GELDIRIK AL DAGO EUSKAL KUTXEN FUSIOA?
Eusko Jaurlaritzak iragarri eta desiratutako Euskal Autonomia Erkidegoko hiru Aurrezki Kutxen -BBK, Kutxa eta Vital Kutxa-bategitea ez dago oraindik batere argi eta ez dago zentzu honetan pauso zehatzak ematen ari direnik pentsatzeko arrazoirik. Alderantziz, badirudi arrazoi politikoen eraginez proiektu hau izoztuta edo albo batera utzita dagoela momentuz. Hauteskunde autonomikoen emaitzek Araban izan dute eragin berezia, agintea EAJren eskutik PPra joan baita. Gainera martxoak 12ko emaitzek etorkizunean zalantza gehiago mahaigaineratzen dute oraindik. Bestalde, martxoan EAEko hiru kutxen gobernu organurako hauteskundeak burutu dira eta emaitzek hiruen arteko indar erlazioa alda dezakete.
Batzuen eta besteen adierazpen eta kontra-adierazpenen ondoren, ulertzekoa da arduradun politikoen definizio gabezia dela eta kutxen zuzendaritzek euren kezka agertu izana. Lerro hauek idazteko orduan, azken adierazpenak Jose Ignacio Berroeta BBKko lehendakariarenak izan dira. Berroetak BBKren jarrera fusioarekiko irekia dela eta izango dela berretsi zuen, baina egoera lehenbailehen argitzeko deia ere egin zuen. Agerian utzi zuen horrelako prozesuek oinarrizko gaietan adostasun zabala behar dutela. Hauteskundeen ondoren kutxa bakoitzaren gobernu organuak finkatuta, gaiari modu erabakiorrean heldu behar zitzaiola ere adierazi zuen. BBKko lehendakariarentzat zalantza giro hau oso arriskutsua da merkatuak estrategia garbiak soilik izaten baititu kontuan.
Vital arabarraren kasuan, Juan Maria Urdangarin lehendakariak ez du bere burua berrautatzeko aurkeztu. Hiru kutxen fusioan ez zuela ekarpenik egiterik esan zuen, epe ertainean proiektua gauzatu zitekeenik ez baitzuen sinesten. Hiru euskal entitateen bat egitean lanean hasteko data finkatzen ere ez zen ausartu Urdangarin. Fusiorako arazo handienak, hain zuzen, Araban daude, PPko arduradun politikoek dagoeneko jakitera eman baitute ez dutela EAEn kutxa bakarra nahi. Kutxa honen lehendakaritza abertzale baten eskutan egon zedin EHk EAJren kandidatura bultzatzea erabaki zuen. Erreportaje hau idazterakoan oraindik ez zen bozketa burutu. Eta data berean, Kutxaren Biltzar Nagusia oraindik burutu gabe izanik ere, ziurtzat jotzen da Fernando Spagnolo lehendakari berrautatua izango dena.
Egungo egitura politikoa kontuan hartuta, Nafarroako kutxen kasua oso bestelakoa da eta prozesua EAEko kutxen bidetik at eraman da aurrera. Bi kutxa nafarrek bat egin dute dagoeneko eta 2000ko urtarrilaren lehenetik batera dihardute Nafarroako Aurrezki Kutxa, CAN izenarekin. Dena den, egungo baldintza politikoek ezinezkoa egiten dute talde abertzaleek nahiko luketen Hego Euskal Herriko lau kutxen fusioa.
Hego Euskal Herriko lau kutxa hauek 80.000 milioi pezetako etekin garbiak lortu zituzten 1999an. Horietatik 65.000 milioi EAEko hiru kutxei dagozkie eta gainerakoak nafarrei. Bezero gordailuetan 2,5 bilioi pezetatik gora egin zuten; horietatik 2 bilioi EAEkoak dira eta geratzen den bilioi erdia gaur bateraturik dauden Nafarroako kutxena
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.