IKATZIK ONENA ARTEARENA
Ikazkin guztiak ados omen dira ikatza egiteko egur onena artearena dela esatean. Egurra ikatz bihurtzean izugarri txikitzen da, horregatik txondor bat egiterakoan egur asko pilatu beharra dago. Lau bat kilo egur behar dira ikatz kilo bat lortzeko, zuhaitzak ur asko baitu, eta ikaragarrizko lana da tonaka egur biltzea basoan, enbor, adar eta adaxka artean, eta gero horiek guztiak eramatea gainera. Ikazkinak egurra basoaren argiune batera eraman eta bertan altxatzen du txondorra. Leku horri "plaza" edo "txondor-plaza" deitzen zaio. Lanean hasteko, borobil bat markatu behar da eta ardatza izango den haga bat jarri erdian. Haga hori kentzean, berak uzten duen zuloa txondorraren tximinia izango da. Gero egurra geruzaka kokatzen da: lehenengo lodia, gero erdikoa eta azkenik adar txikiak. Enborren artean geratzen diren tartetxoak egur puska txikiekin betetzen dira, sua sobera bizkorraraziko lukeen hutsunerik ez uzteko, honela egurra poliki berotzen eta egosten baita, surik hartu gabe. Egur pila egina dagoelarik, orbelez eta lurrez estali eta erdiko haga kentzen zaio. Hortik ematen zaio sua txondorrari eta airea sartzeko zulo batzuk ere egiten zaizkio. Azkenik egun batzuk itxaron beharra dago egurra ikatz bihurtu arte, baina txondorrari gainetik begirik kendu gabe noski
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.