Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2009-07-02 14:10:49
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2000-04-02 -- 1756.zenb

ETXABEREAK

ETXABERE EGOSKORRAK EZ DU LAN GEHIAGO EGIN NAHI

Lierni Arrieta / Ainhoa Oiartzabal

Tonto itxura badu ere, makina bat lan egindakoa da astoa. Defentsa Ministerioaren ardurapean dago. Zerbaitegatik izango da. Desagertzeko arriskuan ote dagoen eta baliorik gabea ote den esaten da. Gipuzkoan 700etik gora dago eta baserritarrek estimu handia diote.

Astoa etxabere belarri handi egoskor moduan ezagutzen dugu, baina inork ez du ukatuko bere enkantua. Belarriak mugituz, bere sentimenduen eta intentzioen berri ematen digu. Gainontzeko abereen aldean ez da batere moko fina. Besteek baztertzen duten jakia gustu handiz hartzen du gure astoak. Inguruarekiko harreman zuzenena entzumen bidezkoa da. Ikusmena eta usaimena ere nahiko garatuak dauzka, ez ordea dastamena. Tontotzat badaukagu ere oroimen itzela du; nahikoa du bide bat behin igarotzea, berau ikasteko.


NILOKO ETA BALEAR UHARTEETAKO ASTOAK.

Astoa eta zaldiaren aitzindariak berdinak dira eta zebrarekin batera ekidoen familian sartzen dira. Aitzindari komun honi ekino deritzo. Autore batzuk diote Tertziarioan eman zela bien arteko banaketa eta beste batzuk berriz, beranduago, Kuaternario barruan Pleistozenoan. Lehen erreferentzi idatzia brontze garaikoa da. De Chambre autoreak bi oinarrizko arraza aipatzen ditu: asto arrunt afrikarra eta circummediterraniarra. Lehenaren jatorria, Niloren ekialdeko ibaiertza da eta bigarrenarena, Balear uharteetan kokatzen du. Bi oinarrizko arraza hauetatik gaur egungo guztiak eratortzen dira.
Munduan zehar oso hedatua dago astoa, amerikarren artean Kentucky-koa edo Hego Amerikako asto nanoa aipa genitzake. Europako arrazen artean, Poitou frantziar arraza, asto siziliarra, asto txipretarra, Piamonteko astoa eta abar,. bereizten ditugu.
Espainian, ofizialki hiru arraza ezagutzen dira: zamorar leondarra, kataluniarra edo Vic-ekoa eta andaluziarra. Guztietan altuena, kataluniarra dugu, arra 1,62 metro neurtu (lurretik lepazamarrera) eta 400 kilo pisatzera irits daiteke. Ilajea marroi iluna dute, ia beltza. Mutur, begi-inguru eta sabelaldea zuriztak dituzte. Bere hezurdura sendoa dela medio beste arrazetatik bereizten da. Ezaugarri hau dela-eta mandoa sortzeko erabilia izan da. Betidanik, mando gaixoari lanik gogorrenak egokitzen zitzaizkionez, hanka sendoak beharrezkoak zituen. Dakigunez, mandoak astoaren eta zaldiaren arteko gurutzaketaren ondorio dira. Gehienetan behorra eta astarra erabiltzen ziren. Baserritarrek ondo dakitenez, asto eme eta zaldia gurutzatuz gero zeharo mando egoskorrak sortzen omen dira.
Zamorar leondarra txikiagoa da, gehienez ere 1,5 metro neurtzen ditu eta 350 kilotara heltzen da. Bere ezaugarri bereizgarriena belarri puntak zabal eta borobilduak izatea da. Bere ilajea beltza da. Neguko hotzari aurre egiteko ilea luzatzen zaio, pelutxe tankera hartuz.


KORDOBAKO ASTOAK EZ DU ALDAPARIK NAHI

Hirugarren arraza mota andaluziarra da, Kordobako astoa bezala ere ezagutzen dena. Brasilgo astoarekin ahaideturik dago eta bere jatorria Guadalquivir ibaiaren ertzean kokatzen da. Ezpain meharragoak ditu eta ilaje zuri-beltza, beste biak baino laburragoa. Klimak eta orografiak astoaren ezaugarriak baldintzatzen dituzte, tenperaturak ilearen luzera mugatzen du eta orografiak aldiz ibilera. Asto zamorar eta kataluniarrak leku malkarretara moldatuak daude eta andaluziarra aldiz leku lauetara.
Euskal Herrira gerturatuz, katalogatze prozesuan dagoen arraza bat dago, Enkarterrietakoa. Baina gure baserrietan topatzen diren astoak, gehienetan, nahasketak dira. 50eko hamarkadako nekazaritzaren mekanizazioarekin batera, lanerako astoaren erabilera galtzen joan zen, honekin asto kopurua murriztuz. Garai batean zuen garrantziaren adierazgarri bere erabilera militarra da; oraindik ere zaldi, mando eta asto arrazen kontrol genealogikoak Defentsa Ministerioak daramatza. Euskal Herri mailan beherapenik eman da, baina egoera ez da hain larria, aurtengo erroldako datuetan islatzen den moduan. Datuok aurreko orrialdeko taulatxoan dituzue. Adibidez, Gipuzkoako kasuan, guztira 758 asto daude. Baserri gehienetan asto bakarren bat ageri da, baina asto bat baino gehiagoko 90 ustiategi daude. Etxeko astoa hilez gero, zalantza handirik gabe erosten dute asto berria azokan,horrela astoaren iraupena bermatuz. Hala ere, animalia honek 30 urte luzez bere eginbeharrak bete ditzake. Beroni eragiten dion gaixotasunik ohikoena tetanoa da. Zaldiaren antzeko eritasunak pairatzen ditu: gripe, koliko eta rinoneumonitisa. Hala ere, astoak gaixotasunekiko erresistentzi maila handiagoa agertzen du. Ugalketa zertxobait korapilotsua dauka, alde batetik 12 hilabetetako ernaldia eta bestetik 6 hilabetetako edoskitzaroa.
Garai batean indar iturri garrantzitsua zen, laborantza eta garraioan erabiltzen ziren. Gaur egungo astoaren erabilera aldiz, desberdina da. Baserri inguruko larretan eta basopeko sastrakak garbitzen ikus ditzakegu. Asto kirolariek ordea, igandero plazaren batean ez bada bestean asto probaren bat izaten dute. Hirugarren sektorean ere sartuak dira, turistak paseatzen ibiltzen dituzte. Egia da asto gutxiago dagoela eta zenbait asto arraza desagertzeko arriskuan dagoela, baina gizakiak dion estimua dela-eta gure artean luzaro iraungo du ziurrenik

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan