Mario laberintoan
Euskal Herria berez herri bat izan da? (da?). Bere historia dauka? Borrokarako arrazoiak izan ditu? Ba ez. Marioren ustetan Euskal Herria Sabino Aranak asmatutako aparamen batean datza. Ez gehiago ezta gutxiago ere. Berak bere azken liburuan ("GuĜa para orientarse en el laberinto vasco") iradokitzen duenaren arabera, nazionalistek sortu dituzte herri honek dauzkan ezaugarri nagusiak.
Daukagun egoera gatazkatsua ulertzeko zer hoberik berak laberinto barruan gidaritza hartzea baino. Zurien armadaren (pelikulen erara) gidari bilakatuta "azal gorrien" kontra arituko da "neutralitate" guztiarekin. Bide nabar, (Hori da liburuaren mamia) laberintoan, azti batek lez, nazionalistak, bai moderatuak, baita erradikalak ere, zein gaiztoak diren behin eta berriro adierazten du.
Mariok, ardaila dariola, laguntza behingoan behar duenean, laberinto honetan dauzkagun korapiloak askatzeko, beste batzuen artean, kalkulaezina den Juaristirena badu, bere lekukotasuna arlo politikoan profitatuz, astakeriak eta gaizki esakak nazionalisten aurka erabil ditzan.
Antza denez, azken erditze honetan ikusten den antzo, abertzaleek gizarte honetara kalteak baizik ez dituzte ekarri. Berak, ordea, bere lagunekin batera, oraingokoak, meritu guztiak dauzka, lan izugarria egin baitute. Areago oraindik haiek lirateke demokraziaren izenean aritu diren bakarrak. Berak dioenez gatazka honi buruz ez daukagu ezjakintasuna baino. Baina ahaztu zaio aipatzea, eta ukitu barik uzten du, indioak zapaltzeaz gainera, odoletan bai aurpegi zuriek besteek zeukaten oro lapurtu zietela, hor zegoen gizatasuna suntsitu arteino.
Bestaldetik, Mariok, joran handiz dabilela, Zalditeria berriaren etsai amorratuenak aipatzen ditu: Sabino Arana, Arzalluz, Txillardegi, Krutwig, Setien eta abar. Haiek bakearen prozesua beti oztopatuz, aldez edo moldez, ibili direlako lurraren jabeak bailiran, Onaindia eta bere lagunak baztertuta eta isolatuta utzi ondoren. Indar nazionalistek, beti muturkeria eta zirriparrekin, ez dituzte kontuan hartzen beste guztiak, gatazka asmatu baitzuten bere onurarako, zein den ez dakigun arren.
Politiko "zoli" honen irudikotz, gainera, euskaldunok beti mus jokoa erabiltzen dugu, hordago une guztietan botatzen, Madrilen dagoen botereari preseski, jakin gabe gure jokoak, Europan bezala, tutea izan beharko lukeela. Madriletik datorren dena irentsi dezagun, alegia.
Onaindiak erraten ez badu ere, liburua irakurri ostean ideia bat zabaltzen da: nazionalista guztiak desagertuko balira Arkadia berrian biziko ginatekeela, espainol nazionalismoari esker, berak horrela deitzen ez badu ere.
TOMAS ANGEL GONZALEZ
ZORROTZA (BILBO)