne Sailak ezin izango ditu aurreikusiak zituen 120 bizkarzain postuak bete. Bizkarzain postu berri hauek EAEko kargudun politikoen babes plana sendotzeko helburuz eginak daude. Bizkarzainen kurtso berrirako deialdian 70 ertzain besterik ez dira aurkeztu. Bizkarzainen kopuruaren emendatzea eta babes plana Fernando Buesa eta Jorge Diez bizkarzainaren hilketa ostean onetsi zen. Javier Balzak zuzentzen duen sailak seguritate sistema indartu nahi du ETA ekintzetara itzuli ondoren.


BAK ETA ELKARRI BATERA

BAK eta Elkarri giza mugimendua elkarrekin eseri dira berriz ere mahai baten inguruan. Deustuko Unibertsitatean buruturiko mahainguruan euskal alderdiek krispazio egoera gutxitu dezaten eta hitz egiteari ekin diezaioten eskatu zuen BAKeko Mikel Urkiolak. Elkarriko Gorka Espiauen ustez alderdien foroak bake prozesuaren bideratzailea izan behar du.


SANZEK EUSKARA "MUGARRITU"

OINARRIAK taldeak euskararen ofizialtasunaren aldeko 48.246 sinadura lortu zituen Nafarroan. Miguel Sanz Nafarroako presidenteak, ordea, gaztelaniaz hitz egiten dutenekiko diskriminazioa eragotzi nahi duela dio, eta hartara euskararen bilakaera "mugarritzea" ezinbestekoa dela. Oinarriak taldeak, berriz, bi hizkuntz komunitateen artean zubiak eraiki beharra azpimarratu du. Halaber, euskaldunentzako ghettorik ez sortzea eta etorkizuna bermatzea eskatu dio Sanz presidenteari.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan