Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-09-04 17:20:17
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2000-04-16 -- 1758.zenb

ARABAKO BERTSOLARITZAREN HISTORIA LABUR BAT

Duela ia 20 urte, 1982ko urrian, Gasteizko "Zapa" kaleko euskaltzale lagun talde bat bildu zen bertso eskola sortzeko asmoz. Asmoa ez zen soilik bertsolaritza lantzea, baizik eta ordura arte nahikoa sakabanatuak zeuden euskaldunak bildu eta euskara kale-taberna-plazetara ateratzea. Araba aldean bertsolaritzaz gehien zekienarekin harremanetan jarri ziren, Abel Enbeitarekin. Honek geroztik eta gaur arte lan eskerga egin du, eta bera da, besteak beste, egungo egoera ahalbidetu duena.
Gasteizko bertso eskola sortu eta Laudiokoak eman zion segida. Gerora Amurrion, Agurainen, Aramaion, Legution eta Kanpezun sortu izan dira bertso eskolak, Abel eta beste batzuen lan ixilari esker. Horrez gain, ia ikastola guztietan ikastaroak-eta egin dira. Guztira, bakarrik Gasteizen, 200 lagunetik gora pasa da bertso eskola batetik (gaur egun 4 bertso eskola daude Gasteizen). Bestalde, begi bistakoak dira lan horren emaitzak: bertsolaritza erabat arrotza izatetik, honen inguruko giro bat sortzera pasa da; saio ugari egiten da urtean zehar, bertsolariak pixkanaka sortzen dira, bertsozaleak ugarituz doaz, Prudentzio Deunako txapelketa hor dago...
1984an orain artean izan den lehen eta azken Arabako Txapelketa jokatu zen, "Txinotxu" izan zelarik garaile. Gero, Bizkaiarekin batera egin izan da txapelketa, nahiz eta hemendik aurrera ez den hala izango. Araba eta Bizkaiko Txapelketa horretan Arabako bertso eskoletako ordezkariak gehienez finalerdietara sailkatu dira (Juanjo Respaldiza, A. Enbeita, A. Otamendi eta Zigor Enbeita).
Alabaina, Araban batez ere bertako bertsolariei zuzendutako txapelketa baten beharra ikusten zen. Honela, 1990ean, Prudentzio Deunako saria abiarazi zuten. Txapelketan Arabako bertsolariek eskuhar dezakete, baita Arabako bertso eskoletan aritzen direnak ere, baldin eta urte berorretan beste herrialdetako txapelketetan eskuhartu ez badute; sariaren helburu nagusietariko bat bertako bertsolari berriei jendaurrean kantatzeko aukera ematea da. Lehenbiziko edizioan Abelek bereganatu zuen txapela, eta geroztik ez da gehiagotan aurkeztu (92an utzi zion plazetan kantatzeari). Ondoren, txapeldunak honako hauek izan dira: Kepa Bizkar, Zigor Enbeita bitan segidan, Rikardo Glez. de Durana, Asier Iriondo, Rikardo berriz, eta azken hirutan Asier Otamendi.
Historia labur honetan ezinbestekoa da hasiera hartan eta gaur ere Arabako bertsozaleen "etxea" den Gasteizko Txusta taberna aipatzea. Lanzale dantza taldeko egoitzan biltzen hasi baziren ere, Txustara alde egin zuten berehala, "gehiegizkoa zelako dantzariak eta bertsolariak batera". Udalak pisu bat ere eskaini zien, baina haren egoera txarra zela eta, ez ziren Txustatik atera. Bertan egin da dena: klaseak, bilerak, bazkariak, afariak, entrenamenduak, saioak...
Txiki izanagatik ere, Arabako bertso eskolek badute harro sentitzeko arrazoirik: 84ko txapelketa hartan Amaia Otxoa izan genuen, inongo bertso txapelketatan eskuhartu duen aurreneko emakumea. Andoni Egaņak urteak eman ditu bertan entrenatzen; 89ko Txapelketa Nagusia Txustan prestatu zuen. Jon Maiak edota Igor Elortzak ere urte ugari eman dute hemen entrenatzen, klaseak ematen. Eta ez dira bakarrak izan...
Ezingo genuke historia labur hau bukatu bertso eskolan lanean dihardutenak aipatu gabe: Oihane Perea, Karmele Madinabeitia, Patxi Aizpurua, Xabier Riko, "Txerren" eta "Txipi" Ormaetxea, Serapio Lopez...

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan