Aurpegia
Goretti Rodriguezek "Nahaste borraste" musika saioa egiten du Durango irratian
guztia irakurri
Bagak
Espetxean daudenen lekukotasunak emankizun baten bidez bilduko ditu Radio Francek. Irrati publikoaren sorkuntza tailerraren xedea askatasunik gabe bizi diren preso mota guztiei parada ematea da, beren kezkak lainoki adieraz ditzaten (frantsesez behar du izan). Testu guztiak biltzen dituen liburu bat ere plazaratzeko asmoa dute azaro aldera. Nahiz emankizun eguna finkatu gabe izan, gutunak jasotzeko epea apirilaren 31 arte dago irekita. Testuak igortzeko helbidea: "Paroles de détenus", Atelier Midi-Aquitaine Tour 2000, 1 Terrasse du Front du Médoc 33000 Bordele
EZPALAK
IA JAUN ETA JABE NUP-EN
IKASLE Abertzaleak taldeak irabazi zituen Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gobernu Batzarra osatzeko hauteskundeak. Batzar honek dituen bost ordezkarietatik hiru lortu zituen talde honek. Beste biak Talde Unibertsitarioarentzat izan ziren. "Asociación Sadar"ek, "Campus Abierto"k eta Eraldatuk ez zuten ordezkaririk lortu. Gainera, Gizarte Kontseiluan ikasleek duten ordezkari bakarra ere IA taldeak bereganatu zuen.
EUSKAL KONPOSITOREEN CD-AK
EUSKAL konpositore hoberenen musika 30 disko konpaktoetan bilduko du Bilboko Orkestra Sinfonikoak Naxos disko etxearekin lortutako akordioaren ondorioz. Jesus Guridi, Juan Crisostomo Arriaga, Pablo Sarasate, Aita Donostia, Pablo Sorozabal eta Francisco Escudero eta Carmelo Bernaola garaikideen musika bilduko du, besteak beste, bildumak. Bilboko Orkestra Sinfonikoak berak grabatuko du estilo anitzetako musika, zarzuelatik hasi eta opera eta kamarako musika arte. Serie honen lehenengo lana Jesus Guridiren "Amaya" izan da.
EUSKAL ANTZERKIA INTERNETEN
INTERNETEN izango dira hemendik aurrera hainbat antzerki obren testuak. Euskaraz ipini ditu on-line Maskarada antzerki taldeak antzerki lan hauek www.geocities.com/antzerkia helbidean. Bertan bildu dira idazle ezagun eta ezezagunen lanak: "Gulliver", "Kontrabaxua", "Danbor Magikoa" antzezlanak, besteak beste. Guzti hauen itzulpenak eta originalak jaso dituzte webgune honetan.
HAMAR URTE EGUNKARIAREKIN
ABENDUAREN 6an beteko ditu hamar urte "Euskaldunon Egunkaria"k. Urteurrenaren aurkezpena burutu zen hilaren 12an Donostian. Bertan, "Euskaldunon Egunkaria"ren historiari erreparatzeaz gain, aurrera begira dituzten proiektuak ere azaldu zituzten komunikabide honen arduradunek. Egunkaria Sortzen taldeak lanari ekin zionetik, 1994an Eusko Jaurlaritzarekin hitzarmena sinatu eta egungo "Euskaldunon Egunkaria"ren egoera arteko ibilbidea egin zuten. Horrez gain, maiatzan Bizkaiko informazio lokala egiten hasiko direla ezagutarazi zuen Iñaki Uriak, administrazio kontseiluko ordezkariak. Gainera, "Xingola", umeei zuzendutako gehigarria, zortzi orrialdeetatik hamaseiara luzatuko dute, eta web orria hobetu, errotatiba propioa izan eta astelehenetan ateratzea dira etorkizunean lortu nahi dituen helburuak.
DURANGOKO AZOKAKO "ZULOA"
GEREDIAGA Elkarteak, Durangoko Disko eta Liburuen azokaren antolatzaileak, 4,2 milioi pezetetako (168.000 libera inguruko) defizita pairatu du 1999ko edizioaren ondorioz. Elkarteko arduradunek azokaren instalazioen kostuen igoerari eta erakunde publikoen dirulaguntzen izozteari egotzi diete defizitaren ardura.
HITZ BITAN
Anjel Lertxundiren hitzak dira hauek "Euskaldunon Egunkaria"n esanak: "Gure gizartean erdaldun elebakarrek euskararen inguruan ezjakintasun itzela dute, eta horrek euskararentzat kaltegarriak diren aurreiritziak (...) gizartean zabaltzen laguntzen du".
Joserra Bilbaok bertsolaritzaren egoera deskribatu zuen "Gara"n: "Bertsolaritza gero eta selektiboagoa da. Nahiz eta plaza berriak sortu, gehienbat mugatuak dira. Beste sasoi batean, maila berarekin, plazetan kantari egongo liratekeen asko orain ez daude".
Jose Maria Aierdik zera zioen"Zabalik"en Nafarroako egoerari buruz: "Gurea da Estatuko Erkidego bakarra non gehiengoa duten alderdiek Erkidegoko bi hizkuntzak propiotzat hartu eta erabili beharrean, bertako kultur errealitate horretako alde baten aurkako gurutzada jarrera hartzen baitute (...)".
Xabier Mendiguren Elizegi honela mintzo zen "Euskaldunon Egunkaria"n: "Komunitate sendoa izango bagara, hizkuntz funtzio guztiak normal beteko dituena, ezin dugu euskaltasuna ideologia bati lotu, posible izan behar du euskaraz aritu eta estatalista izatea".
IZENAK
Toti Martinez de Lezea idazleak sorginen inguruko liburua argitaratu du. "La Herbolera" izena daraman liburua bere hirugarren lana da. Bertan Elizak haienganako zuen grina, akusazioak eta jazarpenak kontatu ditu. Horretarako, idazle gasteiztarrak Anboto aukeratu du eszenatoki gisa.
Jose Mari Muxika Euskara Elkarte eta Herri Komunikabideen Topaguneako zuzendari berri izendatu zuten apirilaren 8an Durangon eginiko III. Biltzarrean.
Lourdes Oñederrak irabazi du Espainiako Literatur Kritikarien Elkarteak banatutako euskarazko ataleko 1999ko Kritika saria, narratiba alorrean. "Eta emakumeari sugeak esan zion" bere lehen eleberriarengatik jaso du saria Oñederrak. Gainera, emakume saritu bakarra izan da donostiarra.
PRINTZA
Patxi Azpillaga honela mintzo zen euskarazko prentsari buruz "Uztarria" Azpeitiko herri aldizkarian:"(...) Irrati eta telebistetan egindako bidea gutxietsi gabe, euskarazko prentsa izan baita azken urteotan euskararen gorpuzte, modernizatze eta eguneroko beharretara moldatzeari mesederik handiena egin dion medioa. Baita Internetek eta teknologia berriek euskarari dakarzkion erronken kontzientzia hartu eta horiei aurre egiteko oinarriak jartzen hasteko orduan ere. Eta hala eta guztiz ere, laguntza eta babes publiko txikiena jaso duen komunikazio arloa izan da urteetan.(...)Prentsa lokala izugarrizko tresna eraginkorra izan da euskaldungoa idatzitako euskarara erakartzeko, euskaraz irakurtzeko ohitura minimo batzuk sortzen laguntzeko.(...) Euskarak bere egin du, telebistan ez bezala, berta-bertako, eremu lokaleko informazioaren mundua, aurrea hartuz, modu nabarmenean gainera, gaztelerari. (...) Irakurleak behar ditu euskarazko prentsak, baina ez ditu horiek eremu lokaletik kanpo aurkitzen. "Bai Euskarari"ko Prentsa Idatziaren gaineko txostenean gazteak aldagai garrantzitsutzat jotzen dira (...), eurak baitira prestakuntza handiena dutenak euskaraz irakurtzeko. Baina onartzen da ere bai publiko mota horren irakurtzeko joera eskasa dela, baita horiengan eragiteko zailtasuna ere (...)".
Txori Batek Esan Digu
K2000 canneseko telebista azokan
Telebista ekoizleen hitzordu garrantzitsuena izaten da Cannesekoa. Galdakaoko ekoiztetxeak bi dokumental eraman ditu saltzeko: "Mundu zatiak" eta "Bolivia, kontinente baten bihotza". Lehena, 13 ataleko ekoizpena da, tokian tokiko musika duela. Boliviakoan herrialde honen parke naturalak 4 ataletan erakusten dira
Nolako janaria halako osasuna
Osasun arazoak konpontzeko aholkuak modan jarri dira telebistan. Medikuez gain, elikadura aditu, sasi-naturopata eta hitzontzien aholkuak ere itsu-itsuan sinesten ditu jendeak. Arriskutsuena Txumari Alfaro dugu, gure gernua goizero edatea osasungarria dela dio-eta; helduontzat esnea hartzea zeharo kaltegarria dela ere esan du
"Tvradicam" Telebista birtuala sarean
Ez da informazioz jantzitako iritzia ematen, informazio alternatiboa baizik, ez da telezaborrik edo kirol gaindosirik. Astean bitan Gobernuz Kanpoko Erakundeei bi kate uzten diete beren kezkak zabal ditzaten, hala nola; Amnistia Internacional eta Greenpeace. Bideoak ikusteko Real Player eskuratu behar da. www.tvradicam.com/