LARRAMENDI: "SPRI ETA EVE PROIEKTUAK ZABALTZEA XEDEA DU INSTITUTUAK"
France-Euskadi institutua 1997an sortu zen. Frantses egitura juridikoa duen elkartea da. Institutu honetako presidentea Jean-Phillipe Larramendi da. Lau pertsona ari dira lanean Parisko Friedland etorbideko karrikaren 14. atarian.
1995 urtean, Jose Antonio Ardanza lehendakariak lehen aldikotz hitz egin zuen Frantziako Senatuan. Bidaia eta aurkezpen haren antolatzaileen artean Jacques Saint-Martin izan zen. Baionako Merkataritza Ganberako zuzendaria. Jose Maria Muņoa, Eusko Jaurlaritzako kanpo harremanetako ordezkaria, protokoloaren antolaketaz arduratu zen ere bai.
Artean, ez zegoen Euskadi eta Frantzia lot zezakeen egitura instituzionalik. Ekitaldi haren ondotik Eusko Jaurlaritzaren ordezkariak egitura sendo bat eraiki beharraz jabetu ziren. Hartara, Euskal Herria Frantzian eta Parisen bereziki agertzeko sortu zen France-Euskadi institutua.
"Gure institutuak hitzarmen bat sinatua du Euskal Jaurlaritzaren kanpo idazkaritzarekin. Hitzarmen hauen barnean bi egitasmo garatzen ari gara. SPRIrekin bat (Industri Sustapen eta Eraldaketarako Baltzua), eta EVErekin bestea (Energiaren Euskal Erakundea). Bi egitasmo hauen karietara urtero berritzen ditugu gure akordioak" adierazi digu Jean-Phillipe Larrramendik.
Euskal Jaurlaritzaren kanpo idazkaritza EAEko berezitasunak aurkezteko asmoz ari da Frantzian; klase politikoaren aitzinean bereziki. EAEko erakundea oso gutxi ezagutua da Frantziako Estatuan eta oso beharrezkoa da bere sustapena: "Frantzia oso herrialde zentralizatua eta jakobinoa da. Gure betebeharretako bat EAEko Kontzertu Ekonomikoa eta Gernika Estatutuaren funtzioak azaltzea da. Euskal Autonomia Erkidegoaren eskuduntzak azaltzen ditugu. Mintzakideak bilatzen ditugu eta Euskal Herriarekiko harremanak zabaltzen ditugu haien bitartez".
Euskal Herriko egoera soziopolitikoa ahalik eta era egokienean agertzen saiatzen da France-Euskadi institutua. Jose Mari Muņoak zuzentzen duen taldearekin harreman estuak izaki: "SPRI eta EVE ren proiektuak Frantziako sindikatuei eta patronalari azaldu dizkiegu. Hegoalde eta Iparraldeko enpresen arteko harremanak bideratzen laguntzen ditugu, bi aldeetako industriarien inbertsioa sustatzeko; Hegoaldekoena Iparraldean eta alderantziz", segitzen du Larramendik. France-Euskadi institutua turismo alorrean ari da lanean ere bai. Guggenheim museoaren sustapen kanpainak burutu izan dituzte Frantziako Turismo Azoketan
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.