LEITZA ETA LANBRO ARTEKO HAIZE ERROTAK
Lierni Arrieta
Euskal Herriaren bihotzean, Nafarroako ipar mendebaldean dago Leitzako udalerria. Arizko mendietako bi isurialdeetan lurreratzen diren urek bi erreka eratzen dituzte. Hauek elkartzean sortzen duten haranean eraiki zuten herria leitzarrek. Hiru mila biztanle inguru izanik, jarduera nagusia industria dute; manufaktura-industria, papergintza eta eraikuntza, baina zerbitzuetan eta nekazaritzan lana egiten duenik ere bada. Abeltzain gehientsuenek behiak dituzte eta lurrak larre, zuhain eta basogintzarako erabiltzen dira.
Ibilbidea Leitzako eliza eta hilerriaren artetik doan bidea hasiz egingo dugu. Txango osoan zehar margo hori eta zuriekin adierazitako bidea jarraituko dugu. Landarediak inguratutako bidea, galtzada bat dugu eta bertako arbelek lurzorua estaltzen dute. Nork igaro ote ditu orduak eta orduak harriak moldatu eta bata bestearen alboan ezartzen? Pauso bakoitza, hurrengoaren aurrean, kontu handiz eman ezazu eguraldi umela denean irristakorra bihurtzen baita galtzada. Burua altxatuz aldiz, haritz eta sasiek inguratzen gaituztela ikusiko dugu. Berauek, txori txikien babesleku dira eta txonta, txantxangorri, txolarre eta kaskabeltzak bidelagun izango ditugu.Beste leku askotan ez bezala, hesi biziak ugari dira eta Leitzako herria ikusteko itzultzen bagara, aurreko mendietan lurren banaketa hesi bizien bidez egiten dela nabaria da. Zelaiak bereiziz zuhaitz eta sastrakak osaturiko hesiak daude. Hauek, oso baliotsuak dira, zelai edo larreetako belar edo landareez gain, beste espezie begetal, intsektu, narrasti zein hegaztiren gordeleku eta janari iturri izaten direlako.
SANTA KRUZ ELIZA
Maldan gora jarraitu eta berehala Santa Kruzeko ermita apainera helduko gara (1 km). Bidetik badirudi harro altxatzen dituela bere hormak, baina beregana hurbiltzen garenean goxo hartzen gaitu teilapean babesa eskainiz. Inguruan lorategi bat dauka eta udaberria baino lehenago lilipak (Narcissus nobilis) loratzen dira urtaro berriari ongi etorria emateko.Eskuineko bidea jarraitu eta borda dotoreekin topo egingo dugu. Bere inguruan meta, egur mordo eta antzeko pilaketak daude. Negua igarotzeko ezinbesteko material iturria dira azkena aipatutakoak. Iratze metak inguratuz dauden itxiturak egiteko txarrantxa ordez makilak erabiltzen dituzte.
IRATZE METAK
Aurrerago bi borda daude, bata egoera onean eta bestea teilatua erorita duena. Bidegurutzea dugu hau (1,75 km) eta iturri albotik doan bidea jarraituko dugu. Gero, ezkerreko bidetik itzuliko gara, baina hori aurrerago ikusiko dugu. Ondoren, igaroko ditugun lurrak iratzediak dira eta garo meta edo iratze metaz josirik daude. Hala ere, ez dute dagoen garo dena moztu eta pilatu, oraindik ere iratze asko baitago zelaietan usteltzen. Biluzik dauden meta ardatzak ere topa ditzakegu bidean. Baina ez dakit biluztasun hau zergatik den, jadanik iratzea erabilia izan delako edo oraindik bildu ez delako. Bidezidorrean jarraitu eta gaztainadi bat zeharkatuko dugu. Gaztainondo galantek enborra kiribilduta dute eta negu aldean ohikoa den moduan, hostoak lurrean dituztela eta kolore galduarekin aurkezten dira. Basopean, otsababa (Helleborus foetidus) dugu. Bere lore berde argiak ez dira batere ikuskorrak eta foliolo handi eta ilunak deigarriagoak bihurtzen dira. Bidearen behe aldean aldiz hariztia dugu. Zuhaitz bakan hauek ez dira gaztainondoak bezain ikusgarriak.
Aurrerago pagadia dugu eta hasiera batean pago motzez osatua egon arren, gerora pago lizarrak nagusitzen dira. Azpibasoa belar urri batzuetara murrizten da, ez baita erraza itzalpean bizitzea, batez ere eguzkitik datozen izpiez elikatzen diren landareentzat. Jarraian, egin berria den borda bat ikusiko dugu. Garbi dago borda hau ez dela artzainak erabiltzeko egin. Parrila eta mahai handia ez dira artaldeak bazkatzeko izaten. Ezkerreko bidea jarraitu eta pagoak bakantzen doazen heinean, larrea nagusitzen da eta pista batekin topo egingo dugu (4 km).
Aurrera jarraituz gero: "Maite ditut maite gure bazterrak lanbroak izkutatzen dizkidanean, zer izkutatzen duen ez didanean ikusten uzten....." Hala ere, makina hotsak lanbro artean zer dagoen esaten digu eta behe lainoarekin ikusi ez arren hor daude haize errotak. Beruete eta Leitza artean 32 errota daude, 1996an eraikitakoak, bakoitzak 600 kilowatt-eko potentzia du eta bere ekoizpena izugarria omen da.
Baina guk pistan ezkerraldera jarraituko dugu eta hemen kilometro bat egin ondoren, ezkerrera jarraitzen duen gurdi-bidean sartuko gara. Berehala marra hori eta zuriak ikusiko ditugu eta bide egokian goazela baieztatuko dugu. Larreetan behera sastraka batzuk behatuko ditugu; ipar ipuruak (Juniperus communis) dira. Hosto azikularrak ditu eta azikularen atzealdea zuria da; galburu txikiak beltzak dira, 4-8 milimetroko diametroarekin. Maldak jaitsi eta bidea gure hankapean galdu arren berehala topatzen da marra hori-zuriren bat. Honela, lehen atzean utzitako bidegurutzera helduko gara (7.5km) baina bide desberdinetik etorrita. Hemendik Leitzarako bidea jada badakigu eta ziurrenik gauza berrietaz ohartuko gara oraingoan. Ez baita berdina paisajea maldan gora edo maldan behera ikustea. Leitzara helduz txangoa amaitu dugu, baina gomendagarria da herrian kalez kale ibiltzea ere. Ingurumenaz gozatzea atsegina da, baina behin bidaia eginez gero, herrian egonalditxoa egiteak merezi du
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.