Tantoa
Tantoa
Iraupen lasterketa bat da antzerkia; jai dute oportunistek, antzerkiaren xarmak erakarrita hurbiltzen diren horiek. Eta Karlos Panerak egiaztatua du -ongi merezita- iraupen korrikalariaren maila euskal antzerkiaren lasterketan (norantz ordea?). Berari zor zaio talde "euskaldun" profesional baten sorrera. Baina lortu al du? Pilota hori oraindik teilatuan dago, beste anitz bezala; hain zuzen, Maskaradak, azkenean, bere burua konpainia elebiduntzat eman izanak gauza bat baino ez du adierazten: beren antzezlanen oihartzuna ez dutela hizkuntzaren arabera mugatuko. Beti ere, xede nagusiari muzin egin gabe: antzerki "euskaldun" profesionala. Maskaradaren curriculumean nornahik konta ditzakeen son handiko lanak daude, hain ezberdinak diren testuak oinarri hartuz. Hala nola, Gabriel Aresti, Marc Legasse, Oscar Wilde, eta abar; eta orain, "Ikaro" hau. Ahalegin esperimentala, gero, antzerki dramatikora gogo biziz itzularaziko dituena (guk nahiago ditugu beren saialdi "depouilees" horietan, ikuskizunaren "zero gradu"tik gertuago itsusikeria handietatik baino, non soinu efektuak isiltasun mota ezberdinetatik sortuak diren, eta mugimendu handiak, ia ezerezetik. Panerak denetara jokatzen daki, eta ongi egiten du, gainera)
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.